Mikel Etxaburu: “Hirian ematen diren ez ikusi horiek idatzi ditut; nahi duenak irakurri ditzan”

Blas de Otero Poesia Lehiaketa irabazi du Hiria zainetan poemarioarekin

“Hiria zainetan poemarioan hiria agertzen da: Bilbo, zehazki. Eta esango nuke, begiratzetik ikustera dagoen bidezidorra igaro nahi izan dudala”. Bidezidor hori gauzekiko kontzientzia dela aitortu digu Mikel Etxaburuk:  “Begiratzetik ikustera kontzientziaren zubia baino ez baitago”. Bilboko Udalak sustatzen du Blas de Otero Poesia Lehiaketa. Ondarroako idazleak 5.500 euro eskuratuko ditu eta Ereinek plazaratuko ditu sarituak izan diren poema hauek (argitaratze-data zehaztu gabe dago oraindik). Gaztelaniazko modalitatean, Ramón Pérez Parejok eskuratu du sari nagusia, Gremios poema-sortari esker.

MikelEtxaburuSaria1

Blas de Otero Poesia Lehiaketara euskarazko 10 lan aurkeztu dira aurten. Zer suposatu du zuretzat lehen saria irabazteak?

Tira, Blas de Otero Poesia saria irabazi izanak daukan esangura neurtua da, eta zelan ez, neurri horretan egiten zait pozgarri. Baina poztasun txikiek ere garrantzia handia hartzen dute horren beharrean zaudenean. Beraz, zer den eskaini didana? Bada, ezer baino lehen epaile lanean aritu direnen gustukoa izan dela –horrek asetzen nau-,  bigarrenik, diru-sari polita dela eta horrek mesede egingo didala -baita nire familiari ere-, eta hirugarrenik, argitaratu egingo dutela –berez, horretarako idazten dugu, besteek irakurri ahal izateko-. Total, norabide anitzetan eragiten duen bultzadatxoa da, horixe da eskaini didana, eta horregatik nago pozik.

Hiria zainetan poema sortari esker eskuratu duzu lehen saria. Nola definituko zenuke saritua izan den poemarioa?

Aurreko bi liburuetako gai nagusia kartzela izan da, hor nenbilen; eulia kakari jira eta bira. Eta banuen beharra errotonda horretatik burua ateratzeko; nahiz eta oraindik kakak kiratsa darion eta eulia zirkuluetan dabilen. Banuen beharra bestelako gai bati eutsi eta neure buruari esateko: ondo, Mikel, bazara gai beste ahots batzuk entzun eta horiek testuratzeko, ez zaude gor; eta hori ona da. Hiria zainetan poemarioan hiria agertzen da: Bilbo, zehazki. Eta esango nuke, begiratzetik ikustera dagoen bidezidorra igaro nahi izan dudala. Bidezidor hori gauzekiko kontzientzia da; begiratzetik ikustera kontzientziaren zubia baino ez baitago. Horrek, hurkoaren zirkunstantzien zati sentiarazten zaitu; errudun ere bai askotan. Eta erruduntasun hori ekiditeko, gehiengoa, begiratzearekin konformatzen gara. Geure burua babestu behar omen dugu, eta horrela, gure inguru hurbil-hurbilean dauden hainbat egoera lazgarri begiratu bai baina ez ikusiarena egitea egokiago zaigu bizirik irauten jarraitzeko…. Hirian ematen diren ez ikusi horiek idatzi ditut; nahi duenak irakurri ditzan.

Saritutako poema hauek noiz irakurri ahal izango dugu?

Egia esan, ez dakit noiz argitaratuko den. Dakidana da Erein argitaletxeak argitaratuko duela. Eta noizko? Ba… momentuz ideiarik ere ez. Imajinatzen dut udaberri aldera edo izan daitekeela, baina badiotsut, ez dakit.


“Urratsez urrats noa”

42 urterekin hasi zinen poesia argitaratzen. 2011n, Zu zara orain txoria (Elkar) liburua plazaratu zenuen Elkarrekin. 2014an, Hodeiak zapatetan (Susa) plazaratu zenuen. Aurten, Blas de Otero saria irabazi duzu. Hamarkada oparoa osatzen ari zara ezta?

Bai, baina ez du asko esan nahi. Agian hurrengo 40 urteetan ez dut ezer gehiago argitaratuko, ezin jakin. Ez da hori kontua, kalitatea ez baita beti pisura neurtzen. Ni, hala ere, gustura nago neure buruarekin. Ez dut hori ezkutatuko. Urratsez urrats noa… norabait. Eta urrats bakoitzean aurrekoaren zeozer desberdina bilatzen saiatzen naiz, horixe da nire buruko minik zoliena: zelan hobeto idatzi, zelan adierazi modu eraginkorragoan, zelan indartu nire ahotsa… nahiz eta askotan min hartu, eta nahi baino gehiagotan min egin. Finean, susmoa daukat, zeozertan hasi baino ez naizela egin.


Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketa

Sarituak

Abenduaren 17an egin zen sari banaketa. Eskubitik hasita, bigarrena da Mikel Etxaburu. Blas de Otero Poesia Lehiaketaren gaztelaniazko modalitatean, Ramón Pérez Parejok eskuratu zuen sari nagusia, Gremios poema-sortarekin (argazkia: uriola.eus).

Ekitaldi horretan bertan, Miguel de Unamuno Saiakera Lehiaketaren XVI. edizioko irabazleen berri eman zen. Euskarazko sailean, Joseba Gabilondo idazleak jaso zuen sari nagusia, Globalizazioak eta erdi aro berria: diferentzien itzuleraz lanarengatik. Gaztelaniazkoan, Encarna Alonso Valeroren Mujeres en vanguardia. Escritoras y artistas en la España de preguerra izeneko azterlana gailendu zen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.