‘Nor da Nor’ datu-basea handitzen doa

2015ean argitaratutako liburuak eta horien kritikak jasotzeaz gain, aldizkarietan, web orrietan eta han-hemenka argitaratutako literatur itzulpenak batu berri dituzte.

NorDaNor1

EIZIEren web orrian izan dugu honen berri: “Jakin bagenekienez literatur itzulpen asko zeudela paperezko liburuetatik kanpo, horiek ere jaso nahi genituen Nor da nor datu-basean, itzulitako literaturaren informazio osoa emango bagenuen. Eta hala, aldizkarietan argitaratutako 1.591 itzulpenen eta sarean zabaldutako beste 252ren fitxak kontsulta daitezke orain, bai eta testuak berak ere, sarean ikusgai baldin badaude”.

Eguneratze prozesu honetan, Armiarma taldekoekin elkarlanean jardun dute. Bertan dira Euskarari ekarriak eta Literatur aldizkarien gordailua izeneko atalak. Atal horietan bilduta duten informazio guztia Nor da nor datu basera batu dute.


Antzerki-lanak eta itzulpen “txatalak”

“Egindako urratsaren garrantziaz ohartzeko, antzerki lanei begiratzea baino ez dugu; euskaraturiko 95 obra argitaratu dira liburu modura, baina beste 45 antzerki-lan ditugu euskaraturik, aldizkari edo webguneetan argitaraturik, eta horietako gehienak sarean eskuragarri”, EIZIEk jakinarazi duenez.

Eta bestelako argitalpenetan agertzen diren “itzulpen txatalak” ere bildu dituzte, hau da, Batxilergorako testu liburuetan, entziklopedietan… agertzen diren itzulpen zatiak.

Horretaz gain, 2015eko itzulpenak gehitu dituzte, “baina jakitun gara euskaratik beste hizkuntzetarako atalean hutsuneak egongo direla; zaila da informazio hori biltzea, eta ezinezkoa zaigu gainerako atalak bezain eguneraturik izatea”.


Itzultzaileen biografiak

Itzulpen horien eta oraindik bildu gabe dituztenen atzean dauden itzultzaileen berri ere eman nahi du Nor da nor-ek, eta 48 itzultzaileren biografia laburrak sareratu dituzte. “Lehenagotik zeudenei gehituta, laurogeita zortzi biografia ditugu ikusgai. Urtean zehar biografia gehiago prestatuko ditugu, oraindik bide luzea baitugu”.


 

“Uste dugu joko handia eman dezakeela ikerketarako ere”

2014an, EIZIEk Nor da nor egitasmoa abiarazi zutenean, Bego Montorio elkarrizketatu genuen. Hauxe duzue elkarrizketa hari dagokion esteka: Nor da Nor datu basea ezagutuz.

Eta ondoko bideoa, Nor da nor egitasmoa Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu zutenekoa:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.