Svetlana Aleksievitx helburu

Iker Sanchok nobel saridunaren liburu bat itzuliko du

Iaz, Suediako Akademiak Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarrari eman zion Nobel Saria. Jokin Zaitegi Sariari esker, bere kronika liburu bat irakurri ahal izango dugu euskaraz. Okerrik ezean, 2017 urte hasieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. Iker Sancho Insausti izango da itzultzailea, eta errusieratik ekarriko du euskarara.

Aleksievitx

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Jokin Zaitegi Saria martxan da berriz ere. Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartea eta Elkar argitaletxea dira lehiaketa honen sustatzaileak, eta literaturako Nobel saridunak euskaratzea du xede.

2013an bere martxa eten zuen arte, sariketa honek Kutxaren babesa jasotzen zuen. Duela bi urte, aurrezki kutxa zenak dirulaguntza eten egin zuen eta babeslerik gabe geratu zen sariketa. Orain baina, Arrasateko Udalaren dirulaguntza batek ordezkatuko du Kutxaren ekarpena. Eta horri esker, iazko Nobel saritua ekarriko da euskarara: Svetlana Aleksievitx idazle bielorrusiarraren kronika liburu bat: Gerrak ez dauka emakume aurpegirik izeneko lana.


Hamabost lan aurkeztu dira

Berpiztu berri duten sariketa honetara hamabost lan aurkeztu dira. Eta horietatik erdiak errusieratik zuzenean itzuliak. Epaimahaiak ordea, Iker Sancho Insaustiren lagina hautatu du.

Ainhoa Ayerbe Zabaleta, Jose Inazio Basterretxea eta Roberto Serrano izan dira epaimahaia osatu dutenak.


Itzulpengintzan doktorea

Iker Sancho Insausti (Lazkao, 1975) eslaviar filologian lizentziatua da, eta itzulpengintzan doktorea. Moskuko Lomonosov unibertsitatean euskarazko irakurlea izan zen, eta gaur egun itzulpengintza irakaslea da EHUren Letra Fakultatean. Berak itzuliak dira Andrei Platonov-en Lubakia eta Sergei Dovlatov-en Konpromisoa.


Zaitegi Sariaren ibilbidea

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez. Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.

2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna. Itzultzailea: Oskar Arana.

2004 Elfriede Jelinek. Itzulpen saria hutsik utzi zen.

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk. Itzultzailea: Iñigo Errasti.

2006 Orhan Pamuk: Elurra. Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.

2007 Doris Lessing: Belarra kantari. Itzultzailea: Koro Navarro.

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua. Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka. Itzultzailea: Ibon Uribarri.

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak. Itzultzailea: Santi Leoné.

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat. Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta.

2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!. Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka.

Kutxak bere laguntza erretiratzea erabaki zuen 2013an, eta babeslerik ezean, Zaitegi Saria etenda geratu da orain arte. Arrasateko Udalak hartu du babesle papera eta laguntza honi esker 2015ean saritua izan zen autorea ekarriko du Iker Sanchok euskarara: Svetlana Aleksievitx-en Gerrak ez dauka emakume aurpegirik.


Munro eta Modiano, salbuespenak

2013an Alice Munrok jaso zuen Nobel saria. 2014 urtean, Patrick Modianok. Bi autore hauek ez zuten Zaitegi Sariaren bidezko itzulpenik izan, baina egon badira bi autore hauen libururik euskaraz. Munro-ren Zorion handiegia ipuin bilduma, esate baterako, modu kolektiboan itzuli zen. Nagore Tolosa, Naroa Zubillaga, Aiora Jaka eta Itziar Otegi aritu ziren itzultzaile lanetan eta Meettok argitaletxeak plazaratu zuen 2011n.

ZorionHandiegia

Monika Etxeberriak Modianoren Dora Bruder itzuli zuen 2015ean, eta  Joseba Urteagak Villa Triste 2011 urtean. Urte batzuk lehenago, 2008an, Pello Lizarraldek Udaberri alua euskaratu zuen. Hiru liburuak Igela argitaletxean topatuko dituzue. Lan hauen inguruko informazio gehiago esteka HONETAN.

Modiano3Igelan

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.