Poesia azpititulatzeko tailerra Literaturian

EIZIEk antolatuta, poesia azpititulatzeko tailerra egingo dute aurten, bigarren aldiz, Literaturian. Tailerrean partea hartzeko izena eman behar da aldez aurretik, eta, era berean, bideo-itzulgaiak proposatzeko aukera izango da. Hitzordua: maiatzaren 21. Albiste honetan bildu ditugu xehetasun guztiak.

literaturia16-KARTELAA4-1

Aurten ere, poesia-bideoak euskaratu eta azpititulatzeko tailerra egingo dute Literaturian, maiatzaren 21ean (larunbata). Iazko saioak izan zuen harrera ikusita, EIZIE elkartekoak animatu egin dira esperientzia errepikatzera, eta itzulgaiak proposatzeko eta parte hartzeko gonbita egin dute.

Aurtengo saioan, Literaturiak izango duen gai bera aukeratu dute tailerrerako, Larrua (zentzurik zabalenean), eta itzul litezkeen poemak biltzen ari dira. Bideoa duten poema errezitatuak behar dituzte, 2-5 minutukoak (salbuespenen bat egin daiteke). Zuek parte hartu ala ez, horrelakoren bat ezagutzen baduzue, apuntatu ezazue fitxategi honetan. Bakoitzak aurretik landu behar du bere poemaren itzulpena, eta tailerraren hasieran itzulpenei buruz jardungo da; jarraian, itzulpenok sinkronizatuko dira, eta, bukatzeko, jendaurrean erakutsiko dira, Modelo aretoan.

Tailerra irekia eta doakoa izango da, baina izena eman behar da aldez aurretik. Horretarako, nahikoa duzue Literaturiaren egitarauan agertzen den posta helbidera idaztea. Parte-hartzaileekin harremanetan jarriko dira antolatzaileak, xehetasun guztien berri emateko.

EIZIEkoek deia egin dute, jendea anima dadin: “Esperientzia polita izateaz gain, saria ere jasoko duzue: pantaila handian nork bere azpitituluak ikustea errezitaldiekin batera, eta jendearen txaloak jasotzea”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.