Etxekoak, azkenengo aldiz

Hamaika plaza ibili ditu Etxekoak antzezlanak, eta gaur egingo dute azken emanaldia, Bilboko Kafe Antzokian. Jon Gerediagak idatzi du obra, Ander Lipusek zuzendu, eta lau aktorek antzeztu: Lipus bera, Kristiane Etxaluz, Maika Etxekopar, eta Javier Barandiaran.

ETXEKOAK-Huts-Teatroa-1-1-e1450379060598

Ezin da edonor etxean sartu. Hala dio legeak. Maddik Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak.

Talka horixe du abiapuntu Artedrama Laborategiaren eta Huts teatroaren lanik berrienak, maitasun-istorio bat, bertakoak eta kanpokoak, familia bat eta bertan kide berri bat txertatzeko nekeak. Lau pertsonaiak osatzen dute familia hori: “Maddi, neska gazte euskalduna, Mamadourekin maiteminduta dago; Goio, Maddiren osaba tentela; Imanol, Goioren anaia, Maddiren osaba; eta Amama, Maddiren amama, Goio eta Imanolen ama”. Lau aktore, hurrenez hurren, Maika Etxekopar, Javier Barandiaran, Ander Lipus eta Kristiane Etxauze. Jon Gerediagak idatzi du obra, eta Lipusek zuzendu.

Antzerki-taldeak oharra helarazi du, azken emanaldiaren harira: “Bagoaz betirako, plazerrez egin dugu bidaia hau eta zenbat dugu eskertzeko konplize izan zareten guztioi: ikusle, lagun, komunikabide, erakunde, antzokietako programazio arduradun… Uste baino lehen, baina iritsi da momentua betirako agur esateko eta oholtzan beste sorkuntzei lekua uzteko. Maddi gure neska maitagarria, Amama maitea, Imanol osaba zuhurra, Goio osaba zintzoa…ta nola ez Mamadou”.

Antzezlanak oihartzun handia jaso du prentsan. 2015eko azaroaren 1ean estreinatu zuten lana, Luhuson.

Gaur bertan Berria egunkariak jakinarazi duenez, beste proiektu batean ari dira lanean Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategia antzerki taldeak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.