Isaak Martinez: “Aspalditik nuen ipuin hau idazteko gogoa”

2016ko Etxepare Sarian, Isaak Martinezen eta Liébana Goñiren Zerua gris dago proiektua saritu dute. Album ilustratu honek Isaaken idatzi bat du abiapuntu, eta irudiak Liébana Goñi marrazkilariarenak dira. Isaak Martinezekin jarri gara harremanetan eta pozarren sumatu dugu: “sariak ilusio handia eman dit, eta noski, gauza gehiago egiteko gogoa ere”. Gauzak ondo bidean, album ilustratu honek udazkenean ikusiko du argia.

Etepare01

Zerua gris egon arren, elurrez eta koloreetako etxeez inguraturiko istorioa da Isaak Martinezek eta Liébana Goñik osatu dutena. “Aspalditik nuen bi haurren inguruko ipuina idazteko gogoa”, Isaak Martinezek aditzera eman digunez. “Elkar ezagutzen ez duten bi haur, bata mutila, neska bestea, sexu ezberdinen artekoen harremanak hain zailak izaten diren adinean”.

Bi haur dira protagonistak. Zerua gris dago albumarekin zer kontatu nahi izan duzu?

Isaak Martinez. Aspalditik nuen bi haurren inguruko ipuina idazteko gogoa. Elkar ezagutzen ez duten bi haur, bata mutila, neska bestea, sexu ezberdinen artekoen harremanak hain zailak izaten diren adinean. Baina jolasa edozer gauza konpontzeko gai da.

Epaimahaiak testuaren eta irudiaren oreka nabarmendu du. Erraza izan al da bion arteko elkarlana?

Isaak Martinez. Oso erraza izan da berarekin lan egitea. Berarekin batera testua moldatzea luze xamar jo zuen baina bion arteko sintonia erabatekoa denez (zalantzaren bat tarteko), oso prozesu interesgarria eta polita izan da. Errepikatzeko prest!

Zure ipuineko pertsonaiak Liébana Goñi marrazkilariak gorpuztu ditu. Irudiak zer nolako ekarpena egin dio idatziari?

Isaak Martinez. Liebanak asko eman dio idazlanari. Nik oinarria besterik ez nion eman, berak bere estilo bereziaz gorpuztu zuelarik. Liebanaren ikuspegi bisual paregabeak eman dio ipuinari orain duen itxura bikaina.

Hau da plazaratuko duzun lehen idatzia. Sari honek lan gehiago argitaratzeko grina piztu al dizu?

Isaak Martinez. Beste ipuintxo bat kaleratu zuten iaz baina eskatutako zerbait izan zen eta kontakizunak ildo jakin bat jarraitu behar zuen eta pertsonaia nagusia ezarrita zegoen. Gainera, presaka egin zenez, ez nuen hartu-emanik izan ilustratzaileekin. Beraz, emaitza eta esperientzia txarrak ez baziren izan ere, ez nuen benetako “nirea” sentitzen.

Sariak ilusio handia eman dit eta noski, gauza gehiago egiteko gogoa ere. Baina niretzat baino (azken finean nire bidea irakasletzan dago), espero dut saria Liebanarentzako bultzada izatea. Eta beste zer edozer egitekotan, berarekin egin nahiko nuke.


EtxepareSaria02

“Laguntasunaren aldeko proposamen sotila”

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatu dute Etxepare Sariko epaimahaia. Euren ustez, irabazle suertatu den lanean “adiskidetasun baten sorrera kontatzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila”.

Gauzak ondo bidean, album ilustratu honek udazkenean ikusiko du argia. Sari honetako beste lanak bezalaxe, hau ere Pamiela argitaletxeak plazaratuko du.

Argazkiak: Etxepare Saria.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.