Erein argitaletxearen nobedadeak, plazara

Anjel Lertxundiren Zu liburuaren gaztelerazko itzulpena aurkeztuko dute datorren asteazkenean: Tú. Jatorrizkoa bezala, itzulpen-lana ere Ereinek emango du argitara. Gerardo Markuleta arduratu da egokitzapenaz. Eta ostegunean, ekainak 2,  Pello Lizarralderen nobela berria plazaratuko dute: Elur bustia (Erein).

Autoreak

“Bizitza landu behar dugu, eta ez heriotzarako prestatu

Zu (Erein) minbiziaren aurkako borrokaz eta, oro har, bizitzaren udazkenaz diharduen kronika bat dela esan daiteke. Jatorrizkoa plazaratu eta gutxira, Anjel Lertxundirekin aritu ginen solasean.

Hitzen Uberan eskaini zigun elkarrizketan, Cesare Paveseren liburu bat nabarmendu zuen: “Liburuarekin hasi nintzenean buruan neukan Cesare Paveseren liburu bat, Il mestiere di vivere (Bizitza hizpide); bere dietarioa. Liburuaren funtsa da, azken batean, bizitza landu behar dugula, eta ez heriotzarako prestatu. Etorriko da nahi ez baldin badugu ere. Beste ikuskera bat da, oso ezberdina, eta erlijioak inondik inora ematen ez duena, hain zuzen ere, erlijioa kastrantea da zentzu horretan.

Jarduten dugu denbora guztian bizitza ulertu nahian eta jarduten dugu, batez ere, filosofiaren, edo literatura eta arteen bidez, jakinaren gainean ez dugula ulertuko. Hain zuzen ere, jakinaren gainean ez dugula ulertuko jardute hori da zentzu nagusia. Ez dut ulertuko, baina nik ez dut etsiko ulertzeko ahaleginean, niri oso baliagarria zaidan zerbait bilatzeko ahalegin horretan”.


ElurBustiaPelloLizarralde

Ostegunean, Pello Lizarralderen Elur bustia

Biharamunean, ekainaren 2an osteguna, Pello Lizarralderen txanda izango da. Elur bustia du izena bere nobela berriak eta, Lertxundirena bezalaxe, Lizarralderena ere  Donostiako Udal Liburutegiko sotoan aurkeztuko dute.

“Lizarralderen pertsonaiak begi, belarri eta usaimen dira hitz bilakatu bitartean. Eta paisaiaren barruan, izan urbanizatua edo basoa, hartzen du arnasa pertsonaia horrek, eta harekin nobelak.

Ez dakigu asko eleberri honetako protagonistaren biografiaz: dakiguna da Ramiro deitzen dela eta hegoaldea duela xede. Lanak huts egin eta etxerako itzuleran da Ramiro, zain duen familiaren ondora. Ez dugu haren iraganik ez etorkizunik ezagutzen, soilik eleberriko peripezien ibili xehean ikusi, hauteman, gogoetatutakoek ematen dute Ramiroren dimentsio humanoaren tamaina”, Ereinen promozio-orrian irakurri dugunez.

Liburuaren lehen orriak sarean aurreratu dituzte honez gero, erein.eus web orrian: Elur bustia (Erein).

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.