Ixone Ormaetxerekin solasean

Memoriaz hitz egiten dugunean, oroitzapenak dakartzagu beti gogora. Ixone Ormaetxe artistak (Bilbo, 1978), ordea, akorduan ez ditugun gauzei erreparatu die Ez dut gogoratzen liburuan. Banizu Nizuke argitaletxearen eskutik kaleratu du zuen lana, iaz. Ahanzturaz eta sormen-prozesuaz hitz egin dugu harekin. (Irudiak: Ixone Ormaetxe eta Banizu Nizuke)

AUTORERETRATUA

AUTORERETRATUA

Nola sortu zen Ez dut gogoratzen?

Nire obra beti mugitu izan da espazioa behatu eta deskribatzeko modu anitzen artean eta ikuslea obraren parte bihurtzea izaten du helburu, hots, behatzaileak behatutakoa eraldatzen duela frogatu.

Kasu honetan, “Ez dut gogoratzen” lanaren gakoa da memoriak zenbateko garrantzia duen espazioa –errealitatea– ulertzeko eta behatzeko ariketan; hori azpimarratzean du. Hiri batean aukeratutako bazterrak behatu ondoren, emaitzak arte-lan baten gorpuzkera hartzen du beti, eta gertaera, espazio edo objektu komunikatibo bat eraiki. Horien artean, marrazki bilduma bat egin nuen leku zehatz baten aurrean ikusi eta sentitutakoa deskribatzeko, eta erakusketa aretotik pasa ondoren, liburu baten formatua hartu du ekarpen ezberdinak uztartuz.

Artea, literatura eta zientzia –errealitatera hurbiltzean– gurutzatzen diren bideak direla sinesten dudanez, nire “Ez dut gogoratzen” proiektuak, liburu baten gorputza eta “arauak” betetzen dituen objektu artistikoa da. Hau da, ikerketa, esperientzia eta jolas baten gorpuzkera.

Nolakoa izan da sormen-prozesua?

2008an hasi zen proiektu erraldoi baten parte da liburua. Jarraitutako metodoa hiriko 6 leku zehatzetatik abiatzen da, bertatik 12 deskribapen sortu ziren, (2 deskribapen leku bakoitzeko), lehena lekuan bertan egina eta bigarrena nire estudioan, ikusitako guztia gogoratzen saiatuz.

2009ko Martxoan, Gasteizeko Santa María Katedralaren plazan ikusitakoa eta sentitutakoa gogoratu behar nuenean, ahazteak, oroitzapenak bezala, gure bizitzaren parte direla konturatu nintzen. Liburua, espazio horrekin lotura duten 100 ahazturaz osatzen da: 100 esaldi eta 100 marrazki; guztiak aurre-oroipen bat eskatzen dutenak eta erantzunik ez dutelako aukeratuak izan direnak.

George Perec-ek, 1969an Parisen egindako proiektu baten inspiratzen denez nire lanaren metodoa, 2011an Parisera joatea erabaki nuen. Pariseko eta Gasteizko mapak gainjarriz, aurretik Gasteizen deskribatu nituen sei espazioak Parisen birtualki kokatzea ahalbidetu ninduen. Bertan, sei espazio berri aurkitu eta deskribapen berriak sortzeko aukera izan nuen, batzuetan hiritarren inplikazioa bilatuz.

Orain arte, oroitzapenei buruz idatzi dute hainbat autorek (Perec, Sarrionandia), zergatik erreparatu ahanzturari?

Lehenik eta behin, Joseba Sarrionandiak nire proiektu honetan parte hartzeko gonbita jaso eta hitzaurrea idatzi izana ohore bat izan dela niretzat esan beharra daukat.

Nire proiektuaren lehen pausoak ematen nenbilenean, memoria ariketa amaigabeak egiten nituen espazioa deskribatzeko. Ikusitakoa ordenean jartzeko ahaleginean nire buruaren kontra nenbilela konturatu arte. Behaketa-esperientzia zehatz honekin hasi nintzenean, ahazteak burura iristen zitzaizkidan, nahasita: katedralaren plaza lehen aldiz ikusi nuenetik abiatu eta nire haurtzaroko edo normalean ahaztutako gauzetara arte bidaiatzen zuten. Orokorrenetik, nire bizitzako egun zehatz baten partikulartasuneraino.

Memoriari buruz asko ikertu eta idatzi da eta erreferente paregabeak aurki daitezke gai honen inguruan, baina “kontrako bidea” hartzea erabaki nuen ahanzturari omenaldi bat egiteko eta oroitzeko beharraren estutasunetik ihes egiteko. Izan ere, ahanzturarik gabe, oroimenik ez.

Gasteizek garrantzia handia du liburuan. Zergatik aukeratu zenuen?

