Ulises badoa Eara

Joycen eleberriaz arituko dira hilaren 30ean

Eak badu tradiziorik euskal literaturzaleen artean, uztailero biltzen dira hainbat Poesia Egunen abaroan, orain dela hamar urte pasa. Baina, udakoaz gain, Eako Herrijari emon arnasa elkarteak bestelako ekimenak ere antolatzen ditu, urtearen bueltan. Adibidez, irakurle-taldea hilero elkartzen da. Urtarrilarekin batera, bilkura berezia izango dute. Hain zuzen, James Joycen Ulises euskaratu berriari buruz arituko dira bihar zortzi, hilaren 30ean. Horretarako, Xabier Olarra itzultzailea eta hainbat antzezle gonbidatu dituzte.

ulises3-207x300

Hilaren 30ean, Ulises Eara iritsiko da. Bi ekitaldi nagusi antolatu dituzte haren etorrera ospatzeko. Batetik, hitzaldia egingo dute, Xabier Olarra itzultzailearekin.

ULISES EUSKARAZ

Irailean aurkeztu zuten Igela argitaletxekoek Ulises, euskaraz. Bi edizio argitaratu zituzten, hain zuzen ere: batetik, azal biguna duena, urdina, eta, bestetik, azal gogorra duena, marroia eta Joycen erretratu batekin. Gainerakoan, alderik ez, biek ere testua eta oharrak, Olarraren iritziz ezinbestekoak baitira lanaz gozatu ahal izateko:

“(…) niri liburu honekin gertatu zitzaidana izan zen ez nuela lortu liburu hori osorik irakurtzea ingelesezko edizio ohardun bat eskuratu nuen arte. Nire inguruko %95ek esan didate Ulysses hartu eta bazter utzi dutela. Orduan, kontua da, nola lortu hori horrela ez izatea? Baten batek hartu behar du lan hori, eta nik pentsatu nuen egin behar nuela”.

Prozesuari  eta argitalpenari buruzko hainbat albiste bildu dituzte Igelaren webgunean, harrabotsa altxatu baitzuen. Nahi duenak, hemen ditu denak irakurgai.

Olarraren saioa Eskolondon egingo dute, liburutegian, iluntzeko 19etan.

0917_kul_ulises

MOLLY BLOOM LUR ETA HARAGIA

Molly Bloomen bakarrizketa da Ulises obrako pasarterik sonatuenetako bat, eta baita azkena ere. Hori oinarri hartuta osatu dute Molly Bloom, lur eta haragia izeneko antzezlana, elkarlanean, Agerre teatroak eta UT, EHUko espresiogunearekin batera.

Halaxe deskribatu dute lana:

James Joyceren  Ulises  eleberriaren azken kapitulua da MOLLY BLOOMen bakarrizketa. Ikusiko dugu Molly ohean; han lozorroan atzekoz aurrera  etzanda Leopold Bloom senarra izango du. Molly, loa galduta, sare fin bat ehuntzen ariko da memoria bezain mehea, eta ikaragarrizko bidaiari ekingo dio, bizitza bezain luzea,  non Mollyk  zalantzan jarriko ditu bere mundua,  gizonezkoekiko bere harremanak; gizartearen biolentziaz edo Europaren errealitateaz eztabaidatuz eta,  batez ere, Irlandaren egoeraz. Joycek Mollyren bakarrizketa punturik gabe, komarik gabe idatzi zuen, eta antzerkian horrela esanda dago.  Molly Bloomen pentsamendua entzuten dugu pentsamendua den moduan: Libre, saltoka gai batetik bestera, aurreritzik edo inongo mugarik gabe. Antzerkirako gure proposamenak hiru ahots, hiru grina, hiru antzezle desberdin erakusten ditu.

Antzezlana 20etan izango da, Olarraren hitzaldiaren ostean, Eskolondoko 2. solairuan. Erdu!

MOLLYBLOOM-lur-eta-haragia-2

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.