Imanol Epeldek “Etxepare Rap” proiektuko azken emanaldiak iragarri ditu

2014ko maiatzean estreinatu ondoren hogeita hamarretik gora emanaldi eskaini ditu Imanol Epeldek “Etxepare Rap” proiektuarekin. Abenduan azken emanaldiak eskainiko dituela iragarri du bere blogean: Zarautzen eta Leioan ikusi ahal izango da.

retxepare rap


Honako hitzak paratu ditu Epeldek Argiako bere blogean: “heldu da agurraren ordua. Agurrarena edo gero artearena. Aurkeztu nituen kantuek eta jendaurrekoek berea eman dutelako. Baina denborarekin kantu gehiago sortuko ditudala sinetsita. Oso gustura aritu naiz jendaurrean. Eta oholtzara ni bakarrik igotzen banintzen ere, dozenaka dira alboan izan ditudanak. Mila milioi esker on bihotzez zuek denoi”.

Azken emanaldia estreinatu zen herri berean, etxean, egingo du: Zarautzen, Modelo aretoan , Zarauzko ikastolak 50 urte bete dituela ospatzeko ekitaldien barruan. Hauek dira konfirmatutako hitzorduak:

Hogeita hamabigarren saioa:

Lekua: EHU, Leioa

Eguna eta ordua: abenduak 3

Hogeita hamairugarren saioa. AZKEN EMANALDIA

Lekua: Modelo, Zarautz

Eguna eta ordua: abenduak 10, 19:00etan.

(Horiez gain Zarauzko ikasleei eta UHEZIko ikasleei eskainiko dizkie saioak.)

etxepare rap 1

Etxepare Rap” proiektuaren bidean plaza ugari, eta kantak eta uneak. Etxeparek idatzi zuen bezala, “solas egiteko eta kantatzeko eta denbora iragaiteko materiala” eskainiz plazaz plaza. Proiektua abiatzerakoan elkarrizketa egin genion Epelderi, eta honakoa adierazi zigun:

Hitz egileak dira poetak eta hitz egileak dira raperoak. Raparen oinarrian hitza dago, askotan melodiak baino gehiago, zer esanik ez slam saioetan. Horietan osagai nagusia hitza da ehuneko handi batean. Ni horrek erakartzen nau, hitzak erakartzen nau, eta hitzarekin dauden espresiobideak. Antzerkiak ere erakartzen nau, antzerkiak badauka hitza ere, hitzik gabe funtzionatu dezakeen arren. Horiek hunkitzen naute ni, nire jendaurreko saioetarako ere hunkitzen nauten osagaiak edo gauzak erabiltzen saiatzen naiz, rapa izan daiteke, antzerkia izan daiteke, poesia, eta slama ere bai. Horiek dira jendaurrera eramatea gustatuko litzaizkidakeenak, horiekin aritzen naiz lanean.”

Eskerrik asko eta gero arte, Etxepare Rap!!

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.