Joxean Agirreri elkarrizketa

Parodia kutsuko nobela plazaratu du: Gizajoen katalogoa (Elkar)

Gizajoen katalogoa (Elkar) nobelako gizonezko protagonistak urteak eman ditu liburu saltzaile lanetan. Idazteko grina piztuko zaio eta literatura-tailer batean emango du izena. Irakasle emakumezkoaren maitasuna lortzearren, eleberri bat idazten hasiko da, bera bezalako gizajoen pasadizoak bilduz, eta argumentu bat sortu ezinik, autofikzioaren bidezidorretan abiatuko da. Parodia moduko eleberria gorenera iritsiko da Joxean Agirre eta Kirmen Uribe izeneko idazleak protagonista gisa agertzen direnean.

Joxean1

342_Gizajoen katalogoa_AZALA.indd

JoxeanAgirre

Joxean4

“Komedia bat da, neurri handi batean. Protagonistak badu gizajotasun bat, komediarekin lotu daitekeena”. Zure hitzak dira horiek. Komedia kutsuko endredoa. Hori ere, definizio egokia izan zitekeen.Ramon Saizarbitoriak, ordea, parodia hitza du nahiago. “Parodia, parodia, hori da erabili behar duzun hitza”. Halaxe entzun genion, prentsaurrekoa amaitu berritan zuregana hurbildu zenean. Hara zer dioen hiztegi entziklopedikoak: PARODIA iz. 1. LIT. Idazle baten estiloaren edo literatur lan baten imitazio trufagarria. 2. (hed.) Edozein gertakariren imitazio iraingarrinahiz barregarria. Bigarren adieraren bila jo dut hiztegira, baina lehen adierak txundituta utzi nau. Zure nobela honetarako propio idatzia dagoela dirudi.

Arrazoi du Saizarbitoriak. Testu parodiko bat dela esanda hobeto definitzen da nobela. Gogoan dut Zwei Frauen-en sarrerako aipu gisa Félix de Azuaren paragrafo luze bat jarri nuela, “Toda novela moderna está más próxima a la caricatura que al retrato y es muy escasa la narración interesada en reproducir el estado de las cosas con seriedad”, hasten da eta Flaubert, James, Kafka eta Dickens aipatzen ditu.  Kontua da, ordea, parodia, fartsa eta gisako kontzeptuak ilun samarrak direla askorentzako eta komediak, berriz, endredo komediak bereziki, mundu guztiak ikusi dituela telebistan eta argibide bat emate aldera erabili nuela genero dramatikotik hartutako adibidea. Baina, erretiratuta ere berdintsu zait.

Zure hiztegikoari erantzunez, ez dut uste nik idazle jakin baten imitazio trufagarririk egiten dudanik, idazle topiko baina asmatu baten parodia baizik.

Liburu saltzaile ohi bat da nobelako protagonista. Jubilatuta dago eta literatura ikastaro batean emango du izena. Irakaslea emakume gazte bat da eta idazteko sena duela adieraziko dio protagonistari. Argudioaren lehen haria baino ez da. Endredoa askoz konplikatuagoa baita azaltzen. Baina beste behin ere, metaliteratura, sexua, sugestioa, umorea… ageri dira zure nobelan. Azken nobeletan agertzen diren osagaiak. Honez gero, zure idazkeraren adierazgarri direla esan daiteke, ezta?

Metaliteratura beharbada aurrekoetan baino gehiago, literaturari buruzko hiztegi bat sartzera ausartu naizelako, ‘E’ letraraino bakarrik sartu badut ere, berehala ohartu bainintzen kontakizuna bera zapaltzen zidala. Hiztegia literaturari eta idazleei (idazle batzuei, noski) buruzko anekdotarioa da neurri handi batean, pasadizo eta xehetasunak biltzen ditu eta taberna batean edonorekin hizketan ari zarela hitzetik hortzera erabiltzeko modukoak direla uste dut eta asmo horrekin egin nuen behintzat bilketa. Aspaldi ohartu nintzen bertsolariei edadetuei, Joxe Agirre, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano eta abarri, elkarrizketa egitera joan eta erantzun bakoitzeko bere aurreko bertsolariren baten pasadizo, kontu xelebre edo adibideren bat aipatzen zutela, argigarri moduan. Horrelako zerbait egin nahi izan nuen baina maite ditudan idazleak erabilita.

