Loraldia Festibalak “euskaraz egiten den kultur garaikidearen plaza izan nahi du”

Apirilaren 9an abiatuko da Bilboko Jaialdia

Festibal bati dagokion funtzio ludikoa betetzeaz gain, “euskal kulturaren ekosistema osatzen duten eragileen arteko elkarlana sustatzeko espazio ere izan nahi du Loraldia Festibalak”. Jada martxan diren emanaldiak eskaintzeaz gain, Loraldia Kultur Elkarteak berak sustaturiko hainbat ikuskizun estreinatuko dira. Bigarren edizioa izango da aurtengoa, eta beste behin ere, literaturak pisu nabarmena izango du. Antolatzaileekin izan gara solasean.

Loraldia1

“Euskal kultura gaur”. Hori da hautatu den lema. Zein da Loraldiak bete nahi duen hutsunea? 
Loraldia Festibalak udaberriko kultur itsasargia izan nahi du. Hau da, udaberrian euskaraz egiten den kultur garaikidearen plaza izan nahi du. Udazkenean Durangoko Azokari begira jartzen da gure produkzioa. Orain, udaberrian, Loraldiak sormen lantegi berri bat zabaldu nahi du.

Egitarauan, presentzia nabarmena izango dute atzoko eta gaurko idazleek. Zer nolako pisua izango du literaturak Loraldiaren bigarren edizioan?
Iaz, aurreneko edizioan, leku nabarmen bat izan zuen literaturak. Aurten ere, literaturarekin lotutako hainbat ekimen berri plazaratuko dira.

Anjel Lertxundik zientzia fikzio testu bat sortu du: Etorkizuna perfektua balitz. Harkaitz Canok Porto izeneko lana aurkeztuko du Mursegoren musikarekin horniturik. Unai Elorriagak The Poguesen kantaria ekarriko du gurera. Jon Alonsok Joxe Miel Bidador Pastorala idatzi zuen eta Bilbon plazaratuko dugu. Pako Aristiren Urari ostutako poemak izango dira Loraldian entzungai. Edorta Jimenezek Batxi izeneko kronikagile historikoa ekarriko du gogora. Eta Elkar dendetan Katixa Agirre, Goizalde Landabaso eta Jasone Osororen azken lanak izango ditugu hizpide.

Emanaldi gehienetan literatura musika, dantza edo bertsolaritzarekin uztartzen da. Loraldiak sormen bidegurutze hauek ditu xede.


PoetaErdaldunak

“Poeta erdaldunak euskarara ekarriko ditugu” 

Martxan diren saioak batu dituzue egitarauan. Propio sorturiko ikuskizunik ere izango da, Poeta gorri horiek izenekoa. Programatzaile izateko ez ezik, gauza berrien sustatzaile izateko xedez ere abiatu al zen Loraldia?
Poeta gorri horiek ikuskarian Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gabriel Celaya eta Angela Figera poetak bilduko ditu. Loraldiak berak jarri du abian ikuskizuna eta Karlos Panerak hartu du zuzendaritza artistikoaren ardura. Poeta erdaldunak euskara mundura ekarriko ditugu eta musika banda bluesa izango da.

Etorkizuna perfektua balitz testua ere Loraldiak Anjel Lertxundiri enkargatutako sormena da. Bertan bi bertsolarik, Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok, Lertxundik margotuko duen geroari erantzungo diote. Ikuskai honetan musika banda Igelaren Bandaren eskutik etorriko da.

Shane McGowanen gibela ikuskizunaren berririk ez genuen. Unai Elorriaga idazlea dago partehartzaileen artean. Errezitaldi musikatu baten itxura du.
Unai Elorriaga ari da Gibelurdinek taldearekin batera lanean (Fredi Payaren musika bandarekin). Urtebeteko lana daramate The Pogueseko kantaria den Shane McGowanen bizitza ikertzen. Estreinaldi honek aipatu kantariaren abenturak eta desbenturak kontatuko ditu eta talde irlandarraren kantuak bertsionatuko ditu. Unai Elorriaga ere ausartuko da kantatzen baina batez ere narrazioari jarriko dio ahotsa.

Uribe Kostako Gibelurdinek taldeak, berriz, irlandako punk-folka taularatuko du. Ikuskari ikusgarria izango da eta Loraldiak honen abiapuntua izan nahi du. Geroago Euskal Herrian zehar ibiliko dira.

LoraldiaLiteratura

Literaturak pisu nabarmena du Loraldian. Ekitaldi guztietako xehetasunak web orri honetan topatuko dituzue: Loraldia 2016.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.