Don DeLillo euskarara, estreinako aldiz

Don DeLillo autore estatubatuarraren azken eleberria argitaratu berri du Meettok argitaletxeak: Zero K. Aritz Gorrotxategik itzuli du lana. Maiatzean bertan kaleratu zuten ingelesezko bertsioa, eta berehala iritsi da gurera. Autore ezaguna da DeLillo AEBetan, hala ere, hauxe da euskaraz irakur diezaiokegun lehen lana. Irudia: Joyce Ravid.

Don-DeLillo-by-Joyce-Ravid_NEWsite

Autoreari buruz

Italiar etorkinen seme, New Yorkeko Bronx auzoan jaio zen Don DeLillo, 1936an. Fordham unibertsitatean egin zituen ikasketak, jesuiten artean, eta horretan bat etorri zen bere maisu James Joyceren patuarekin. Maisutzat ditu, halaber, Franz Kafka, John Dos Passos eta William Faulkner. Bost urtez publizitatearen munduan lan egin zuen, copywriter gisa.

Ipuinak, saiakerak, antzerkia, zinemarako gidoiak eta hamabost nobela idatzi ditu. Eleberrien artean, aipatzekoak dira: White Noise, 1985; Libra, 1988; Underworld, 1997, eta Falling Man, 2007.

National Book Award saria jaso zuen 1985ean eta 1998an; Faulkner saria, 1992an; Pen/Saul Bellow saria 2010ean, eta, duela gutxi, National Book Foundation Domina eman zioten bere literatur ibilbideagatik.

Eleberriari buruz

Aritz Gorrotxategi itzultzaileak azaldu ditu Zero K liburuari buruzko xehetasunak. Eleberriak bi zati dauzka. Lehenengoan, Jeffrey protagonistak Zero K gunean igarotako boladaren berri ematen da. Bigarrenean, ordea, Jeffreyren eguneroko bizitza agertzen da. Gorrotxategiren hitzetan, gertakariz gertakari, heriotzari buruzko gogoetak dira eleberriaren muina, eta mamitsua da, izan ere, hainbat galdera sortzen dizkio irakurleari, biziraupenaren, heriotzaren eta klasearen eta egoera ekonomikoaren inguruan. Jeffreyren eta haren aitaren arteko harremana ere badu muntarik. Izan ere, Jeffreyren aita negozio-gizon garrantzitsua da, magnate bat. Jeffreyk, ordea, uko egin dio bide horri, eta bestelako lanbideetan dabil, batean eta bestean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.