Egonaldi artistikoak Poloniako Wroclaw hirian

Donostia 2016 eta Etxepare institutuak deialdia zabaldu dute

Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egiteko aukera izango dute bi artistak, Etxepare institutuak bere webgunean jakinarazi duenez. 6-8 astetako egonaldi bat egiteko aukera izango dute, honako alor hauetan dabiltzan artistek: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak. Maiatza eta uztaila bitartean egingo da egonaldi hori, eta zabalik da proiektuak aurkezteko epea. Otsailaren 29ra arte igor daitezke lanak. Hirugarrenez egin dute deialdi hau. Hain zuzen, iaz, Matxalen de Pedro, Goiatz Labandibar eta Maialen Sarasua sortzaileak izan ziren Polonian. (Irudia: Wroclaw-eko merkatu-plaza. Iturria: Wikipedia).

Wroclaw_1

Donostia 2016 eta Etxepare Institutuak elkarlanean jardun izan dute, eta elkarlan horren fruitu da Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoa egiteko aurtengo deialdia ere. Hirugarrenez antolatu dute ekimen hau, Wroclaw eta Donostia lotzen dituena. Hain zuzen, Wroclaw ere Europako kultur hiriburua izango da 2016an, Donostiarekin batera.

Esan moduan, hautatutako artistek aukera izango dute 6-8 asteko egonaldia egiteko Polonia mendebaldeko hiri horretan, maiatz erdialdetik uztail erdialdera. Hainbat alorretako artistek izango dute parte hartzeko aukera: arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoak. Antolatzaileen esanetan, honako hau da erresidentziaren helburua:

“Bi sortzaile hauek Wroclaw/Donostia 2016eko Europar hiriburuetako ildoak oinarritzat hartuz, Poloniako hiri honetan eragin artistiko eta kulturala izango duen proiektu bat garatzea. Esku-hartze artistiko edo kulturalak artearentzat ohikoak ez diren auzo eta lekuetan eginez, eragile edo hiritar kolektiboen lankidetza edo parte hartzea bilatuz, edota ezezagunak edo baztertuak dauden errealitateak ikusaraziz”.

Deialdian parte hartzeko zenbait baldintza bete behar dira, hala nola:

– Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona fisikoak izatea, edo bere lan artistikoa euskaraz garatzen duten sortzaileen kasuan helbidea euskararen eremu geografikoan izatea.

– Ibilbide artistiko esanguratsua duten sortzaileak izatea

- Wroclaw/Donostia 2016ko Europar hiriburuetako ildoekin lotura duen proiektu edo ideia bat proposatzea, eta proiektu edota ideia hori beste sortzaileekin partekatzeko borondatea eta asmoa izatea. Artista bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du.

– Ingelesez edo polonieraz moldatzea kontuan hartuko da.

– Poloniar eragileen parte-hartzea proiektuan era positiboan baloratuko da.

Deialdiari buruzko informazio osoa hemen lor daiteke.

Iazko proiektuak

Iaz, hiru sortzaile joan ziren Wroclawera, tartean, Goiatz Labandibar idazlea (gaiaren harira, elkarrizketa egin genion atari honetan).

Goiatz Labandibar


Matxalen de Pedro


Maialen Sarasua

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.