Obaban barrena paseatzeko

Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak Muskerraren bidea zabaldu dute

Muskerraren bidea Obaba literarioa eta Asteasuko herria bateratuko dituen proiektua da, Bernardo Atxagak, Donostia 2016k eta Asteasuko Udalak elkarlanean sortua. Toki zehaztugabea da Obaba, eta bertan daude kokatuta Bernardo Atxaga idazlearen narrazio ezagunetako zenbait, hala nola Sugeak txoriari begiratzen dionean (1984), Bi anai (1985) eta, bereziki, Obabakoak (1988). Asteasutik abiatuta, Obabako lurralde horretan barrena murgiltzen den pasealekua da Muskerraren bidea. Hala, pausorik pauso, Bernardo Atxagaren lana eta Asteasuko paisaia ezagutzeko aukera ematen du bi kilometro inguruko ibilbideak. Pasa den larunbatean egin zen inaugurazio ekitaldia.

Muskerrarenbidea1

Bi kilometro inguruko bidean zehar, zazpi panel aurkituko ditu ibiltariak. Bertan, Asteasu-Obaba lurraldeari lotutako kultur gaiak azalduko dira, bertako pertsonaiei buruzko azalpenekin batera. Horietako batzuk panelean irakurgai egongo dira, eta beste zenbait QR kodearen bitartez zabalduko den web orrian entzungai. Proiektu honen baitan, Muskerraren bidea gida literarioa ere argitaratuko da.

MuskerrarenBidea2

Muskerraren bidea DSS2016EUren Elkarrizketak lerroaren baitan kokatzen da; “alegia, tokiko eragileekin aliantzak sortu eta kultur hiriburuaren balioekin bat datozen proiektuak garatzeko programazio-lerroarekin. Izan ere, Donostia 2016k hiritik haratago doan lurraldea barne hartzen du, eta eremu zabal horretan utzi nahi du arrastoa”.


Ibilbidearen inguruko gida literarioa

Bernardo Atxagarekin eta Asteasuko Udalarekin elkarlanean gauzatutako Muskerraren bidea prozesu parte-hartzaile batetik abiatu den proiektua da; “bizimodu osasungarri baten alde egiten duen kultur egitasmoa, zeinek literaturaren arloan dauden sentsibilizazio eta sustapen artistikorako beharrei erantzuten dien”. Modu horretara, Asteasuko idazlearen literatur lana eta mundu sinbolikoa publiko orokorrari zabaldu nahi zaio.

Egitasmoak, bestalde, eta “Donostia 2016ren espirituari jarraiki”, ondare bilakatuko da: Asteasuko geografian txertatuko den pasealekua izango da Muskerraren bidea gida literarioa.

Bideoa: aiurri.com

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.