“Bainaren belaunaldia” argitaratu du Beñat Sarasolak

Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi literatur aldizkariei buruzko lana da

Santiago Onaindia bekari esker idatzi du Beñat Sarasolak Bainaren belaunaldia lana. Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatzen du lehiaketa hori, bi urtean behin, Ametx erakunde autonomoaren bidez eta Labayru Ikastegiaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Santiago Onaindia idazlearen oroimenez, euskal literaturaren ikerketa hauspotzeko. 2013an eman zioten beka Sarasolari, bere helburua: literatur aldizkariek euskal sistema literarioan izandako eragina aztertzea. Aurrez, Idurre Alonso literatura ikerlariak eta Miren Ibarluzea itzultzaileak eskuratu dute beka hau.

9404_Sarasola_ikerkta

Hiru literatur aldizkari aztertu ditu Bainaren Belaunaldi honetan Beñat Sarasolak: Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi. Beka eskatu zuenean aldizkari gehiago aztertzeko asmoa zeukan, baina gero esparru hobeto zehazte aldera eta gehieg ez luzatzeko, hiru horiei erreparatzea erabaki zuen. Hiruren artean bazegoen hari bat, gogo zirikatzaile bera. Hain zuzen ere, hori dela-eta ziren Bainaren belaunaldikide. Oh! Euzkadiko testu baten horrelaxe esan zioten euren buruari aldizkariaren idazleek, eta Sarasolak ere kontzeptu bera baliatu du liburuari izenburua ipintzeko.

Honako hau zen Sarasolaren hipotesia ikerketa abiatzerako: XX. mendean, eta batez ere 36ko gerraren ondorenean, literatura aldizkariek garrantzi funtsezkoa izan zuten euskal sistema literario modernoaren osaeran, eta gaur egun gure literaturaren erdigune den belaunaldiarentzat (40ko eta 50eko hamarkadetan jaioak) ezinbesteko bitarteko eta heziketa literarioa izan ziren.

Liburuak bi zati nagusi ditu. Batetik, lehenengo zatian, aldizkariak banaka aztertzen dira, zenbait aurrekari aletu ostean, eta garaiko testuinguru politiko eta sozialaren argitan erreparatzen zaie. 1973tik 1985era arteko tartea hartzen dute hiru aldizkariok, denboran. Armiarma atariko Ibinagabeitia proiektuan bilduta daude hiru aldizkarion aleak, kontsultarako. Aldizkarien artean bazegoen alderik, hala ere. Garaiko euskal intelektualei egindako kritika denetan agertzen den arren, Sarasolak adierazi duenez Pott-ek toki gehiago egiten zion sormenari, eta Ustelak, aldiz, kultur aldizkariaren tankera gehiago hartu zuela, euskal kulturaren inguruko kontuak aipatuz. Horrez gain, Pott-ek arreta berezia eskaini zion nazioarteko literaturari eta itzulpenari.

Liburuaren bigarren zatian Sarasolak aztertu du literatur aldizkariok zer ekarpen egin zioten euskal literaturari. Bost alor azpimarratu ditu: literaturaren autonomia, esparru eta sistema literarioak, kontrakultura, literatura konparatua eta poskolonialismoa.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.