Badira Hamabost

Beste hiru poeta batu dira Munduko Poesia Kaierak bilduman

Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak bildumako hiru antologia berri aurkeztu ditu. Poesiaren Nazioarteko Eguna den honetan, hain juxtu. Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celan poeten lanak ekarri dituzte honakoan euskarara. Danele Sarriugarte, Gerardo Markuleta eta Xabier Montoia aritu dira, hurrenez hurren, itzultzaile lanetan.

PoesiaKaierak

Feminismo beltzaren erreferente

Amerikako Estatu Batuetako idazlea izan zen Audre Lorde (1934-1992). Susa argitaletxetik aditzera eman dutenez, “Lorde ausart mintzatu zen emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako azpiramenduari buruz, eta askorentzat onartezina izan zen hark idatzitakoen erradikaltasuna”. Feminismo beltzaren erreferente nagusienetakoa izan zen, Alice Walker, Angela Davis eta beste batzuekin batera. Danele Sarriugarte aritu da antologiaren apailatzaile eta itzultzaile lanetan.


Idazkera gardeneko poeta soziala

Espainiako poesia sozialaren multzoan kokatu izan dute Angel Gonzalez (1925-2008). “Baina, sozialtzat jo izan diren beste poeta zurrun batzuen aldean, arnasa zabalagoa sumatzen zaio haren poesiari, ironiak ematen dion distantziaz baliaturik”. Maitasuna, gerra ostearen garratza, eguneroko bizimodua, gauarekiko lilura, alkoholarekiko jaidura… askotarikoak dira Gonzalezen gaiak, “eta gardena beti idazkera”, Gerardo Markuletak aditzera eman duenez. Oñatiko poeta izan da, hain zuzen, antologia honen apailatzailea eta itzultzailea.


Holokaustoaren poeta ezagunena

XX. mendeko bigarren erdian alemanez idatzi zuen poeta garrantzitsuena da Paul Celan (1920-1970). Naziek ghetto batean atxiki zuten lehenik, kontzentrazio esparru batean gero. Heriofuga da hain zuzen bere poema ezagunena, holokaustoaren horrorea islatzen duena. Paul Celanen poemak Xabier Montoiak ekarri ditu euskarara, baina Beñat Sarasolak eman ditu poetaren eta antologiaren inguruko azalpenak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.