Aste honetan liburu aurkezpen ugari

Durangoko Azoka gainean dugun honetan, asko dira egunotan aurkezten ari diren liburuak.  Albiste honetan zerrndatu dizkizuegu haietako batzuk.

liburuak2

Asko dira azken asteetan aurkeztu diren liburuak, eta Durango gero eta gertuago dagoen heinean aurkezpenak abiadura bizian pilatzen doaz, titulu berriekin, argitaletxeen azoka aurreko azken ahaleginekin, idazleen azken ekarpenekin. Pasa den astean bertan eduki dugu zer kontatua: Gotzon Barandiaranek Gidariaren okerra nobela aurkeztu digu, eta itzulpenen arloan Gerardo Markuletak eta Meettok argitaletxeak Michel Houellebecqen Sumisioa nobela aurkeztu dute. 

Saiakeraren arloko nobedadeek zabaldu dute astea, atzokoan plazaratu diren hiru titulurekin: Patziku Perurenak Hilen xarma aurkeztu du Elkar argitaletxearen eskutik; Eduardo Apodakak Identitatea eta anomalia eta Mitxelko Urangak Tartaroa: mina, boterea eta egia saiakerak plazaratu dituzte Pamiela argitaletxearen eskutik. Genero-arteko eremu batetik, eta autoedizioaren bidetik, aurkeztu zuen atzo ere Txerra Rodriguezek Sutondoko kontuak.

Fikzioari dagokionez, aste honek egile ezagunen azken lanak ekarriko dizkigu. Gaur goizean bertan aurkeztuko dituzte bi lan hauek: Patxi Zubizarretaren Laranja bat zaborretan aurkztuko du Elkarrek, Anjel Lertxudiren Zu Ereinek. Ipuin liburu berriak ere helduko zaizkigu egunotan: bihar Xabier Montoiaren txanda izango da Hondamendia izeneko ipuin liburua plazaratuko du Elkarren eskutik, etzi berriz Harkaitz Canorena Beti oporretan ipuin bildumaren aurkezpenarekin Susaren eskutik.

Horiez gain, Fermin Etxegoienek Urpekariak izeneko lana aurkeztuko du gazteei zuzendurik Ereienk duen sailean, eta Jon Arretxek abenturazko lan berri bat euskaraz eta gaztelerazko edizioetan: Estolda jolasak, Ereinekin hau ere.

Datorren astean ere Durango aurreko azken orduak baiatuko dituzte argitaetxeek liburuak aurkezteko, haien artean da Ramon Saizarbitoriaren azkena: Lili eta biok nobela, Ereinek plazatuko duena.

Aipatutako liburuen sinopsiak

gidariaren_okerra

Bahiketa baten istorioa da hau, burua galtzeko zorian dagoen taxista batek antolatua, konplize dituela bere iloba lehenik eta diru premiaz dabilen argazkilari bat gero. Bilbora datorren ikerlaria atzeman, balio bereziko informazio medikoa erauzi eta akabo. Baina zer gertatu zen benetan? Argazkilaria ez dago seguru. Saiatzen da memorian dauzkanak kontakizun koherente batera ekartzen, nahiz eta bahiketako kideen amarruek eta sekretuek nahasgarri bihurtzen dituzten egiak eta gezurrak, errealitatea eta irudipenak.

SUMISIOA_MODIF_50_C6nNNT

Gure garaitik nahiko gertuko Frantzia batean, gizon batek karrera unibertsitarioari ekiten dio. Irakaskuntzarako motibazio gutxi, eta bizimodu aspergarri baina lasaia espero du, drama historiko handietatik babestua. Hala ere, herrialdean jokoan dauden indarrek sistema politikoa pitzatu dute, lehertzeraino pitzatu ere. Izualdirik, benetako iraultzarik gabeko eztanda hori, amesgaizto baten modura garatuko da.

