‘Zerua gris dago’ albumak irabazi du Etxepare saria

Isaak Martínezen eta Liébana Goñiren Zerua gris dago albumak irabazi du 2016ko Etxepare saria. Aurten, 23 lan aurkeztu dira. Album irabazlea Pamiela argitaletxeak argitaratuko du udazken partean.

EtxepareSaria

Zerua grisa egon arren,  elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da Isaak Martínezen eta Liébana Goñik osatu dutena. Ipuinaren protagonistak bi haur dira, elurraren isiltasunari eta lasaitasunari bizitza ematen diotenak hain zuzen ere.  Elur artean denbora aurrera doa, baita haien arteko erlazioa ere.


 “Laguntasunaren aldeko proposamen sotila”

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute epaimahaia. Euren ustez, irabazle suertatu den lanean “adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila”.


Bizitzari gorazarre

Epaimahaikideen esanetan, Zerua gris dago lanak zeru grisaren azpiko zelai zurian aurki daitekeen bizitzari gorazarre egiten dio, “poliki eta kontu handiz, elur maluta elurtzara erori ohi den eran, eta hoztasunean lagun bat izateak ekar lezakeen konplizitate koloretsua erakusten digu, berdin dio lagun hori neska ala mutila izan.

Testuaren eta irudiaren —gutxitan bezalako— oreka nabarmendu nahi dugu, apenas aditzik duen testu finaren eta finezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean; ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.

Zerua gris dago lanak elurraren isiltasun mutuan murgiltzen gaitu, gainerako doinuak aditzeko. Elurretan oinak sartzeko gonbita egiten digu urrats-soinuekin gordeketan jolasteko”.

Irudiak oso aberatsak direla diote epaimahaikideek: “erabilitako kolore zein ukiarengatik eta erakusten dituzten xehetasunengatik. Horiek guztiek irakurketa ezberdinak ahalbidetzen dituzte eta erakargarri egiten dute historia. Gainera, planoak aldatzen direnez, erritmoa mantendu egiten da eta irakurlearen arreta mantentzen da.

Zerua gris dago lanak hitz solteak, esaldi laburrak, onomatopeia esanguratsuak eskaintzen dizkigu irakurleoi, orriz orri, irudiak lagun eta erritmo pausatuan, bi protagonisten jokoan parte hartzeko.”

Isaak Martínezen eta Liébana Goñik 5.000 euroko saria jaso dute, egile eskubideen aurrerapen moduan.


Bi egileen profilak

Isaak Martinez Ortíz, Hondarribian jaio zen 1975ean. Bertan institutua amaitu ondoren, Iruñera etorri zen Irakasletza egitera. Haur Hezkuntzako maisua da gaur egun eta Uharten bizi da. Bere lanak idaztearekin zerikusi handia ez badu ere, txikitatik gustatu izan zaio idaztea eta aspaldidanik lagunentzako edo bere buruarentzako ipuinak edo olerkiak egiten ditu.

Liébana Goñi Yárnoz, Iruñean jaio zen 1986ean. 2009an Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Diseinu Grafikoan eta Publizitate Artistikoko Zuzendaritzan espezializatu zen. Ilustrazioarekin zerikusia duten jardueretan parte hartu du, bai bakarka edota Y Peluda kolektiboaren partaide bezala. 2015ean Ilunean Argi argitaratu zuen (Denonartean Argitaletxearekin), berak idatzitako eta ilustratutako haurrendako bere lehenengo album ilustratua. Urte berdinaren bukaeran, bere bigarren albuma aurkeztu zuen Malko izenburuarekin. Gaur egun ilustrazioarekin zerikusia duten proiektu desberdinak egiten jarraitzen du.

Etxepare saria Nafarroako 19 toki entitateek, haien euskara zerbitzuen bidez, antolatzen dute. Hona zerrenda: Agoizko Udala; Antsoaingo Udala; Atarrabiako Udala; Barañaingo Udala; Baztango Udala; Berriobeitiko Udala; Berriozarko Udala; Bortzirietako Euskara Mankomunitatea; Burlatako Udala; Esteribarko Udala; Garesko Udala; Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea; Estella-Lizarrako Udala; Malerrekako Mankomunitatea; Sakanako Mankomunitatea;  Tafallako Udala; Uharteko Udala; Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.

Laguntzailea: Pamiela argitaletxea.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.