Igela argitaletxearen udazkeneko uzta

Patrick Modiano, Annie Ernaux eta Eduardo Blanco-Amorren liburu bana ekarri dute

Mende laurdena darama Igela argitaletxeak atzerrietako literaturak euskarara ekartzen. Aurten, urte berezia izan da, aspaldiko erronka bat bete dute-eta. Hain zuzen ere, James Joyce autore irlandarraren Ulises klasikoa argitaratu zuten udaberrian. Xabier Olarrak itzuli zuen. Udazkenerako, beste hiru ale ekarri dituzte: Patrick Modianoren Dora Bruder (Monika Etxebarriak itzulia), Annie Ernauxen Begira zenbat argi, maitea (Xabier Aranburuk itzulia) eta Eduardo Blanco-Amorren Parranda (Ramon Etxezarretak itzulia). Hiru obrei buruzko xehetasunak bildu ditugu post honetan. (Irudian: Annie Ernaux)

B5NqhsqIcAAH1rn

Dora Bruder

Patrick Modiano / Monika Etxebarria

Captura de pantalla 2015-12-23 a la(s) 09.00.23

Argitaletxekoek informazioa hau eman dute, eleberriaren harira:

DORA BRUDER da Patrick Modiano azken Nobel Saridunaren lanik adierazgarrienetako bat. Bilaketa baten historia da. Galdutako 16 urteko neska baten historia.

Frantziaren okupazioaren garaia eta juduek garai horretan bizi izan zutenaren historia gai nagusietako bat da Patrick Modianoren nobelagintzan, bere lehenbiziko eleberritik. Beti-itzulian dabilen gaia da.

Ehunka eta milaka dira horretaz idatzi diren liburuak, baina Modiano zerbait baldin bada, kontatzeko estilo xumea eta bere-berea duen musika apal hori da.

Hona Pello Lizarraldek, Patrick Modianori joan den urtean Nobel Saria eman ziotenean esandakoak:

“Obsesio jakin batzuk ditu Patrick Modianok, eta etengabe agertzen dira bere obran. Esango nuke liburu bakarra idatzi duela bere bizitzan, eta haren bariazioak argitaratu direla”.

“Nire iritziz, bere lanaren muina ez da okupazioa, egunotan esan izan den bezala. Nik uste Paris, esaterako, protagonista bilakatu duela. Labirinto bihurtuta aurkezten du hiria, eta gehienetan kanpotik Pariseko auzoetara etorritakoak hartzen ditu hizpide”.

Dora Bruderrez gain, baditugu euskaraz Modianoren beste bi ale: Udaberri alua (Pello Lizarraldeak berak itzulia) eta Villa Triste (Joseba Urteagak itzulia)

Begira zenbat argi, maitea

Annie Ernaux / Xabier Aranburu

Captura de pantalla 2015-12-23 a la(s) 09.06.02

Argitaletxekoek informazioa hau eman dute, eleberriaren harira:

Urtebetez elikatu du Annie Ernauxek Trois-Fontaineseko zentro komertzialeko Auchan hipermerkatura egindako bisiten egunkaria. “Beste era batera ikusten dira gauzak, idazteko behatzen badira”, idatzi du. Saltoki handien mundua azalduko digu, bada, idazleak. Erosketak egitearen alde “nekagarria” alde batera utzita, beste alderdi bati erreparatu dio Ernauxek: gizakien arteko hitzordu erraldoia omen dira, erabateko ikuskizuna. Sentipen pertsonalik eta oharrik gabeko zerrenda moduko horren bidez, subjektu literarioaren duintasuna iritsi du hipermerkatuak, denok, edo gehienok, joan ohi garen familia-giroko eremu horrek.

Begira zenbat argi, maitea liburuaz gain, Ernauxen beste lau liburu ditugu euskaraz. Hiru, Igela etxearen eskutik iritsi zaizkigu, Joseba Urteagak itzuliak hirurak. Batetik, Pasio hutsa. Ernauxek bere eleberrietan ohi bezala, bere bizitzako gertaera bat hartu eta horren gainean eraikitzen du idazketa-ariketa, giza esperientziaren hainbat alderdi bikain islatuz. Kasu honetan, protagonistaren eta bere maitale baten arteko harreman efimero baina oso apasaionatu hartzen du Ernauxek hizpide. Bigarrenik, Lekua lana aitaren heriotzaren ostean argitaratu zuen, eta harekiko harremanaz hitz egiten du. Gurasoen bizimodua eta protagonistaren zer diren ezberdinak, klasearen aldetik, jorratzen da. Lan horri esker, Ernauxek Renaudot saria jaso zuen 1984an. Hirugarrenik, Gertakizuna eleberria 1960aren bueltan kokatzen da, eta unibertsitateko ikasle baten abortua ekartzen da gogora. Garaiko debekuak eta gizartearen kontrakotasunak gordin islatzen ditu. Txalaparta argitaletxeak 2011n ekarri zuen Emakume bat, Ernauxen eleberria. Itziar Blas Fernandez de Gamarrak euskaratu zuen. Lan honek, Ernauxen ama hil ostean, harekiko harremana eta sentipenak aletzen ditu.

Parranda

Eduardo Blanco-Amor / Ramon Etxezarreta

Captura de pantalla 2015-12-23 a la(s) 09.15.28

Argitaletxekoek informazioa hau eman dute, eleberriaren harira:

A Esmorga, Blanco-Amor berak gaztelaniara itzulia eta La Parranda izenburuarekin 1959an argitaratua Buenos Airesen, ekinaldi bakarrean idatzia da, hilabete pasatxoko epean, “nire haurtzaroko ikuspen erdi-kontziente batek abiarazita”, egileak berak dioskunez.

Parrandan gizarte marjinaleko mundu oso bat agertzen zaigu, prostitutaz, gizaseme arregiz eta gizaseme ez hain elementalez osatutako azpimundua, egun bateko parranda ero batean bildua eta erloju tragiko batek heriotzara bultzatzen duena.

Parranda maisulanak XX. mendean galegozko narratibaren berritzean eragin handia izan zuen, eta Espainiako literaturan modernismoaren lehen zantzuak azaltzen hasi baino lehenago argitaratu zen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.