Sugestioaz ari garela. Protagonistak sukaldetik entzungo ditu emazteak eta alabak komunean edota logelan dituzten elkarrizketak. Zirrikitu batetik iritsiko zaizkio hitzak, ez denak, eta berak gainontzekoa sumatu edo asmatuko du. Errealitatea bera baino sugerenteagoa ei da zirrikituetatik iristen zaiguna. Gure imaginazioa martxan jartzen duelako, nolabait esateko. Literatura egiteko, eta nobela honetan bereziki, zirrikituen oihartzunak “joko” asko eman dizu ezta?

Hori egia da, errealitatea baino iradokizun gehiago du zuk ‘zirrikituen oihartzun’ deitzen diozun horrek. Horrela idatzia daude narratzailearen emazteari eta alabari buruzko zatiak eta bigarren zatian poeta gaztearen eta Joxean Agirre pertsonaien bizitza intimoari buruzkoak.

Aurkezpenean esan nuen kontatzeko modu honen atzean bazegoela literaturari buruzko analogia, eszena edo metafora famatu bat, holokaustoaz idatzi zuten idazle gehienek, Primo Levik esaterako, deskribatu zutena: juduak Europan barrena garraiatzeko erabili ziren ganaduentzako bagoien irudia alegia, zeinetan deportatuetako bat igotzen baitzen beste baten bizkarrera arnasbide gisa uzten zuten bagoiaren goiko zirriztutik ikusten zuena kontatuz bidea egiteko.

Nahi eta ezinarekin, lekurik ezarekin lotu zenuen gizajoa. Prentsaurrekoan hau gehitu zenuen: “Gizonari ziurtasun batzuk kenduz gero, gizajo bat bihurtzen da”. Gizajoen katalogo honetan, hain juxtu, gizonezkoak dira gizajo denak. Nobelako emakumeen profila bestelakoa da.

Beti esaten da XX. mendean porrot egin ez zuen iraultza bakarra emakumeena dela eta irudipena dut emakumeak mugitzeak gizonezkoak ere lekuz aldaraztea ekarri zuela eta maskulinotasunaren ezaugarriak jarri zirela kolokan.

Badakit esplikazio merke samarra dela, baina gizajotasunaren sentimendua zabaldu samarrik dagoela esango nuke gizonezkoen artean. Gizajo moderatuak gara, noski. Katalogoan gizajo erabateko bakar bat sartu dut: Juan José Millás-en “igeltseroa”.  Oilategia egin, teilatua ipini eta oiloentzat zuloa bai, baina bera ateratzeko atea jartzea ahaztu zitzaiona. Eta jarri banuen, idazlearen metafora ere badelako jarri nuen, gerta baitaiteke eleberri batean sartu eta atera ezinik geratzea.

Beste guztiak, arruntagoak edo bereziagoak, baina ‘normal’ samarrak dira eta beren patu txarrean halako duintasun baten jabe direla esango nuke eta alde horretatik miresgarriak ere badirela.


Istorio txikien aldeko apustua

Duela bi urte, Adiskide bat nuen nobelari buruzko elkarrizketan hauxe zenioen: “zatikako kontaketaren zalea naiz”. Kontsumitu, halaxe kontsumitzen dugunez (zatika eta saltoka), zure idazketa ere horrelakoxea da: zatikatua, pieza laburrez ondua?

Ez naiz hasiko diskurtso posmodernoaren ezaugarriak ere horiexek direla eta Lyotarden edo gisako aintzindarien ideiak jaulgitzen, kontsultatu egin beharko bainituen. Egia da kontakizun nagusia zatika dagoela kontatua eta zati bakoitzari halako autonomiatxo bat ematen saiatu naizela. Baina nobela honetan badago beste apustu bat ere: istorio txikien aldeko apustu bat dago.

Egia da ere eleberriak ez duela bizkarrezur sendorik, baina egituraren barruan txertatuta istorio asko daude. Beharbada istorio handien zaleei ez die gauza handirik esango. Askotan esan ohi da nobela handi bat idazteko istorio handi eta nobelesko bat kontatu behar dela eta egia da. Uste dut ez naizela gai horrelako nobela handi bat egiteko. Beraz, kontakizun zatikatuak eta istorio txikiekin osatutako nobelak idazten jarraitu beharko.


