Lutxo Egia: “Paisaia ez da ikusten dena, idazten dena baizik”

‘Hiri hori da hiri hau’ solasaldia eskainiko du Ean

Poesia Egunak dira Ean. Lutxo Egia izango da partehartuko duen idazleetako bat. Bilbo, paisaia eta literaturaren bueltan arituko da larunbat eguerdian. Inunen kantuek girotuko dute Lutxo Egiaren solasaldia.

LutxoEgia01

Hiri hori da hiri hau hitzaldia eskainiko duzu. Antolatzaileek igorri diguten dossierrean erreparatu dugu, eta badirudi Gabriel Aresti izango duzula abiapuntu. Arestiren inguruko hitzalditzat har dezakegu?

Lutxo Egia. Ez, inondik ere. Areago, hasieran hura “hiltzeko” asmoa zegoen, non eta Ean. Baina ez gara horren urruti joango, azken finean Aresti da Bilbo literatura-hiri bilakatu duen bakarra. Abiapuntua, baina, 1992. urtean dago, Bilbon Guggenheim museoaren frankizia bat ezar zitekeela aztertzen hasi zirenean. Hamarraldi batean hirian mugimendu handiak gertatzen dira hiru planotan: haragizkoan, sinbolikoan eta ideologikoan. Museoaren gestazioa utopia baten diseinua da, eta gure literaturan, eraikitzearen ostean etorritakoa haren inguruan harilkatu da tentsio dialektiko moduan. Imaginario bi sortzen dira, paisaia bi, eta azken hogei urteotan, bi paisaia horiek elkarren kontra aritu dira Bilboko iruditerian. Beraz, batez ere ikusiko dugu nola eraiki dugun hiria literaturatik azken urteetan. Baina, jakina, bidean Aresti azalduko zaigu, baita Atxaga eta beste batzuk ere.


“Paisaia ideologia da, baina transitoa ere bada”

Bi-lingual: transitoak performancea egin zenuen orain urtebete. Eakoak zenbat izango du performance horretatik?

Lutxo Egia. Ez du zerikusirik izango. Bilbo, paisaia eta literatura, horiexek Eako lagunek aipatu eta proposatu zizkidaten hitzak. Paisaia ideologia da. Baina paisaia transitoa ere bada. Formateaturik gaude ikusteko paisaia modu estatiko batean, baina paisaia tolesek eta geruzek osatua da, espazioari eragiten dioten esperientzia guztien palimpsesto moduan eratzen da. Eta horrek gu osatzen gaitu baina, era berean, gu geu gainditzen gaitu.

Historikoki, ibiltzea izan da gizajendearen lehen ekintza paisaia eraikitzeko. Performancean harat-honat ibili nintzen eta paisaia bat osatu zen. Paisaia, finean, ez da ikusten dena, idazten dena baizik. Hitzaldian ere ibiliko gara, flanneur baten legez pasiatuko gara berbak, hotsak eta musika lagun ditugularik, eta, promenada horretan eskainiko zaizkigun intermitentziak baliatuz, hiriaren konpletasunera hurbiltzen ahaleginduko gara.

Gabriel Arestiri Gorbeiara joateko gutizia sortu zitzaion, bertan euskararen salbazioa antolatzeko. Baina, zorionez, hirian gelditu zen, kalearte batean, bizarra egin gabe mirari baten zain. Egun, aldiz, Gorbeia bera etorri da Bilbora, frankizia itxura harturik Jardines kalean, non abegi samurragoa duen ingelesdunak euskaldunak baino. Hirian, urte gutxian, hamaika hots desagertu dira eta beste batzuk sortu, eta idazleari errealitate berrira egokitzea besterik ez zaio geratu. Baina jakin du asmatzen?


“Hiri hori da hiri hau”

Uztailak 16 zapatua, 11:00etan 
Eskolondoko liburutegian

Partehartzaileak: Lutxo Egia (hitzak) eta Inun (musika eta hotsak).

Sinopsia: Gabriel Arestiri Gorbeiara joateko gutizia sortu zitzaion, bertan euskararen salbazioa antolatzeko. Baina, zorionez, hirian gelditu zen, kalearte batean, bizarra egin gabe mirari baten zain. Egun, aldiz, Gorbeia bera etorri da Bilbora, frankizia itxura harturik Jardines kalean, non abegi samurragoa duen ingelesdunak euskaldunak baino. Hirian, urte gutxian, hamaika hots desagertu dira eta beste batzuk sortu, eta idazleari errealitate berrira egokitzea besterik ez zaio geratu. Baina jakin du asmatzen?

Egitarau osoari buruz albiste bat osatu genuen aurreko astean. Hauxe duzue ESTEKA.


HorizonteUrdina

“Horizonte Urdina” izeneko eskultura izango da  ikusgai Eako Poesia Egunetako hitzaldi aretoan: Eskolondoko 2. pisuan, eta hitzaldi orduetan bakarrik. Jose Angel Lasa eskultorearena da obra.

Lutxo Egiaren argazkia: telptailerrak.eus

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.