Kalean da Igartza berria: Hauts haietatik

Unai Villenak idatzi du eleberria

Unai Villena elgoibartarrak irabazi zuen, orain bi urte, Igartza saria. Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak batera antolatzen duten beka hori, eta urtebete pasako epea ematen diete irabazleei, sarira aurkeztutako proiektua mamitzeko. Villenak nahasmendu bikoitzari buruzko eleberri bat osatu du: drogarekiko mendekotasuna eta buruko gaitzak uztartzen dituen nahasmenduaz, alegia. Adiskidetasunaren aldeko kantu bat da, era berean, nobela hau.

341_Hauts haietatik_AZALA.indd

Bi hari narratibori tiraka egiten du aurrera Unai Villenaren Hauts haietatik eleberriak. Batetik, nobelaren idazketa bera agertzen zaigu, izan ere, Ander lagunaren istorioa kontatzen du Oier bere lagun eta narratzaileak. Alegia, bataren testigantez hornitzen da bestea, eta hori egiteko bideari buruzko gogoetarik bada liburuan. Beste haria, jakina, pertsonaiaren, Anderren bizitza daukagu.

Idazlearen esanetan, liburuak zenbait bereizgarri ditu: ahots eta estilo diferenteak baliatzen dira eta ez da linealtasunik; kontrara, flashback eta atzera-aurrerakoen bidez kontatzen da istorioa. Bestalde, musika oso presente dago eleberri osoan barrena. Protagonistaren lehen oroitzapena 6 urte zituenekoa da, autoan doa, aitarekin eta Hertzainak taldearen Eh, txo! kantua entzuten ari dira. Hortik aurrera, musika etengabe agertuko da Anderren oroitzapenetan, eta kapitulu askoren hasieran kantu-puska bat azaltzen da. Villenak adierazi duenez, besterik gabe, aipua irakurri eta eleberriarekin jar daitekeela, baina bere ustez irakurketa eten eta kantua entzuteak ere badakar zerbait, kapitulua testuinguruan kokatzeko balio duelako, besteak beste.

Beti idatzi izan duen arren (Hiri asko bere baitan proiektuan buru-belarri ibili da azkenaldian, adibidez), hauxe da argitaratu duen lehen lan luzea. Hainbat faktore elkartu dira. Lan-kontuengatik utzia zeukan Villenak idazketa, baina 2012aren inguruan lanez aldatu eta denbora libre gehiago zeukanaz, berriz heldu zion. Garaitsu hartan sortu zitzaion, bestalde, istorio hau kontatzeko beharra, eta hala aurkeztu zen Igartza bekara. Idazten segitzeko asmoa du.

XIX. Igartza martxan

Idazleaz eta Elkarreko editoreaz gain, Beasaingo Udaleko eta CAF enpresako ordezkariek ere hartu zuten parte Hauts haietatik-en aurkezpenean. Biek nabarmendu zuten ospakizun-eguna zela hura, osasun betean dagoela Igartza beka eta horrela jarrai dezan opa diotela. Gainera, CAFeko Joxe Begiristainek azpimarratu zuen Igartza irabazten duten idazleek ibilbide oparoa egiten dutela sariaren ostean ere. Horrez gain, gogora ekarri zuten dagoeneko kalean direla XIX. deialdiko oinarriak, eta Kattalin Miner iazko irabazlea ere buru-belarri ari dela bere eleberri-proiektuarekin.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.