Hitzen Uberan, azken hilabeteotako bideoak

Ahalik eta prentsaurreko gehienetara joaten saiatzen gara. Eta ahal den guztietan, aurkezpen ekitaldiak bideo-irudi bitartez jasotzeko ohitura dugu. Gure baliabideak urriak dira ordea. Eta horrelakoetan, emaitza halamoduzkoa izan ohi da. Dena den, baten bati baliogarri izango zaiolakoan, hementxe duzue urte hasieratik hona egin ditugun bideoen bilduma.

Bideoak2

Saiakerak

Jon Alonso, Beltzaren koloreak (Susa)

Jon Alonsok Beltzaren koloreak saiakera liburua aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean, Euskal Nobela Beltzaren Astearen egitarauaren barruan. Susa argitaetxearen eskutik plazaratu du nobela beltzetako protagonisten ezaugarriak aztertzen dituen lana.


Pako Sudupe, Txillardegiren borroka abertzalea (Elkar)

Europako mugimenduei adi, aire berri bat eman zion euskal literaturari. Euskara batuaren bideratzailetako bat izan zen. Eta politikan ere, jardun luzeko ibilbidea osatu zuen. Asko dira Txillardegik landu zituen arloak. Asko eta ugari, bere ekarpenak. Pako Sudupek Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (Donostia 1929-2012) ekarpen politikoari erreparatu dio eta saiakera itxurako liburua osatu du: Txillardegiren borroka abertzalea (Elkar).


Iñigo Aranbarri, Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna (Pamiela)

Iñigo Aranbarrik bi ertzetatik heldu dio aurrez Apirila (Susa) eleberrian jorratu zuen garai bati, Ilustrazioari. Batetik, 1766an Azkoitia eta Azpeitian gertatutako matxinadak, bestetik, urtebete lehenago estreinatu zen antzerki bat, El borracho burlado, Peñafloridako kondeak idatzia.


Nobelak

Julen Belamuno, Gaueko zaintzailea (Elkar)

Laurogeiko hamarkadaren amaieran kokatzen da Gaueko zaintzailea (Ekar) nobelaren trama. Eta liburuaren izenburuak agerian uzten duen bezala, enpresa bateko gaueko zaintzailea da protagonista. “28 urtez aritu da zaindari lanetan. Enpresak segurtasun sistema berria jartzea erabakitzen du eta lanik gabe geratuko da”. Azken lan eguna kontatzen du nobelak. Julen Belamunok aditzera eman duenez, esaten duena baino, pisu handiagoa du pertsonaiaren beraren barne munduak. Eta bizitza osoko oroitzapenek.


Joxe Iriarte ‘Bikila’, Kamaradak (Txalaparta)

Joxe Iriartek, ‘Bikila’k, bere bizitzaren zati bat deskribatu nahi izan du argitaratu berri duen eleberrian. 1980 eta 1990ko hamarkadetan onarritutako lana da, “langile mugimenduan oinarritutako historiak eta istorioek askotarako eman” dutelako.


Unai Villena, Hauts haietatik (Elkar)

Unai Villena elgoibartarrak irabazi zuen, orain bi urte, Igartza saria. Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak batera antolatzen duten beka hori, eta urtebete pasako epea ematen diete irabazleei, sarira aurkeztutako proiektua mamitzeko. Villenak nahasmendu bikoitzari buruzko eleberri bat osatu du: drogarekiko mendekotasuna eta buruko gaitzak uztartzen dituen nahasmenduaz, alegia. Adiskidetasunaren aldeko kantu bat da, era berean, nobela hau.


Poesia

Audre Lorde (Munduko Poesia Kaierak, Susa)

Munduko Poesia Kaierak bildumara Audre Lorderen poemak batu dituzte. Danele Sarriugartek egin ditu itzulpen lanak.


Angel Gonzalez (Munduko Poesia Kaierak, Susa)

Munduko Poesia Kaierak bildumara batu da Angel Gonzalez poeta asturiarra. Gerardo Markuletak ekarri ditu poema hauek euskarara.


Paul Celan (Munduko Poesia Kaierak, Susa)

Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduman Paul Celanen poemak ekarri dituzte euskarara. Itzultzailea: Xabier Montoia.

Bideoko hizlaria: Beñat Sarasola, Poesia Kaieren koordinatzaile.


Itzulpenak

Anton Garikano, Metamorfosia (Erein)

Kafkaren Metamorfosiak izan ditu bi bertsio azken honen aurretik: Xabier Kintanak egin zuen lehenengoa 1970ean, eta Rufino Iraolak bigarrena 2000. urtean. Itzulpen berri bat egiteari egoki iritzi diote, ordea, Erein argitaletxekoek; izan ere, Kintanarenak garai jakin bateko beharrei eta testunguruari erantzuten zion, eta Iraolarena ez zen zuzenean alemaneko bertsioa oinarri hartuta itzuli.


Juan Garzia, Bartleby eskribatzailea (Erein)

Hogeita bost urte joan dira Juan Garziak Herman Melvillen Bartleby eskribatzailea euskaratu zuenetik, Erein argitaletxearen eskutik harako hartan ere. Orain, astindua eman dio itzulpen hari.


Sekula gehiago egingo ez dudan ustez gauza dibertigarri bat (Pasazaite)

David Foster Wallace idazle estatubatuarrak idatzitakoa da Sekula gehiago egingo ez dudan gauza ustez dibertigarri bat liburua, Danele Sarriugarte Mochalesek itzulia. Eleberriari buruz hitz egiteaz gain, euskaratzerakoan izandako gorabeheren inguruan dihardu.


Jose Ramon Vazquez, Larrua (Erein-Igela)

Literatura Unibertsaleko eta Urrezko Bibliotekako ale bana aurkeztu zituzten urtarrila amaieran Donostian. Batetik, Curzio Malaparte idazle italiarraren Larrua eleberria argitaratu dute Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean, Jose Ramon Vazquez itzultzaile, Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Bestetik, Virginia Woolf autore ingelesaren Farorantz eleberria berrargitaratu du Elkarrek, Urrezko Biblioteka bildumaren barruan, Anton Garikano itzultzaile. EIZIE elkarteak sustatzen ditu bi ekimenak.

Curzio Malaparteren Larrua eleberriari buruz honela aritu zen Xabier Olarra Igelako editorea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.