Hainbat lehiaketa, kontakizunen esperoan

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. Beraz, ideia bati heldu eta ipuin itxura emateko bada denbora oraindik. Mikel Zarate VII. Sarian aurkezteko azken eguna apirilaren 30a izango da.  Gordexola Harana XXVI. Ipuin Lehiaketan, ordea, amaitzear da epea. Lanak urtarrilaren 30a baino lehen igorri behar dira Lucio Beraza Kultur Etxera.

gabrielaresti

Euskarazko gero eta testu gehiago iristen dira Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketara. Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Kultura Sailak “literatur sorkuntza sustatu eta, aldi berean, euskal hizkuntzak eman duen idazle garrantzitsuenetako baten irudia eta lana ezagutarazi nahi ditu”.

Aurreko edizioetan bezalaxe, honakoan ere gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte, espazio bikoitzean, eta alde bakarretik idatziak. 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko akzesit bi banatuko dira modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan literatur munduko pertsona ezagunek osatuko dute epaimahaia. Lanak aurkezteko epea martxoaren 31n amaituko da. Oinarriak eta parte hartzeko buletina helbide honetan topatuko dituzue: www.bilbao.net/arestilehiaketa

katixa_agirre

Katixa Agirre saritu zuten iaz

2015eko aurreko edizioan, Katixa Agirre Miguelez nagusitu zen euskarazko kategorian, “Hesperia, California” kontakizunarekin. Ipuinaz eta lehiaketa honetaz aritu ginen abendu partean Katixa Agirre berarekin hizketan. Esteka honetan duzue elkarrizketatxoa: “Zortetik asko dauka lehiaketa bat irabazteak”.

Gaztelaniazko ipuinen sailean, Elena Alonso Frayle izan zen saritua, “Misericordia” kontakizunarekin. Gainera, “Gente tan afín” kontakizunari esker, egile honek berak lortu zuen epaimahaiak emandako akzesitetako bat.

Iazko edizioan, 379 lan aurkeztu ziren, horietako 63 euskaraz, eta gainerakoak gaztelaniaz.


Gordexola Harana Saria

Aipatu dugun moduan, Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketan aurkezteko azken eguna martxoaren 31n izango da. Gordexola Harana XXVI. Ipuin Lehiaketan, ordea, amaitzear da epea. Lanak urtarrilaren 30a baino lehen igorri behar dira Lucio Beraza Kultur Etxera. Gaia librea izango da. Baina “lanak baloratzerakoan irudimena, sormena eta itxura hartuko dira kontuan”. Saritutako ipuinak liburu elektroniko batean argitaratuko dira.

Adinaren arabera, kategoria ezberdinak daude. Badira, halaber, herri nahiz eskualde mailako irizpideak kategorizazio horretan. Baina baita literaturzale orori eskainitako kategoriak. D kategoria 21 eta 30 urte artekoei zuzendua dago, eta E kategoria 30 urtetik gorakoei zuzendua.

Formatoa, ipuinaren luzera, nola eta nola egin bidalketa… Xehetasun gehiago topatuko dituzue www.gordexola.net web gunean. Oinarriak ESTEKA HONETAN.


Mikel Zarate VII. Saria

Zarate

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak Mikel Zarate Lehiaketaren deialdi berri bat iragarri dute. Haurrentzako irakurgai berriak sortu eta idazleen lana bultzatzeko xedez antolatu dute. “Euskal kulturaren alde lan itzela egindako lezamar idazlearen gomutaz”, Elkarrek prentsa-ohar bidez zehaztu nahi izan duenez. Apirilaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea eta sari bakarra emango da, 3.000 eurokoa. Leire Bilbao Barruetabeña, Miren Agur Meabe Plaza eta Xabier Mendiguren Elizegik osatuko dute epaimahaia. Sei hilabeteko epean, Elkar argitaletxeak plazaratuko du lan saritua. Xehetasun gehiago, ESTEKA HONETAN.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.