barikuko erretratuak

 

Arrakadak joko-zelaian

Lehen orrialdekoa bada ere, txiki-txikia gaurko argazkia. Ematen du moztu, iturrietan jarri, eta iturrietara jolasteko aukera emateko pentsatua dela. Umetan, iturri horietan, edari gasdunen txapen barrualdeetan, itsasten genituen gure kirol-heroiak: txirrindulariak-eta. Haiekin lasterketak egiteko plazako kioskoaren inguruan. Gutxirekin jolasten umeak orduan.

Kuriosoa da gaurko azaletan kirolak, futbolak, hartu duen tarte zabala ikusita, orrialde erdiak eta ia oso-osoak hartu baititu hainbat kasutan, diodan argazkitxoak bi euroko txanponaren besteko zabalera baizik ez edukitzea. ‘Ez da futbola’, esan dezake baten batek. ‘Ez da gizona’, beste batek. Eta biek arrazoi: kostatu egiten da arrakada femeninoa ikustea egunkarietan. Kirol orrialdeetan ez da erraza. Lehen orrialdeetan, zer esanik ez.

Gaur, Bera-Berako kirolari bat azaldu dute argazkitxoan. Eta dio hark: ‘Anbizio handiko taldea gara’. Anbizioa behar du egunkariak emakume kirolaria azalera ekartzeko. Anbizioa, emakumeak berak hori exijitzeko. Berdintasuna esaten, benetan justiziazkoa denari.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.