barikuko erretratuak

 

Metroak, zazpi euro

Gorbata urdin bikainarekin, Mariano Rajoy ikusi dut prentsan. Funtziotan den Espainiako presidenteak Europako arautegi berria izenpetu du errefuxiatuak saldoka erbesteratzeko. Nazio Batuek eurek ere ez dute begi onez ikusi neurria.

Errefuxiatuen krisi deitu diogun honetan, hamaika amesgaizto bizi izan du jendeak. Hamaika argazki zirraragarri ikusi dugu. Hamaika miseria kontatu digute. Hamaika galdera egin diogu gure buruari. Hamaika aldiz, hamaika…

Jada, alanbre arantzadunarekin hasita nago amesten. Gu eta haien artean jartzen ari diren alanbre banatzaile horrekin hasita nago amesten. Naziek famatu egin zutenarekin, beren kontzentrazio esparruetan. Argentinan asmatu zutenarekin, behiak kontrolpean eduki ahal izateko. Zazpi euroan saltzen dute metroa on-line.

Alanbre arantzaduna kilometrotan jarria… burdin bihurritu horrek alde bietara ematen du mina.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.