Esan bezela, nire lanaren ardatza behatzaileak behatutakoa eraldatzen duela erakustea da, nire esperientzia adibide gisa hartuz. Proiektua abiatzeko garaian Gasteizen nengoen lan arrazoiengatik, eta hiria sakon ezagutzen ez nuelako –ez bainaiz bertakoa– kanpo-ikuspegia ote nuen frogatu nahi nuen. Hasieran aitzakia bat baino ez zen hiria, baina, gero, obraren mamia bihurtu da. Azken finean, hori da askotan gertatzen zaidana lan egiterakoan, espazioarekin obsesionatzen naizela, “nirea” bihurtu arte.

Sormen-prozesuaren harira, idazketa ez ezik, bestelako sormen-baliabideak ere erabili dituzu. Gustuko duzu horiek uztartzea? Zergatik egin duzu horrela?

Hala da. Egiten ditudan espazio-deskribapenak disziplina askotan mugitzen dira, ikus-entzunezkoetatik poesiara, performance-tik ehun-diseinura edo instalaziotik argazkigintzara… Mezu bat bidaltzeko baliabideak dira, kontzeptuak eskatzen duenaren araberakoa, hurrenez hurren. Liburuan gertatzen den bezala, askotan, erabilitako baliabideak uztartu egiten dira, oraingoan marrazketa eta testua eskutik doaz espazio bat behatzerakoan gertatutakoa irudikatzeko nahian. Elkarren osagarri dira eta bakoitzak bere funtzioa betetzen du, antzezlan bateko aktoreak bezala.

Liburu berezia da hau, hainbat osagai ditu. Azalduko zenizkiguke?

“Ez dut gogoratzen” ahanzturaren inguruko obra denez, liburuak ere, kaos hori irudikatu nahi du. Horregatik, barnean topa daitezken liburuxkak azaletik solte daude; honek irakurketa askea ahalbidetzen du, aurretik-atzera edo alderantziz. Norberak erabaki dezake jarraitu nahi duen ordena. Irakurleak, nire proiektuaren gorabeherak ezagutu ahal izango ditu alde batetik, Gasteizen hasitako esperientzia eta Parisen jarraipena izan zuena, hain zuzen ere. Bestalde, 100 marrazkiz eta 100 ahaztez osatutako liburuxka bat eta azkenik, Pariseko hiritarrei “eta zuk, zer ez duzu gogoratzen?” galdera zuzendu eta jasotako erantzunekin. Testuak euskaraz, erdaraz eta ingelesez agertzen dira.

Kanpoko itxurak ere ahanzturaren kontzeptuaren ildotik jarraitzen du: goma elastiko batek, dena gogoratzeko nahia eta memorian eusteko desira irudikatuz.

04

Pozik geratu zara emaitzarekin?

Urte askotako lan gogorra izan da, asko ikusi eta asko ikasi dut orain arte eta garrantzitsuena: irakurle zein ikusleen ekarpenak jasotzea eta plazaratu ahal izatearen helburua bete ahal izatea izan da gehien bete nauena. Bestalde, nire obrari liburu-formatua ematea erabaki izateak arte alorrarekin zerikusirik ez duen horien ateetara deitzea ahalbidetu du, beraz oso pozik nagoela esan dezaket.

Nire kasuan, memoriak nola funtzionatzen duen hobeto ezagutzeko balio izan dit. Gure oroitzapenak askotan asmatu egiten ditugula ere ohartuz, eta hauek errealitatea eraldatzeko ahalmena dutela konturatuz. Beste batzuetan, derrigorrez ahaztu beharreko esperientziak ere badaudela egiaztatu dut, beti ere espazioarekin, edo hiriarekin kasu honetan, sor dezakeen harremanetan erreparaturik. Gogoeta hauek guztiak dira irakurleari helarazi nahi dizkiodanak, eta bide batez beraien erantzunak eskatu.

Pare bat tokitan aurkeztu duzu liburua. Ekimen gehiago antolatzeko asmorik?

Orain arte, Bilbon: BALA (Bilboko arte liburu azoka) –n eta ANTI liburudendan egin izan ditut “Ez dut gogoratzen” –en aurkezpenak. Iruñan ere egon ginen KATAKRAK-en eta ikusmira orain Donostian eta Gasteizen daukat. Nola ez?

Gogoratzen ez dituzun gauzen zerrenda handiagotzen ari da, ala amaitu duzu jada?

Egia esan, ez zen batere erraza izan “makina gelditzea”… izan ere, oraindik bueltaka dabil nire baitan. Jolas amaigabea da eta guztioi ariketa hau egitera gonbidatzen dizuet: inguruko espazio bat aukeratu, eseri, behatu, imajinatu ikusten ez dena, inguruan dituzuen soinuei erreparatu eta espazio zehatz horrek memoria pizten duenean zuen buruari galdetu: eta nik, zer ez dut gogoratzen?

Ba al daukazu bestelako idazketa-proiekturik buruan, etorkizunera begira?

“Ez dut gogoratzen” obrak irakurleak parte hartzea du helburu, horregatik helbide elektroniko baten bitartez beraien ahazteak niri bidaltzera gonbidatzen diet. Etorkizunean guztiak bildu eta marrazkien bidez irudikatzea nahiko nituzke bigarren ale bat argitaratzeko.

 

01

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.