Eider Eibarren erakusketa inauguratuko dute Durangon

Eider Eibarrek Barrukoa (Argitaletxea Edo!, 2015) liburua aurkeztu eta bertako materialekin osatu duen “Barrukoa kanpotik” erakusketa inauguratuko du ostiralean Durangon, Arteka liburu-dendan.

Barrukoa Eider Eibar

Hitzordu bikoitza antolatu dute ostiral honetan 18:30ean Durangon, Arteka liburu-dendan, Barrukoa liburuaren inguruan: Eider Eibar egileak liburua aurkeztuko du, eta bertako irudiekin osatutako erakusketa inauguratuko du bide batez.

Liburu-denda txikia da Arteka, baina liburu eskaintza guztiak artez aukeratutakoak. Garrantzia handia ematen diote, kasu, irudigintzari, irudi-objektuari… horren adierazle da pareta oso bat erakusketei gorde izana. Eider Eibarrek Argitaletxea EDO!ren eskutik aurten plazaratu duen Barrukoa liburuko irudiek jantziko dute pareta hori, abendua eta urtarrila osoan. Erakusketan ikusgai jarri ditu liburuko marrazki bakoitzera iristeko emandako pausoak eta, beraz, Barrukoa liburuko ilustrazio orijinalak erakustearekin batera, bozeto, zirriborro, saiakera eta alde batera utzitako materiala ere aurkeztu du.

EDO! Arteka

Honatx liburuari buruzko informazio osoa:

“BARRUKOA Eider Eibarrek bakarka argitaratu duen aurreneko liburua da. Aurrez, haur literaturako makina bat liburutarako marrazkiak egiten aritu da, beti ere beste idazleek sortutako kontakizunetako testuak ilustratzen. Oraingoan, ordea, irudiekin bakarrik osatu du kontatu nahi zuen istorioa, testurik gabe, eta aspaldidanik buru barruan izan dituen irudiak kanporatu eta guztiei zentzu eta hari narratibo bat eman die.

BARRUKOA bidaia bat da finean, barrura begira egindako esplorazio edo miaketa. Neskato bat dakusagu lehendabiziko orrialdeetan.

Bere gurditxoko arkatz eta margoekin lurra marrazten hasiko da eta halako batean, ezustean, burua sartuko du bere marrazkietan, ostrukek burua lur azpian sartzen duten gisara. Ez, ordea, bere burua ezkutatzeko asmoz, arakatzeko intentzioz baizik.

Eta burua BARRUKOAn sartzearekin batera, eroriko bat izango du neskatoak, Aliziak untxiaren gordelekuan izaten duenaren antzekoa, baina marrazkien barrualdera jauzi eginez eta, hein batean, baita marrazkilariaren baitara ere. Hori bai, ikusi egin beharko da nola aterako den neskatoa barrutik kanpora…

Izan ere, xehetasunez gainezka egiten duten ilustrazioek osatzen dute BARRUKOA eta kontatzen duten istorioaz gain, ilustrazio bakoitzak bere izaera propioa duela ere esan daiteke”.

Ahotsenean ere aurkeztuko du Eider Eibarrek liburua: abenduaren 5ean 11:00etan, argitaletxe berak plazaratu duen Mariama Bâ-ren Hain gutun luzea lana aurkeztuk oduen Josune Muñozekin batera.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.