18_HILEN XARMA_AZALA_172x240.indd

Azken 300 urte inguruan, Leitza eta inguruetan gertatu diren heriotza bortitzen berri jaso du Patziku Perurenak, bilketa historiko eta etnografiko itzel baten bitartez: batetik, udal, epaitegi eta elizetako artxiboak arakatu ditu; bestetik, herriaren memoria jaso, zaharrekin konfidantzan izandako solasaldi luzeen bitartez. Horrela osatu du bilketa mardul eta harrigarri hau, Nafarroako ahozko euskararen kolore eta zaporez ondua.

identitatea eta anomalia

Euskal identitate-­bizitzara hurbildu eta haren praktiken bideragarritasuna aztertzen du entsegu honek. Identitatea, berariaz edo oharkabean, eguneroko jardunetan nahiz jazoera berezietan, sortu, negoziatu, landu eta bizitzen den kode berezi bat da. Praktiketan zertzen den sentiera berezi bat, hain zuzen. Horregatik, identitatea deritzegu gure mundua egituratu eta zentzu komunez betetzen duten praktikei.

Halakoa ote dugu euskal identitatea? Euskal zera lantzean behin identitate mailara iristen bada ere, gehienetan arauzko identitate nagusiaren baitan egokitutako diferentzia izatera mugatzen da. Ez beti, ostera. Sarritan identitate orokorra arrailtzen duen anomalia gisa jarduten du eta. Eta hor du bizi-­kemena, hor du zentzu bizigarriena. Izan ere, euskal identitatea ere kode bat da, sentiera bat; edo hobeto esan, hainbat kode, hainbat sentiera, beti euskal horren inguruko gatazka eta antagonismoan, zein nagusituko borrokan. Antagonismoak biziarazi eta mamitu du euskal zera. Batez ere, identitate nagusiari oldartzen zaizkion praktika anomaloek sortutako zeinu eta zentzuen bidez.

Zein nolako ahalmena izan dezakete gaur-­gaurkoan praktika anomaloek zeinuak eta zentzuak sortzeko? Nola izan eta nola sortu oraingo zentzu-­logiketan? Zer behar dute, garai hipermoderno hauetan, bizigarri eta beregain izaten jarraitzeko? Hori bera da, hortaz, entsegu honen nahia: paradigma sozial hipermodernoan euskal identitatearen bizitasuna eta, oso bereziki, bizi-­indarraren baldintzak zein diren galdetzea eta aztertzea.

tartaroa

Desertua geroz eta handiagoa da, kuantitatiboki zein kualitatiboki; ez dago, ordea, desertuari muzin egiterik. Desertua gainera etorri zaigu, berriz ere, eta ez dago ihes egiterik. Zorigaitza, atsekabea eta tristura nagusitu dira paraje lehor honetan, eta ez dirudi mugarik ezagutzen duenik. Leku guztietatik mundu hau posibleen artean hoberena dela eta kexatzeko arrazoi nahikorik ez daukagula entzun ohi dugun arren, sintomatologiak ez du holakorik adierazten. Zoriontasuna inoiz baino gehiago eta nabarmenki ospatzen duen kultura eta garaia bizi omen dugu, paradoxikoki zoriontasunaren behar handien duen kultura denean hain justu. Ustezko zoriontasun hipermodernoa desertuko baldintzek eragindako ilusioa baino ez da, espejismoa. Basamortuko gizarte mingarrian bizi gara egun, eguzkiaren eta harearen arriskuen menpe. Ongi etorri desertura!

sutondoko kontuak

Txatalez osatutako liburua duzu hauxe, irakurle. Sutondoetan izaten diren elkarrizketen antzera, anabasa nagusi dela ematen du orri hauetan. Hala ere, dena hari ikusezin batek lotzen du: soziolinguistikak eta haren dibulgazioak. Izan ere, soziolinguistikaren erpinetatik edan, digeritu eta zuei botatakoak dira berba hauek guztiak.

Istorioak txirikordatzen dira liburuan, batzuetan umore beltzetik, beste batzuetan gordinetik. Josi eta jostatzen. Utopiatik errealitate gordinera, ametsetik ezintasunera maiz. Baina ilusioak eta kemenak blaitzen dituzte liburu honen istorioak.

Liburuan, gainera, ez dago disimulurik. Sutondoko lapikoetan zer dagoen argi erakutsi nahi izan du egileak, bere ikuspuntua argi utzi du, han eta hemen egin dituen lapurretetan, baita berak esandakoetan ere.

Sutondora batu eta supazterrera arrimatu, su berriak pizten eta su zaharrak mantentzen. Garenaren eta izan nahi dugunaren arteko amildegian zorrotz. Berbatik berbara saltoka adarrik adar, baina euskaltasun berriaren enborrari lotuta.

