Rodrigo Garciaren ‘Barullo’: freskotasun bortitza

Iaz plazaratu zuen Rodrigo Garcia-k Barullo antzezlanen bilduma, La Uña Rota argitaletxearen eskutik. Bere testuetan ohikoa denez antzezlanen egitura klasikoetatik urruntzen diren testuak, bakarrizketak gehienetan, umorea, zirtoa, probokazioarekin jantziak.

rodrigo garcia

Azken urteetako antzezlanak, testu periferikoak, eta bere ibilbidearen hastapenetik berreskuratutako besteren bat. Bederatzi testu topatuko ditu denera irakurleak. 2013koak dira haietako asko: Daisy litzateke urte hartan taularatutako lana, baina badira bilduma honetan aldi berean beste euskarri batzuetan zabaldutako testuak ere, Stefano Scodanibbio (irrati-gidoia) eta El mensajero de Asturias (konferentzia-testua) kasu. Protegedme de lo que deseo testua da bilduma honetan zaharrena, 1997koa; testu galdua zen, sar-hitzan egileak aitortzen duenez lagun batzuek bideo-grabaketa batetik transkribatu zuten.

Sar-hitzan bertan ematen ditu egileak testuei buruzko argibideak, haien sorreraren testuingurua kokatuz, eta tarteka sorkuntzari buruzko oharrak eginez:

Norberak ez ditu gaiak aukeratzen. Ezta ‘modus operandi’a ere. Eskuak bakarrik mugitzen dira, norberak ez du eskuen erritmoa gobernatzen. Esperientzia gomendagarria da maite duzun horren txotxongilo izatea, nahiz eta gaizki amaitu beti’.

Sosegurik eza probokaziorako arma gisa; etsipena, mesfidantza, gizarte kritika batzuetan autosuntsigarria. Ez dira Garciaren testuak entretenimendu errazerako sortuak, oholtzatik oihu egiteko baizik, asaldatzeko, anabasan edertasun izpiren bat topatzeko. Oholtzarako pentsatutako testuak liburuetara eraman ohi ditu Garciak, baina beti-etengabe labaintzen ditu horri buruzko abisuak, Daisyren kasua da adibide ona:

EGILEAREN OHARRA

Obra monumental honetan Gottfried Leibniz filosofoa azaltzen da gauero Daisy txakurtxoari buruzko gauza mordoa azaltzeko, testuak adierazten ez duen moduan. Badira ere Labezomorroaren Masoneriaren erritualak, txakurrekin dantzak, barraskiloak, dortokak eta bizirik dauden labezomorroak, badira txangurruekin eta Beethoven interpretatzen duen soka laukotearekin egindako dantzak, eta askoz, askoz gehiago ere, guztia testuan ez adierazia.”

Aurretik argitaletxe berarekin plazaratutako antzezlanen bilduma antologikoan ere (Cenizas escogidas 1986-2009, 2009an plazaratua, Uberanen izan genuen mintzagai) egin zituen era horretako adierazpenak ere, teatro-testuak paperean oholtzan direnaren oihartzun lauso bat besterik ez direla adieraziz. Dramaturgia berrien ildoekin egiten du bat Garciak, testu materialen kalitateari muzin egin gabe baina literaturatik urrunduz.

barullo

Zaila da Garciaren testuak irakurtzean haren zirto guztiekin bat egitea, edonor sentituko da uneren batean bere irakur-lekuan ezeroso, baina era berean, testu hauen azpian dagoen karga politikoa dezifratzeko gogoz:

Emaitza artistikorik onenak beti sortu dira behar batetik.

(…)

Obra bat legitimoa da obra izan beste erremediorik ez zuelako, ez-arrazoizkoa eta baliotsua den zerbaitek elikatua da, nire kasuan, lehen aipatu dudan herra, inor akabatzen ez jakitea, argi eta garbi dagoenez material poetikoa bilakatu behar den zerbait da, beste norbait izatera iristearren.

(…)

Uste dut poesiaren momentu handia dela.

Gauza ‘util’en mundu honetan poesia kanporatua delako norberak bizitzarako behar dituen gauzen zerrendatik.

(…)

Poesiak eta misterioak gutxien espero ditugun ikuspuntuak eskaini behar dizkigute. Egin inkongruenteak diren gauzez aukera eztabaidaezinak.

Eta artistek ez lukete utzi behar sekula gehiago “zentzu”az mintza dadin inor, izan ere, “zentzu”a eta “sen on”a esaten baitzaio inposizio eta murrizketa pilo bati.

(…)

Nabarmendu “bizitza hobetzeko” fabrikatutako gauza garrantzitsu, beharrezko guztiak absurdu hutsa direla. Absurdu hori nabarmendu behar dugu.

Eta poesia proposatu, berriz ere, eguneroko erosketaren zerrendaren barruan. Ez hura jasotzearren dirua ordaintzeko, guregan misterioa sortzeko potentziala dagoela oroitzeko baizik.

Egia da liburuak badaudela. Baina liburuen barruan ez dator haiek disfrutatzeko beharrezkoa den denbora eta sosegua.”

(Texto para France Culture)

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.