Hondamendiak atzo, gaur eta bihar

Ipuin-liburua argitaratu du Xabier Montoiak, Elkar argitaletxearekin: Hondamendia

Hemeretzi ipuinez osatutako bilduma aurkeztu zuen atzo Xabier Montoia idazleak, Hondamendia izenburu eta ardatz. 3 ataletan banatuta dago liburua, iraganeko, orainaldiko eta etorkizunek hondamendien ipuinekin. Gaia zergatik jorratu duen galdetuta, gaur egun oos presente dagoela uste du Montoiak: nabaritzen dugu guk ezagututako munduaren akabera dela hau, eta beste zerbait datorrela, ezezaguna. Hala ere, iruditzen zaio gure aurrekoek ere bizi izan zutela horrelakorik. Estiloari dagokionez,  autoreak errealismoarako joera izan du beti, hala irakurle nola idazle gisa, baina bilduma honetan, lehenengo aldiz, elementu fantastikoagoak agertu zaizkio.

hondamenda-197x300

Atzo goizean aurkeztu zuen Xabier Montoiak Hondamendia ipuin-liburua, Elkar argitaletxearen eskutik. Bere ibilbideko seigarrena narrazio-bilduma da. Musikan eta literaturan, bietan aritua da Montoia, eta, hain zuzen, Erroman kontzertu bat egitera joana zela otu zitzaion liburu honen hazia izango zen estreinako ipuina. Arraroa, izan ere, osorik bururatu baitzitzaion istorioa: Terrorista izenekoa.

Hori idatzi eta gero beste zenbait ale sortu zituen, guztiak ere hondamendiekin nolabaiteko lotura zutenak. Gai komun horretaz ohartuta, ardatz horren bueltan idazten jarraitu zuen. Hasieran idatzitako ipuin gehienak bigarren atalekoak dira, alegia, orainaldiko hondamendiei. Montoiaren esanetan, bere betiko ipuingintzaren moldeko ipuinak dira horiek. Iraganeko, alegia, lehenengo atalekoa aleak, hasieratik abiatzen dira, kristautasunaren hasieratik, Adan eta Ebaren istoriotik. Horrez gain, 1936-45 inguruan kokatutako ipuin asko daude. Azken atalean, bi ipuin daude, horixe da atalik laburrena, nabarmen. Ipuinetako batek etorkizun ia apokaliptiko batera garamatza, eta, besteak, aldiz, gertuko etorkizun batera, gure gaurko egunetik ez hain ezberdina. Montoiak esanda, ipuin gehiago geratu dira kanpoan, baina iruditu zitzaion bi horiek ondo adierazten zutela adierazi nahi zuena, eta berak nahi moduan ixten zutela liburua.

Aurreko eleberriarekiko aldeak hartu ditu hizpide Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. Kokapenari buruzkoak, hain zuzen. Izan ere, Azken afaria eleberrian eta beste nobela batzuetan Euskal Herriko egoerari buruz idatzi izan du Montoiak. Honako honetan, ordea, istorioak mundua zehar sakabanatuta daude, eta pertsonaiak ere, gutxi dira euskaldunak. Montoiak ez du aparteko temarik izan horrekin: “istorioak sortu zaizkit, eta horietan ez nuen euskaldunik ikusten”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.