32_Laranja bat zaborretan_azala.indd

Toki pobre edo aberats batean ote zauden jakiteko, begiratu zakarrontziei. Zikinkeriaren ordez zakarrontziak ikusiz gero, ez pobre ez aberats izango da: turistikoa, horixe. Zikinkeria zakarrontzirik gabe ikusiz gero, pobrea derrigorrean. Eta jendea zikinkeria artean bizi baldin bada, oso-osoa pobrea izango da. Aipu honek ematen dio hasiera Patxi Zubizarretaren ipuinari. Egiaz, zikinkeriaz betetako munduko herri pobre batean gertatutako istorio harrigarri bezain ederra da hau.

zu

2012ko uztailaren hemeretzian aldatu zen betiko liburu honetako protagonisten bizitza. Narratzailearen emazteak pankreako minbizia du.  Aurrekoaren ifrentzu bihurtuko zaie handik aurrera bizitza, haren erresumako biktima apal izatera pasatuz. Orduantxe sortzen da “Zu”, eta bere eguneroko bizitzak zer ikusi gutxi izango du iraganekoarekin; haren itzala da, ezinbestean barrendu da, zorigaiztoko diagnostikoa eskutan –nola klasikoengan “urrezko abartxoa” itzalen mundurako pasaporte–, bizitza berrira, xumera, zenbatez zinezkoagora, premiak behartuta, intentsoago, tristeago, abailduagora. Bizitzaren dimentsio ezezagun eta berria.

Itzal eta bidelagun ugari aurkituko ditu narratzaileak erresuma berriko galerietan barrena, hala nola Thomas Mann-en Mendi magikoan, Albert Camus-en Izurritean edo Susan Sontag-en liburuetan. Haien protagonistak ere sufrimenduaren biktima izan ziren, eta beraz, erresuma bereko itzalen artean, gaixoen artean, bizi dira. Denen artean eraikiko duten unibertso literarioak dimentsio berria hartzen du, eta hango onkologo, doktore eta erizainak Xabier Letek ere maiz igo behar izan zuen “Ene mendi”ko protagonistak bihurtzen dira, nobela liluratu baten protagonistak. Betiere andrearen poz, ilusio eta malkoen atezuan. Baina ez al dago ba salmoetan idatzita Jainkoak gure malko guztiak gordeko dituela? Jakin dakigunean gureak ez direla egongo haien artean, literatura izango dugu kontsolamendu.

Bizitzaren udazkenean sakontzen duen nobela da Anjel Lertxundiren hau, heriotzaren ezinbestekotasuna bizitzaren liluraz hesitu nahi agonikoa.

339_Hondamendia_AZALA.indd

Hondamendia deitzen da Xabier Montoiaren ipuin liburu berria, eta izenburuko horixe da, hain zuzen, bilduma osatzen duten istorio guztiak biltzen dituen sentipena: txikizioa eta gainbehera. Hiru partetan dago zatituta: Hitzaurrea deritzan lehenengoan, planetaren historian zehar, une eta leku jakinetan gertaturiko deskalabruak kokatzen zaizkigu: Adam eta Eva Paradisuko baratzetik egotzi ostekoa, Erdi Aroko izurriak, XX. mendeko totalitarismoek ekarritako zoritxarrak, lehergailu atomikoaren ingurukoak… Etorkizun zoragarri honetan izeneko bigarren atalean, gaur egun kokaturiko hondamenak agertzen zaizkigu, guztiz giro desberdinetan. Betiko gaua du izena akabukoak, eta etorkizun hurbil nahiz urrun batean irudikaturiko amesgaiztoak aurkituko ditugu bertan.

beti-oporretan

Uda, asteburu luzea, txangoa. Geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia. Atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea.