“Autofikzioaren kontua jolaserako erabili dut”

Entretenigarria izateaz gain, balizko irakurleak hausnartzeko hari muturrik ere aurki dezake nobela honetan. Autofikzioari buruz, zehatzago esanda. Zein neurritan den norberaren bizitza nobelagai. Eta planteamendu honek Iban Zalduaren Autofikzioaren aurkako manifestua” ekar dezake akordura: izan gaitezen errealistak: idazle gehienen bizitza nahiko gatzgabea da, eta fikziozko dosi benetan eraginkorren erabilerarik gabe, edo estilo literario original baten jabe izan ezean, ez da suertatzen, berez, nobeletarako gairik erakargarriena… Zure ahaleginak etikotasunari ere heltzen dio.

Ulertzen dut Zaldua eta beste asko autofikzioekin nazkatuta egotea, azken hogeita hamar urteotan halako boom bat eman baita genero honen inguruan edo, nazkatuta daudenen hitzetan esateko, izurrite bat. Nik, dena den, autobiografiaren alderdirik gordinenen gainean nobelak eraiki dituztenen aipamen bat egin nuen aurkezpenean (Eduard Louis, Christine Angot eta beste hainbat) eta esan nuen irudipena dudala ez ote den nobela mota hori kolektibo minoritarioen adierazpen bilakatu, emakumeen eta homosexualen presentzia literaturan minoritarioa izan daitekeen neurrian.

Gaia interesgarria da egile horiek beren esperientzia intimoez idazten duten neurrian, pribatu eta publikoren arteko mugaz, artea eta bizitzaren arteko loturaz eta beste hainbat gairi buruz gogoeta egiteko bidea ematen duelako. Kontu horiek puri-purian daudela uste dut arte garaikidearen adierazpide batzuetan, performance-etan, esate baterako. Hala ere, oso gogoeta gutxi sartu dut, berriro ere gogoetak kontakizuna moteltzen zidalako.

Aipatu duzun Iban Zalduaren manifestu hori pieza literario bikain bat da eta esaten dituen gauza askorekin ados etor gintezke.

Autofikzioaren inguruko afera dialektikoan, luze zabal idatzi da gurean Kirmen Uriberen estiloaz. Zuk Kirmen Uribe nobelako protagonista bihurtu duzu. Amaitzear duen nobela lapurtu diote Kirmen Uriberi, eta arrazoi horrengatik nobelako protagonista kartzelan sartuko dute. Autofikzioa praktikatzearen erruz kateatuko dira, hain juxtu, Kirmen Uriberen eta protagonistaren norabideak. Parodikotasunaren gailurra. Ariketa hau autofikzioaren inguruko aferari heltzeko aitzakia izan al da?

Ez dut uste. Ez dut uste nire nobela autofikzio generoan sar daitekeenik, nahiz eta autofikzioaren osagarri batzuk erabiltzen diren, pertsonaia errealen presentzia esate baterako. Gauza hauek auzi akademikoak dira, baina autofikzioa definitu beharko bagenu, autobiografiaren eta fikzioaren arteko mugan dabilen generoa edo azpigeneroa dela esan beharko genuke eta nirean apenas agertzen da autobiografiatik gauza handirik eta agertzen dena, gainera, kamuflatu samarrik. Beraz, gauza sinpleagoa da: autofikzio mota batek planteatzen dituen galdera batzuen inguruan gogoeta egin nahi nuen eta horretarako genero hori praktikatzen duen pertsonaia bat sartu nuen nobelaren egituran.

Pertsonaia errealak sartu nituela? Oso baliabide zaharra da eta arrazoi batengatik sartu nituen. Izenik gabeko eleberri bat idatzi nahi nuen. Nobela bat ireki eta lehen orrialdean lauzpabost izen ikusten baditut urduri jartzen naiz. Izenekiko oroimen urrikoa naiz, bestalde, eta eguneroko bizitzan ere komeriak izaten ditut. Beraz, ‘irakaslea’, ‘emaztea’, alaba’, emaztearen ahizpa’…. Idatzita, kontakizunak hobeto funtziona zezakeela uste nuen eta kolpetik Joxean Agirre hori sartu dut eta Kirmen Uribe ere sartu badut, ez da izan bere nobela sonatua autofikzio bat zelako, baizik tipoari sinpatia izugarria diodalako baizik. Hala ere, nobela bukatu bezain pronto Ondarroara joan nintzaion zati hori erakustera. Gai nagusietako bat idazleen neurak zirenez, horietako bat jorratzeko erabili nuen Kirmen. Nire nobelan agertzea ohore bat zela erantzun zidan eta eskertzen diot.

