Etikaren aldeko apustua

Datorren astelehenean, Donostiako Victoria Eugenia Club Aretoan

Poesia eta Pentsamendua errezitaldiaren edizio berri bat aurkeztu dute gaur Donostian. Ekainaren 27an astelehena, sei poeta hauek arituko dira Victoria Eugeniako Club Aretoan: Itxaro Borda, Julia Otxoa, Andoni Salamero, Asier Serrano, Viktor Jakimovski  idazle mazedoniarra eta Luis Alberto de Cuenca (Espainiako 2015eko Poesia Sari Nazioanala). Datorren asteleheneko emanaldia iragartzearekin bat, ekimen honen sustatzaileek manifestu berri bat eman dute argitara: Gu ez garen bestea.

PoesiaEtaPentsamendua

Beste hizkuntza batzuen presentzia

Poesia eta Pentsamenduaren 9. edizioan idazle mazedoniar batek hartuko du parte:  Viktor Jakimovski. Beste hitzak egitasmoaren eskutik, bi hilabeteko egonaldia egiten ari da Hugoenean. Datorren astelehenean, Victoria Eugeniako Club Aretoan izango da Viktor Jakimovski, Itxaro Borda, Julia Otxoa, Andoni Salamero, Asier Serrano eta Luis Alberto de Cuencarekin batera.

Juan Ramon Makusok aditzera eman duenez, hori izango da aurtengo edizioaren berrikuntza nagusia. Datorren urtean, Poesia eta Pentsamendua zikloaren 10. edizioa ospatuko da eta bide horretan sakondu nahi dutela adierazi du.


 “Errezitaldia irekia da”

“Hizkuntzen nahasketa, gonbidatuak ideia jatorri eta pentsamendu ezberdinekoak izatea…”, horrek guztiak plus bat ematen dio errezitaldi honi. Aritz Gorrotxategiren ustez, herri honetan egiten diren jaialdi batzuetan ez da irekitasun hori aurkitzen. “Kasu honetan azpimarratzekoa da errezitaldia erabat irekia dela”.

Errezitaldiaren atarian plazaratu duten manifestuaz ere hitz egin du. Aritz Gorrotxategik aditzera eman duenez, “herri honetan, bestearen tokian jartzea falta izan da. Eta Gu ez garen bestea  manifestuak, hein handi batean, horretaz hitz egiten du. Poesia ez dagoela ideia, ideologia, aberria edo ez dakit zeren alde; gizaki izatetik sortzen zaizkigun min, arazo, poz edo emozio horiek bata bestearengana helarazteko bide bezala baizik”.


Aurtengo manifestuan, etika hartu dute hizpide

Errezitaldiaren atarian,  Gu ez garen bestea manifestua plazaratu dute. Idatziak Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso, Felipe Juaristi eta Pello Otxotekoren beraren sinadura darama. Bakoitzaren idazkera ezberdina izan arren, lau idazleen literaturan eta jarreran etikaren presentzia garrantzitsua dela adierazi du Pello Otxotekok. “Oso nabaria da. Eta aurtengo manifestuan esplizituki etikaren aldeko apustua egin dugu. Lagun hurkoa hartu dugu kontuan”.


 “Poesia izan da elkartu gaituena”

Poesia aldarrikatzera datoz jardunaldi hauek. Felipe Juaristik adierazi duenez, “poesiarekin identifikatzen gara eta poesia izan da elkartu gaituena. Poesia maite dugu eta besteek ere guk gustuko dugun poesiarekin gozatzea nahiko genuke”.

Eurentzat poesia zer den azaltzea ez dela erraza azaldu du Juaristik, “baina batzen gaituena da horrelako errealitatea gainditzeko asmo etiko bat”.


 

Poesia eta Pentsamenduaren 9. errezitaldia

Ekainaren 27an astelehena, Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan, 19:30ean hasita.

Larrinaga

Sarrera doan da baina gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan jaso behar dira, ekainaren 27an bertan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Partaideak:Itxaro Borda, Julia Otxoa, Andoni Salamero, Asier Serrano, Viktor Jakimovski eta Luis Alberto de Cuenca (2015eko edizioan, Poesiako Sari Nazionala).

Musika: Jon Makuso biolin-jotzailea.

Ilustrazioa: Imanol Larrinaga.

Poesia eta Pentsamendua 9. errezitaldia iragartzearekin batera, manifestu bat plazaratu dute, 10.a jada: Gu ez garen bestea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.