Aste honetako liburu aurkezpenak

Uztailarekin uda betea gainera datorkigun honetan, liburu berriak ditugu ate joka. Pasa den astean Don DeLillo-ren Zero K aurkeztu zuen Meettok argitaletxeak. Aste honetan hiru titulu berri: Edu Zelaietaren Ispilu biluziak (poesia, Pamiela), Joxe Auxtin Arrietaren Estalien gradora (poesia, Txalaparta) eta Juan Gorostidiren Zazpigarren heriotza (memoria/testigantza, Erein). (Argazkiaren jatorria: Berria).

edu zelaieta

Edu Zelaieta, Ispilu biluziak (Pamiela)

ispilu biluziak

Ez omen dute gezurrik esaten eskuko ispiluek.
Ez aintzira garbiek. Ez botila hustuek.
Denetan leialenak omen dira eskuko ispiluak,
egia optiko osorik eskaintzen ez badute ere.

Gerta liteke sakelan edota poltsan
daramagun ispilutxoa teman ibiltzea
ez dakusagun (geure) alderdiren batekin.
Eta gezurretan ari zaigula iruditzea.

Ez omen dute isla bera isurtzen eskuko ispiluek.
Ez aho arrotzek. Ez isiltasun ezagunek.
Nire mirailtxo hauek, adibidez,
biluzik dabiltza zuen begien aurrean.

Lasai aukeratu, hortaz,
nola agertu,
zeri erreparatu, zeinetan ikusten duzuen zeuen burua hobekien.

 

Joxe Auxtin Arrieta, Estalien gradora (Txalaparta)

estalien gradora

Poema antologia honetan Joxe Austin Arrietak azken hiru hamarkadetako poemak bildu ditu, Edgar eta Niketz alter egoen elkarrizketak harilkatuta azaltzen dizkigunak. Ikuspuntuan zorrotz, estiloan jostari, irudi indartsuz azaltzen du Estalien Gradora egilearen barne-borroka. Berak aitortzen duen bezala, ez gara Volgaraino iritsi, baina borrokatu gaituk, ahalik eta zorrotzen, ahalik eta zuhurren. Ez dugu helburua lortu baina hurbildu bai, hurbildu gaituk.

Zoazte. Literaturarik ez.
Hau poesia da. Behar du izan.
Hartzidura radarrez kontrolatua.
Hitza Estalien Gradora, Volgaraino.
Atxik-lotu estatua goroldiotuak.
Birbatu berbaro sakabanatuak.
Galdekatu presonierrak ohi legez.
Leherrarazi Traktoreen Faktoria.
Ekarri gure lineetara Zuhandor.
Elegrafiatu etsaimenduak oro.
Wait for further orders.

 

Juan Gorostidi, Zazpigarren heriotza (Erein)

zazpigarren heriotza

Non nengoen eta zertan nenbilen ni zure adinean?”: galdera horrentzako erantzuna saiatuz, alabari igorritako gutun batekin abiatzen du Juan Gorostidik izkribu hau, noiz eta 2011ko udazkenean, ETAk bere “jarduera armatua behin betiko amaitzearen erabakia” plazaratu zuen biharamunean. “Telebistako saioetan edo kazetarien berrietan aurkituko ez duzun historia bat kontatu behar dizut”, zuzentzen zaio, aspaldian atzendutako gogoetaren unea zabaltzen zelakoan. Galdera horrek 1974 eta 1982 urte bitarteko tartera eraman dute egilea liburuaren lehen erdian. Formazio eta bizipen bortitzen aro hura tupustean amaitu zen, Lemoizko zentralaren aurkako mugimenduaren porrotarekin, eta barne-erbesteratze luze bati atea zabaldu zion.

Memoria eta testigantzatik haratago, erabateko gaurkotasuna duten gaien inguruko gogoetaz dago hornitua liburua, “beranduegi eta berriro hitzik gabe geratu baino lehen” egungo erronka etiko eta politikoei ezohiko begiratua luzatzen zaie bertan. Lerrokatze sektarioez eta akademikoez landa, hainbat baliabide kontzeptual eskaintzen zaizkigu, erreferentziazko pentsalariekin elkarrizketan: suplantazioa, sekularizazioa, errepikapena, masokismoa, autonomia edo fetitxismoa, besteak beste.

Euskal paisaia industrial suntsitu baten erdian Guggenheimen lilurara errenditzeko egunero errepikatzen zaigun honetan, gonbidapen deseroso bat aurkituko dugu liburu honen lerroetan: ezkutuan gelditu den Lemoizko zentralaren oskolera begirada zuzentzeko eta Kafkaren Legearen aurrean paratzeko.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.