Durangaldeko Hitzez eta Ahotsez: “Gure ingurukoak euskal literaturara hurbiltzea da gure helburua”

Literatur taldeak “Hitzez eta Ahotsez” ekimena jarri du martxan

2014. urtean, Durangaldeko zenbait literaturzale batu ziren eta Sarri, hitzez eta ahotsez egitasmoa burutu zuten. Ia 200 lagun batu ziren. “Erantzun hori ikusirik, bigarren edizioa antolatzen animatu ginen”. Iazkoan, Itsasoa hartu zuten gai nagusitzat eta hainbat idazleren sormen lanak ekarri zituzten gogora: Kirmen Uribe, Pako Aristi, leire Bilbao, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Txomin Agirre… 2016ko Hitzez eta Ahotsez ekimeneko protagonistak, ordea, Durangaldeko idazleak izango dira: “klasikoak zein gaur egungoak. Eta iaz bezala, animatzen diren sortzaile guztiek lekua izango dute”.

HitzezAhotsez2

Urtarrilaren 21ean, Xabier Amurizak hitzaldi bat eskaini zuen Durangoko Arte eta Historia museoan: “Mundua-Euskal Herria, Gu-Ni”. Horrela abiatu zen 2016ko Hitzez eta Ahotsez ekimena. Otsailean eta martxoan, Tertulia dialogikoak antolatuko dituzte Durangoko Udal Bibliotekan. Eta apirilaren 22an, Irakurraldia egingo dute Plateruena Kafe Antzokian. “Zenbait testu irakurri egingo ditugu eta poema batzuk abestu, musika tresna eta guzti zenbait kasutan. 200 partaidetik gora izango garela uste dugu”, ekimen honen bultzatzaileek adierazi digutenez.

Noiz eta nola sortu zen “Durangaldea, Hitzez eta Ahotsez” egitasmoa?

Olgetan benetan sortu zen. Zortzi literatur zale batu ginen eta  “Sarri, hitzez eta ahotsez” izeneko egitasmoa jarri genuen martxan  2014an. Gure helburu nagusia gure ingurukoak euskal literaturara hurbiltzea izan zen, zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea. Arrakastatsua suertatu zen partaideen kopuru aldetik, bai solasaldietan, bai jendaurreko irakurraldi nagusian. Emaitza ikusita bigarren edizioa antolatzen animatu ginen eta, konturatu barik, hirugarrenean murgilduta gaude.

 

Lehen edizioan Joseba Sarrionandia izan zen emanaldiaren gako nagusia. Iaz, Itsasoa. Aurten bada tematika jakinik?

Aurten Durangaldeko idazleak izango ditu protagonista. Lehengo eta oraingo idazleak. Gizonak eta emakumeak. Esate baterako; Kirikiño, Errose Bustintza, Felipe Arrese Beitia, Julene Azpeitia, Xabier Amuriza, Joseba Sarrionandia, Arrate Mardaraz, Leire Bilbao, Lurdes Unzueta, Mila Salterain, J. E. Urrutia Capeau, Andoni Urzelai… Idazle bakoitzaren obraren txataltxoak irakurri edo abestuko ditugu.

 

“Tertulia dialogikoak” iragarri dituzue otsailerako eta martxorako. Zer da “tertulia dialogiko” bat?

8-10 laguneko taldeetan elkartzen gara irakurritakoa komentatzeko. Taldeetan aniztasuna egon dadin saiatzen gara, bai sexu, adin, zein pentsamolde aldetik, modu honetan, geure iritzia plazaratuz eta besteen ideiak entzunez guztiok aberasten gara. Solasaldietan parte hartzeko ez da idazle edota testuen inguruko ezagutza berezirik behar. Gutako bakoitzak  testua irakurtzean zerk deitu dion arreta azaltzen du, berbak, esaldi jakin bat, pasarteren bat, protagonistaren izaerak, lekuen deskribapenak… eta hari horretatik tiraka gai askoren inguruan jarduten dugu, unibertsalak asko eta asko. Aurten, esate baterako, Durangoko bonbardaketa izango da gaietako bat.

HitzezAhotsezDurango1 

Apirilaren 22an “Irakurraldia” egingo duzue Plateruena Kafe Antzokian. Honi buruzko xehetasunik aurreratzerik bai?

Izenak dioen lez,  Hitzez eta Ahotsez jardungo dugu. Zenbait testu irakurri egingo ditugu eta poema batzuk abestu, musika tresna eta guzti zenbait kasutan. 200 partaidetik gora izango garela uste dugu. Sei bat ordu iraungo du ekialdiak.

Egia esan, Plateruena Kafe Antzokiak aterpe egokia eskaintzen du horrelako ekimen bat burutzeko, izan ere, eszenatokian zein mostradore inguruan elkargune atseginak sortzen dira. Azken finean, zenbait orduz,  literatur zaleen sare bat ehuntzen dela esan daiteke, sarritan urtean zehar ere irauten duen sarea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.