“Hutsune bat betetzera heldu da Loraldia”

Bigarren edizioak eman duenarekin, antolatzaileak pozarren

Loraldia Festibaleko kideak oso pozik daude bigarren edizioak eman duenarekin. Eta ekitaldiek kritika zein publiko aldetik izan duten arrakastarekin. Iaz abiatu zen, eta aurten sendotu da. Sustrai erroak dituen seinale. Dagoeneko hasi dira datorren udaberriko Loraldian pentsatzen. Segidan duzue Bilboko festibalaren antolatzaileek igorri diguten balorazioa.

Loraldia2

“Arrakasta handiz plazaratu da Loraldia Festibalaren bigarren edizioa.

16 egunez jarraian, apirilaren 9tik 24ra bitartean, euskal kulturak Bilboko hamaika areto eta kale hartu ditu, eta hiria udaberriko euskal kultur garaikidearen erreferentzia izateko bidean jarri da. Bilbok behar zuen: hutsune bat betetzera heldu da “Loraldia”, eta behar horri bikain erantzun dio.

Aurten arrakasta itzela izan da, bai ikusleei dagokienez, bai sortzaileei dagokienez. Publikoaren aldetik (anitza adin eta estiloan) nabarmena izan da erantzuna: hamahiru areto erabili ditugu, asistentzia-datu bikainekin (edukieraren % 73 bete dugu), eta behin baino gehiagotan zintzilikatu behar izan dugu “Sarrerak agorturik” kartela -Joxemiel pastorala, Bilbronx,  Khantoria, Muxua,  Anne Etchegoyen & Biotz Alai Abesbatza, Gibelurdinek-en Shane Mcgowanen gibela eta Kitto.Nik utzi egingo dut. Ugariak izan dira, era berean, 400etik gora ikusle bildu dituzten ikuskizunak, hala nola, Laboa Jazz, Enkore, Maurizia eta Maite.K.

Baina, ikusleen arrakastatik haratago, nabarmendu nahi dugu goi-mailako eta kalitatezko artea izan dugula gure artean. Hamaika une hunkigarri bizi izan ditugu, eta agerian geratu da gaur eguneko euskal sortzaileen lanek kalitate handia dutela. Bada, eskerrak eman nahi dizkiegu sortzaile horiei, Festibalean jarritako adore eta profesionaltasunagatik. 80 artistak baino gehiagok hartu dute parte Festibalean, 36 ikuskizunetan.

Gogora dezagun orotariko arte-adierazpenak izan ditugula “Loraldian” Festibalean: musika (rocka, rapa, folka, antzinakoa, jazza…), antzerkia, dantza, zinema, arte plastikoak, bertsolaritza… Horra hor gure sormen-aniztasunaren erakusleihorik handiena.

Festibaleko ekoizpenak ere gogoangarriak izan dira. Laboa Jazz ikuskizunak, esaterako, hunkidura kuttunak eta malko bat baino gehiago eragin zizkien ikusleei. Anari eta Maddi Oihenart musikariek, elkarrekin aritzeaz batera, bide berriak zabaldu zituzten. Etorkizuna perfektua balitz Anjel Lertxundik idatzitako testuan oinarritu genuen Sentikariak lanak ere sentimendu sakonak piztu zituen…

Baikor begiratzen diogu geroari. Bigarren edizioak ondo lotu ditu Festibalaren erroak. “Loraldia” gehiago loratuko da datorren udaberrian. Abian gara jada, datorren urtean ere euskal kultura garaikidearen uzta berria jaso ahal izateko.

Loraldia”.

Loraldia

Anjel Lertxundi, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio eta Igelaren Banda.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.