Lehiaketa gehiago iragarri dituzte

Urte hasieratik hona, deialdi ezberdinen berri eman dugu: Blas de Otero Poesia Saria, Iruñea Hiria Lehiaketa, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Saria, Miguel de Unamuno Saiakera Saria… Horietan denetan, lanak aurkezteko epea zabalik jarraitzen du oraindik. Egunotan, beste hiru lehiaketaren ingurukoak jaso ditugu. Igartza Beka, Ignacio Aldecoa Ipuin Sariketa eta Lasarte-Oriako Literatura Lehiaketa.

Saiakera

XIX Igartza Beka Saria

Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak elkarrekin antolatzen duten literatur beka da Igartza. 19. edizioko oinarriak kalean daude dagoeneko eta ekainaren 30a da lanak aurkezteko azkeneko eguna. Kontuan hartzekoa: 35 urtetik beherakoentzako beka da. Saritua den idazleak 6.000 euroko dirulaguntza jasoko du.

Oinarriak:

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2016-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

4. Proiektuak, 2016ko ekainaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: kultura@beasain.eus

5. Igor Estankona, Ana Jaka eta Peru Magdalena idazleek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2016ko irailaren 10a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.

6. Bekako diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.

7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Beasaingo Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

9. Diru-laguntza jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Beasaingo Udalak erabakiko du.

Edozein argibidetarako helbideak eta datuak:

Beasaingo Udaleko Kultura Saila

Telefonoa: 943 02 80 63. Faxa: 943 02 80 71.

Posta elektronikoa: kultura@beasain.eus

Deialdiaren iturria: Beasaingo Udala


Ignacio Aldecoa Saria XLV. ipuin lehiaketa

Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak antolatzen du lehiaketa. Ipuinak 10 orrikoak izango dira gutxienez eta 25 orrikoak gehienez. Saria 6.000 eurokoa izango da. Lanak aurkezteko epea irailaren 2an bukatuko da.

Oinarriak

1.- Sari honetara edozein pertsona fisiko aurkez daiteke, edozein dela ere bere nazionalitatea edo bizilekua.

2.- Bi hizkuntza modalitate ezarri dira: euskara eta gaztelania. Lan bakoitza bi modalitate hauetako bakar batera baino ezin daiteke aurkeztu.

3.- Ipuinak 10 orrikoak izango dira gutxienez eta 25 orrikoak gehienez, inprenta letraz (Arial 12 edo antzekoa) idatziko dira, eta lerro artean espazio bikoitza utziko da. Lanak jatorrizkoak izango dira, inoiz argitaratu gabeak eta aurretik beste lehiaketa edo sariketa batean inolako saririk jaso gabeak.

 4.- Lanen bi ale aurkeztuko dira, sinatu gabe, eta horietako bakoitzean izenburua eta izen- goitia besterik ez dira jarriko. Horiekin batera gutun azal itxi bat aurkeztuko da, barruan hauek jasoko dituena: egilearen izen-abizenak, NANaren fotokopia edo, atzerritarra izanez gero, horren baliokidearen fotokopia, helbidea eta telefonoa; eta gutun azalaren kanpoaldean izenburua, izengoitia eta zein lehiaketatara aurkezten den zehaztuko dira. Saritutako lanei dagozkien gutun azalak baino ez dira irekiko.

Era berean, lanarekin batera hirugarren oinarria betetzen dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztuko da, hau da, lana argitaratu gabea dela eta beste lehiaketa edo sariketa batzuetan inolako saririk jaso ez duela egiaztatzen duen aitorpena. Zinpeko aitorpen hori gutun azalaren barruan sartuko da esandako datu pertsonalekin batera.

5.- Lanak Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailean aurkeztu edo hara bidali beharko dira (Probintzia plaza 5, 3. solairua, 01001 Gasteiz). Kanpoaldean “Ignacio Aldecoa ipuin lehiaketa” jarri beharko da.

Lanak aurkezteko epea 2016ko irailaren 2an bukatuko da. Egun horren ostean, zigilu marka ikusita epe barruan bidali zirela egiazta daitezkeen lanak baino ez dira onartuko.

Saila ez da izango gerta litezkeen jatorrizko lanen galeren edo kalteen erantzule, ezta atzerapenena edo postetxeari zein hirugarrenei egotz dakiekeen beste edozein inguruabarrena ere, lanen bidalketei eragiten dietenean.

6.- Saria 6.000 eurokoa izango da modalitate bakoitzerako. Zenbateko horri dagokion atxikipena egingo zaio.

