barikuko erretratuak

 

Bolbora-usaiak

Udal langilea uniforme distiratsuarekin, eskailera mekanikoan gora bihurkin elektrikoa eskuan. Errepublikaren eguna. Eraitsi dute, eraitsi, Rodezno Kondearen plaka. ‘Askatasun plaza’ izango da hemendik aurrera.

Hiri-hornigarrietatik kendu dute Maltako Kaballeroa, Francoren lehen Justizia-ministroa. Bere lan-bulegoan, berrehun ordu eman zituena heriotza-zigorrak izenpetzen. Berrehun ordu. Astebetea, ez lo ez jan. Heriotza-zigorrak izenpetzen. Marka.

‘Askatasun plaza’. Izen ederra, ederrenetan. ‘Askatasun plaza’… ‘Libertate kalea’ du Bilbo Zaharrak. Poetak zioenez, hiriburuko ziztrinena. Estua eta laburra, iluna, hezea. ‘Libertate kalea’. ‘Askatasun plaza’.

Ez da izena dena, izana ere bada, eta ingurua. Rodeznoren plaka eraman dute, eraman. Bolbora-usaiak garbitu behar orain…

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.