Itsasoa, erreka, igerilekua, hondartza, irla… nabarmen urtarrak eta naturaren atseginari lotuak dira narrazio hauetako asko. Baina bizipozaren ifrentzuak ere badu bere taupada: iraganeko zoriona berritu ezinak dakarren sosegu eza. Zoriontsuak izan ginen lekuetara ez itzultzea gomendatzen dute zuhurrenek. Nola eutsi tentazioari, ordea, noizbait paradisu txikiren bat ezagutu baldin badugu?

urpekariak

Aita-semeak Gironako herri turistiko batera joan dira udako oporretan. L’Estartit herrian ostatu hartu eta gertu dauden Meda uharteetara doaz beren urpekaritza bataioa egitera. Itsas bidaiatxoan, ama-alaba batzuk ezagutu dituzte, eta bi gazteen artean begiradak gurutzatzen dira. Jonanentzat zoragarriak izango dira handik aurrerako egunak, eta aita pozik dago semearen bizi-poza ikusita. Baina, bere zoriontasun beteenean, semea ohartzen da aitaren bakardade puntuaz; alai dago aita, bai, baina atsekabetasun igurtzi hori disimulaezina du.

Jonanek, bizi duen zoriontasun apartsutik, aitaren loari begiratzen dio erruki puntu batez, eta, seguruenik lehen aldiz, aitarenganako sentimendu ulerbera du. Irakurtzekoak dira bien arteko dialektika, bien arteko bat etortze eta eztabaidak.

Gurasokeriarik gabe idatzitako eleberri txalogarri honek berekin dakar nerabezaro zein gaztaroan ohiko izaten den iniziazio-prozesua.

Estolda jolasak

Tourek hondoa jo du, ez du bizirik jarraitzeko adorea ematen dion ezer. Oinazeak itsutu egin du, eta mendekua baino ez du gogoan. Ez du ondorioetan pentsatu, eta deportatu egingo dute, azkenean. Baina berak ez du imajinatu ere egiten zer duen zain bere jatorrizko Afrikan. Bere burua aurkituko du berriro han; oraindik ere ondo sentitzen da kultura eta gizarte hartan, nahiz eta dagoeneko ez den etorkizun hobe baten bila joandako gizon bera. Alou, Aisha eta Yakouba pertsonaietan hezurmamitzen da afrikarrengan ohikoa den abegi ona. Horiek izango ditu alboan burkinafasoarrak bere bizitzaren etapa berri honetan, zeinetan bizi iraupena izango duen berriro ere leitmotiva, batez ere protagonistari gainera datorkion mehatxu izugarriaren aurrean, ihes frenetiko bati ekin beharko baitio.

lili eta biok

Ondarretako uretatik atera eta toallarekin lehortzen ari den bainulariari begira dago gizona. Gaixo egon arren, ez du Faustino Iturbek, psikologo ohi eta idazleak, erakarmenik galdu emakumeentzat. Sexualitate baldar eta grinatsutik aske, lasaiago sentitzen dira emakumeak bere ondoan, afektuaren eta aitormen atseginaren samurrean. Gauzak horrela, Ana psikologoaren maitasun-jazarpen tematiak asko du umoretik, are komikotasunetik ere.

Anaren bidez ezagutzen du Faustino Iturbek Lili, hamabost urteko neska bizkorra, baina nerabezaroaren krisialdian bete-betean sartua. Kalez kale garatutako solasean, gurasokeriarik gabe, eta neskaren galdera, zalantza eta jakin-minaren aurrean ulerbera agertzen delako idazlea, Otzeta eta Gerra Zibilaren garaiko sekretu baten jakitun egingo du Lilik. Juan Aramendia falangista nafarraren sinadura erakusten dio Lilik idazleari, aitonaren poesia-liburu batean. Handik aurrera nobelaren tramak abiadura bizia hartzen du, isilpeko istorio traumatikoak ere kanporatuz, baina batik bat, isil-gordean  iraun duen maitasun istorio erromantiko triste eta ezinduaren mataza harilkatua. Donostiatik Otzetara eta Otzetatik Donostiara, gaur egundik Gerra Zibileko gertalekuetara oihartzun eginez, eta Intxortako parajeetatik egungo bizitzara. Batetik bestera, leku eta denboraren jauzian garatuko da nobela distirante hau bikain amaitzeraino.

Idazle handi batek dakiena baino gehiago esaten du bere liburuetan. Eta Ramon Saizarbitoriak asko daki, baina gutxitan garatu du honako honetan, Lilirekin batera, eta bizitzari begira, erakusten duen samurtasuna. Belaunaldi zaharragoak ondorengoari transmititu nahi liokeen ondare egiazkoena.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.