7.- Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak izendatutako epaimahai kalifikatzaileak hartuko du erabakia, eta dagokion gutun azala irekita ezagutaraziko du.

Otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoak, 20.5. arti- kuluan xedatutakoa betez, sari hau emateko sortutako epaimahaiak emakumeen eta gizonen osaera orekatua izango du, eta eduki beharreko gaikuntza, gaitasuna eta prestakuntza edukiko dute kideek. Lege horren beraren arabera, ordezkaritza orekatua dela ulertuko da, baldin eta lau kide baino gehiagoko epaimahai eta antzeko organoetan bi sexuek gutxienez ehuneko 40ko ordezkaritza badute; gainerakoetan, bi sexuak ordezkatuta badaude.

8.- Epaimahaiaren erabakiaren aurka ezin izango da gora jo. Erabakia epaimahaikideen gehiengo soilaz hartuko da, eta epaimahaiak izango du eztabaidetan sortzen diren gorabehera guztiak ebazteko ahalmena.

9.- Sariak eman gabe geldi daitezke, epaimahaiak hala erabakitzen badu.

10.- Saritutako lanak argitaratu ahal izango ditu Arabako Foru Aldundiak.

11.- Epaimahaiak saria nori eman erabaki eta hurrengo egunetik aurrera, hogeita hamar egun egongo dira saritu ez diren lanak jasotzeko. Esandako epean ez badira lanak jasotzen, deuseztatu egingo dira.

12.- Lehiakideek lehiaketan adierazitako baldintzak onartzen dituzte eta berariaz men egiten diete baldintza horiei.

13.- Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailak baino ez du deialdian sor edo ager daitezkeen auzi guztiak ebazteko eskumena.

Indarreko araudia aplikatuko da, eta, zehazki, gizonen eta emakumeen berdintasunaren arau esparrua, Euskal Autonomia Erkidegoko otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan jasotakoa.

Deialdiaren iturria: araba.eus


Lasarte-Oriako XXX. Literatura Lehiaketa

Haur, gazte eta helduen literatur sorkuntza bultzatzeko eta sustatzeko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak XXX. Literatur Lehiaketa jarri du martxan. Parte hartzaileen adinaren arabera bi lehiaketa ezberdin antolatu dituzte: alde batetik, haur eta gazteen lehiaketa; eta beste alde batetik, helduei zuzendutako literatur lehiaketa. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 13ra amaituko da.

Helduentzako Literatura-Lehiaketak, oinarriak:

Lanak euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira, eta gaia libre izango da. Lanek argitaratu gabeak eta originalak izan beharko dute, eta beste lehiaketaren batera inoiz aurkeztu gabeak. Lasarte-Orian erroldatutakoek “Lasarte-Oria” saria irabazteko aukera ere izango dute.

Lanak espezialitate hauetara aurkez daitezke: poesia eta mikrokontakizunak. Mikrokontakizunek gehienez ere 1.500 karaktereko luzera izan behar dute; poemen kasuan, berriz, metrika eta hedadura libreak izango dira.

Poesiaren espezialitaterako sariak hauek dira:

Euskara: 650 € eta diploma.

“Lasarte-Oria” euskaraz: 650 € eta diploma.

Gaztelania: 650 € eta diploma.

“Lasarte-Oria” gaztelaniaz: 650 € eta diploma.

Mikrokontakizunen espezialitaterako sariek bi kategoria dituzte:

A 1986 eta 2000 bitartean jaiotakoentzat.

B 1986 baino lehenago jaiotakoentzat.

Bi kategorietan sariak hauek dira:

Euskara: 325 € eta diploma.

“Lasarte-Oria” euskaraz: 325 € eta diploma.

Gaztelania: 325 € eta diploma.

“Lasarte-Oria” gaztelaniaz: 325 € eta diploma.

Sarien banaketa 2016ko azaroaren 19an egingo da. Sariaren gainerako baldintzak jakiteko, erantsita doazen oinarriak kontsultatu behar dira.

Deialdiaren egilea: Lasarte-Oriako Udala.

Haur eta Gazteentzako lehiaketa ere deitu du Lasarte-Oriako Udalak. Oinarriak ondoko estekan daude ikusgai:

http://www.lasarteoriasarean.eu/pdf/2016/Literatura-Lehiaketak-Haurrak-2016-web.pdf

This entry was posted in Albisteak, Arrantzatuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.