Unai Maleskiren hau ez da poesia

Estreinako liburua argitaratu du Elkarrek eskutik

Hau ez da poesia izeneko poesia-liburua argitaratu du Unai Maleski iruindarrak. Estreinako lana badu ere, handik eta hemendik sarri idatzitakoa da. Batetik, lanagatik: komunikazioa-arloan lan egiten du, kreatibo gisa. Bestetik, sare sozialetan: Twitter-erabiltzaile aktiboa da. Poemategi honetan hainbat gai landu ditu: poesiaren beraren izaera, maitasuna, gai sozial eta politikoak, euskalduntasuna…

maleski1

Berrogeita sei poema, 4 ataletan banatuta: Hau ez da poesia, Zudependentzia, Gora gu eta beste asko eta Zer esan behar nizun… Xabier Mendiguren editoreak azpimarratu duenez, Maleskik badu gauzak kontatzeko modu zirikatzaile bat, eta ironia ere barra-barra erabiltzen du. Maitasunaz hitz egitean, ordea, pudore handiagoarekin dabil, egiati hala ere. Amodio-poemak zailak dira idazlearen ustez, aise eror baitzaitezke topikoetan.

maleski

Poesiaren aukerak

Estreinako lana berandu-edo publikatzen duten idazleei beti galdetzen zaie, ea zergatik itxaron duten. Maleskik argi dauka: orain etorri zaio gogoa, eta orain argitaratu du. Hala ere, orain urte batzuk poesia deskubritu zuen, eta horrek izan du eraginik autorearengan: “Poesia aurkikuntza izan da niretzako. Zoragarria da poema bat irakurri eta barruan zerbaitek klak egiten dizuneko sentsazio hori. Telebistako spot on baten aurrean bezala, magikoa da erresonantzia hori gertatzen den unea. Poesiak errealitatearen geruza ezkutuak urgaineratzeko duen gaitasunak erakartzen nau”.

Gainera, poesiak aukera eman dio hainbat sentipen, ideia eta intuiziori bide emateko. Adibidez, iruditzen zaio mundua oso azkar aldatzen ari dela, eta Euskal Zera hau ez dela horretara moldatzen ari. Etengabe iraganera begira dagoela, etorkizunera beharrean. Mendigurenek galdetuta ea hausnarketa horiek ezin ote diren iritzi-artikulu batean sartu, Maleskik adierazi du sar daitezkeela, baina poesiak aukera ematen duela inpresio horiek helarazteko argudiaketa sendo bat eraikitzeko beharrik gabe, tesi bat planteatu gabe.

Iraganarekin berriro konektatzeko ariketa

Maleskik ez zeukan aldez aurretik zerbaiti buruz idatzeko asmorik. Batean eta bestea esandako gauzak pilatzen hasi eta horri forma emateari ekin zion. Intuitiboki jardun du baina bere buruari erronka joz, eta ariketa zintzo bat egiten saiatuz. Hain zuzen ere, iraganeko gauzekin konektatzea zuen helburua, hala iragan hurbilekoak nola urrunagokoak. Emozioei tokia egitean saiatu da, zintzoki, kosta ere kosta izan zaiolako gai horiei buruz hitz egitea. Bere bizipenak, ideiak eta kontraesanak izan ditu libururako mami.

Gehiago jakiteko, hona hemen Elkar argitaletxekoek Maleskiri egindako elkarrizketa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.