Itu Banda: “Lekore aldizkarian argitaratutako testuak oholtzaratuko ditugu”

Igandean errezitaldia eskainiko dute Mikelazulo Kultur Elkartean

“2013ko udaberrian kostaldeko hiru gaztek literatur banda bat sortu genuen: ITU Banda”. Hala irakurri dugu euren web orrian. Geroztik, hazten joan da taldea. Euren ekarpena bezalaxe: hainbat fanzine plazaratu dituzte, “Obabako Testiguen laguntzaz” irratsaio batzuk egin dituzte eta duela hilabete gutxi Lekore aldizkari literarioaren 0. zenbakia eman dute argitara. Aldizkarian oinarrituko da, hain zuzen, igande honetako errezitaldi musikatua: Errenteria-Oreretako Mikelazulo Kultur Elkartean, arratsaldeko 19:00etan hasita.

LekoreAldizkaria

Iazko udan, Eako Poesia Egunetan izan zineten. Orduko saioaren ildoa jarraituko al du Mikelazulokoak?

Itu Banda: Ez. Ordukoa propio sortu eta prestatutako ikuskizuna izan zen, eta oraingoan, aldiz, LEKORE aldizkariaren 0. zenbakia aurkezteko emanaldia izango denez gero, bertan argitaratutako testuak oholtzaratuko ditugu.

 

Mikelazulokoa bat eta bakarra izango al da? Beste saiorik eskaintzeko asmorik ba al duzue? 

Itu Banda: Mikelazulokoaz gain, beste emanaldi pare bat egiteko asmoa dugu. Xehetasunik ezin dugu oraindik eman.

 

2014an hainbat fanzine plazaratu zenituzten. Pasa den abenduan, Durangoko Azokaren buelta horretan, Lekore aldizkariaren 0. zenbakia plazaratu zenuten. Zer nolako harrera izan zuen? Zenbaki gehiago izango al da 2016an?

Itu Banda: Harrera ona izan zuen. Jendearengan interesa piztu zuen proiektuak eta jarraitzeko indarra ere eman zigun. Guztira, urtean hiru zenbaki ateratzea da asmoa.

Ituskizuna

2015eko Eako Poesia Egunetan Ituskizunak izeneko emanaldia eskaini zuten (argazkia: Eako Poesia Egunak).

Sarrerako argazkia: E. Albizu Lizaso (Urola Kostako Hitza).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.