Autofikzioaren inguruko afera jolasgai hartu duzula esan daiteke. Joxean Agirre idazlea da, esan bezala, nobelako protagonistetako bat. Karikatura baten gisa agertuko zaigu.

Horixe da aurreko erantzunean esan nahi nuena, autofikzioaren kontu hori jolaserako erabili nuela. Eta egia da bidenabar Agirreren pertsonaia auto erretratu bat egiteko ere erabili nuela, baina modu oso neurtuan, exhibizionismoan erori gabe nolanahi ere.


“Mendekotasunarena da gai nagusietako bat”

2012an Zwein Frauen nobelaz hitz egin genuenean, hauxe adierazi zenigun: “Nik Frisch-ekiko mendekotasunaz hitz egin nahi nuen, eta saiakeran oso txarra naizelako jo nuen fikziora”. Mendekotasunaren gaia ere ageri da lan honetan. Nobela idazteko ideiari hertsiki lotuko da protagonista.

Mendekotasunarena da gai nagusietako bat. Nobelan pertsonaiaren bat esaten duen bezala, kontua ez baita idazteari uztea, utzi eta gero zer egin ez jakitea baizik. Urte batzuk barru idazteari utzi beharra egokitzen bazaigu eta, egokituko zaigu, asmatu beharko dugu denborarekin zer egin.

Alex Gurrutxagak bere kritika batean zioen Romain zen bere izena nobelarekin mugatu zenuela literatura egiteko zeure esparrua. Literaturari buruzko literatura dela zurea. “Eta ados nago”, hori aitortu zenigun aurreko batean eskaini zenigun elkarrizketan. Literatura arloko aipuak etengabeak dira nobela berri honetan ere. Gizajoen katalogoan narratzaileak nobela bat idaztea du helburu. Beraz, ezinbestekoa zuen beste idazleen aipuetara jotzea, ezta?

Nik banekien literatura egiteko nire esparrua gutxi gorabehera zein zen, baina Alex Gurrutxagaren kritika hura guztiz argigarria iruditu zitzaidan. Harrigarria suertatzen zait nik neuk idatzitako nobela baten trama txukun samar kontatzeko gai ez naizenean, kritiko batek nola araka dezakeen hain ondo beste baten lana. Miresten ditut benetan. Egia da, neurri handi batean literaturari buruzkoa da nire literatura, baina ez osorik, betiko gai asko, maitasuna, heriotza, bizitzaren aurreko lilura eta beste mila egunerokoak ere bai baitira. Aipuetara jo gabe, noski, idatzi daiteke eleberri bat. Gaiaren arabera gertatzen da hala edo ez. Ea hurrengoa aipurik gabekoa den.

Bernardo Atxaga aipatzen zenuen Zwei Frauen nobelan, hemen Kirmen Uribe eta Joxean Agirre bera ageri dira. Eta nobela batean zein bestean, beste idazle askoren izenak eta erreferentziak topatuko ditu irakurleak. Zure kasuan, metaliteraturarako joera gero eta handiagoa dela esan daiteke, ezta? Literatura bera duzu inspirazio iturri, eta “langai”?

Uste dut aurreko galderari erantzutean esan dudala zerbait, baina erantsiko diot zerbait. Ni berandu samar hasi nintzen idazten, literatura idazten behintzat, eta konbertitu berrien fede moduko bat dut literaturan eta maite ditudan idazleei buruz hitz egitea gustatzen zait idazten ari naizenean, idizale batek bere idiei edo artzainak ardiei buruz hitz egin dezakeen bezalaxe, pasioarekin. Baina ohartzen naiz nekagarria ere izan behar duela irakurlearentzat eta hasi beharko dudala kontu horri buelta batzuk ematen.

Hitzen ondoeza (Joseba Sarrionandia, Txalaparta 1997) eta Piztiarioak (Jesus Mari Olaizola Txiliku, Elkar 2012) liburuen ildotik, anekdota literarioekin osatu zitekeen hiztegi modukoa. Akaso nobela honek hanpatu du garai batean liburu-egitasmo bat izan zena?

Ez da liburu egitasmoa inoiz izan. Bilduta nuen materiala ez nuela eleberrian erabiliko konturatu nintzenean, une batean pentsatu nuen beharbada liburu solte gisa atera zitekeela hiztegia, baina ideia handinahia iruditu zitzaidan eta berehala uxatu nuen. Aipatu dituzun bi hiztegiez gainera bada besteren bat ere, baina bakoitzak bere eitea du. Nireak nirea.

 

Argazkiak: Ilargi Agirre.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.