Irakurle taldeen mapa Hitzen Uberanen

Euskal Idazleen Elkarteak sortutako Hitzen Uberan webgunean “Irakurle taldeen mapa” jarri dugu abian. Atal berri honen helburua unean uneko Irakurle Taldeen dinamika marraztea, martxan dauden taldeen programazioa agertzea, haiekin harremanetan jartzeko erraztasunak ematea eta egindako lanaren artxibo lana egitea da. Orain arte 64 talde ezberdinen lana da zerrendatzen hasi garena.

logo Uberan

Atal berri bat jarri dugu martxan Hitzen Uberan webgunean, ohiko moduan Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez, eta kasu honetan Digitalidadea enpresaren lanari esker. Hilabete batzuk daramatzagu atala elikatzen, aurretik agendan egindako lana biltzen, hitzordu berriak sartzen, datuak eguneratzen eta irakurle taldeekin harremanetan jartzen. Nabarmentzekoa da bide horretan ezinbestekoa zaigula Irakurle Taldeen konplizitatea eta kolaborazioa.

Irakurle Taldeen laguntzari esker

Irakurle Taldeetako antolatzaileek bidalitako informazioari esker hari gara osatzen, apurka-apurka, euskarazko “Irakurle taldeen mapa”. Irakurle Taldeetako antolatzaileei eskatzen dieguna honakoa da: haiei buruzko harremanetarako datuak eguneratuak dauden baieztatzea (emaila, telefonoa, webgunea -edukiz gero-, gidariaren izena -agertu nahi izanez gero-) eta antolatzen dituzten hitzorduen berri ematea. Helbide honetan jaso ohi ditugu Hitzen Uberaneko lantaldekook informazioa: hitzenuberan@gmail.com

Baztango irakurleak

Irakurle taldeen mapa”ren helburuak

Interneten 111 Akademia edo Literatur Emailuak proiektuetako agendetan urtez-urte egiten ari diren lan itzelari posible zaigun beurrian gure ekarpena egin nahi genioke atal berri honen bitartez. Orain arte era guztietako ekitaldiak jaso ditugu Hitzen Uberaneko agendan: liburu aurkezpenak, hitzaldiak, errezitaldiak, ikuskizunak, erakusketak, jardunaldiak, eta noski, irakurle taldeetako hitzorduak. Haiek guztiak jasotzen jarraitzen dugu, baina irakurle taldeen kasuan maparen atalarekin informazio horretan sakontzea da gure asmoa.

Atalak eskaintzen duen informazioa

-Jardunean dauden eta egon diren taldeen zerrenda. Unean-unean programazioa daukatenak letra lodiz nabarmentzen dira.

-Irakurle Talde bakoitzarekin harremanetan jartzeko datuak, eta edukiz gero haien ekimenen berri ematen duten webguneetara loturak.

-Talde bakoitzaren atalean orain arte egin dituzten ekitaldien zerrenda (Uberanen jaso dugun heinean) eta egiteke dituztenen zerrenda.

-Lurraldeka dagoen errealitatea eta dinamika bisualizatu ahal izatea.

Informazio honen guztiaren bitartez unean-unean antolatuta dauden hitzorduez gain, etorkizunean egindako lanaz, aztertutako liburuez eta egileen obraz azterketak edota ikerketak egin nahi dituenaren lagungarri izatea nahi genuke.

Albiste hau baliatu nahi genuke Irakurle Taldeei eskerrak emateko, jasotako kolaborazioagatik eta haien programazioekin egiten duten lanarengatik.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.