barikuko erretratuak

 

E=mc2

Aztoratuta dabiltza fisikariak, zientzialariak oro har. Grabitazio-uhinak, Einsteinek teoria batean azaldu zituen haiek, badira izan, nonbait. Detektatu egin dituzte… harrapatu egin dituzte. Hor hemen dira ikusgai, baita egunkarien azaletan ere, joan den mendeko zientzialariaren aurpegi ezaguna eta oraingo aurkikuntza irudikatzen duten infografia deigarriak.

Kontu honek guztiak niri San Agustin ekarri dit gogora. Ikusten ez diren gauzei buruzko fedea lana da Aljeriako filosofo ezagunaren idatzietako bat. Eta han dio, besteak beste, ikusten ez direnak badirela eta horiek gidatzen dituztela gure urratsak.

Adiskidearen borondate ona ez da ikusten, baina sinetsi egiten da, dio. Hau edo hura sinesteak mundua eraldatzeko eta unibertsoa ulertzeko tarteak irekitzen ditu, batzuetan totalitarismorik ankerrenak badakartza ere. Indartsua da fede delako hori. Zer pentsatua ematen du, filosofiaren kasuan izan, fisikarenean izan.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.