Eric Dicharry idazleak bloga jarri du martxan: ‘So’

Eric Dicharry idazleak blog berria jarri du martxan, So izenekoa. Bertan ikusitako emanaldi, erakusketa eta instalazioen kronikak, artistei egindako elkarrizketak publikatu ditu batik bat. Jarraian irakurri dezakezuen elkarrizketa laburrean azaldu digunez, blog kolektiboa izateko xedez sortu da So.

so

So izeneko blog berriak euskal kulturan egon daitezkeen komunikazio-hutsuneak betetzera, edo gutxienez nabarmentzera, dator. Eric Dicharry idazle eta ikerlaria dugu oraingoz aitzinean, baina berak aitortzen digunez elkarte bat sortzeko asmoa dago oinarrian. Honatx blogaren inguruan eman dizkigun azalpenak:

Zergatik/zeratarako sortu duzu bloga?

Orain duela bizpahiru urte Baionako Euskal Museoan erakusketa bat antolatu nuen. Informazioa publikoari pasarazteko iparraldeko Berria bulegora joan nintzen. Esan ditatenean nire berria aipatzeko kulturarako ez zutela toki askorik pentsatu nuen modu batean edo bestean hutsune hau bete behar zela. Blogaren ideia hortik dator. Euskal prentsak kulturari buruz egiten ez duen lana blogari esker egitea. Elkarte bat sortzen ari gara. SO elkartea. Bloga elkartearen erakusleihoa izanen da. Berrikitan ideki dugu. Blogak hilabete bakarra du.

Zergatik izen hori, “So”?

SO izena modelo alosterotik dator. Proteina baten ingurumenaren ezaugarriak aldatzen dituzunean proteina bera dituen ezaugarri funtsezkoenetan aldatzen da. Gara entzuten so egiten ukitzen duguna. Dugun ingurumenak hazten gaitu. Eraikitzen gaitu. Hautatzen duzun ingurumenak musikaz arte garaikideaz zinemaz argazkietatz eraikia den ingurumenak zarena eta izanen zarena asmatzen dizu.

Artikulu guztiak euskaraz izango dira?

Euskaraz bai. Aimé Césaire poetak eman zuen unibertsaltasunaren definizioarekin bat egiten dugu. Unibertsala izateko oinak ondo sustraiturik eduki behar dituzu gero munduan gertatzen denari soa emateko. Mudua so egiteko hemendik Euskal Herritik hemen dugun hizkuntzatik abiatuko gara. Baina horrek ez du esan nahi bakarrik euskal kulturan zentratuko dugunik. Euskaraz munduko sormenaren itzulia eginen dugu. Eta munduko sormenaren itzuli honetan euskaldunak be bai sartuko ditugu.

Zeitzuk izango dira artikuluotako ardatzak?: kronikak? iritziak? elkarrizketak? poemak?

Artikuluotako ardatzak:

1) eguteki kulturala ideki dugu (http://blogak.eus/so/agenda-egutegia-1468582945414)
2) sortzaileek egiten duten lanetan zentratuko gara. Bloga minimalista da. Postak artistaz artista doaz.Arles hirian nintzenean Andres Serrano artista elkarrizketatu dut. Torturari buruz egin duen lana interesantea iduritzen zaidalako. Gero elkarrizketa guztiak soundclouden zintzilikatuko ditugu.

Beraz bai SO blogean kronikak, iritziak eta elkarrizketak atxemanen dira. Usu baina ez beti aktualitate kulturalarekin lotuak izanen dira. Euskal Herrikoarekin eta mundukoarekin. SO bloga idekirik nahi dugu. Nik bloga martxan ezarri dut baina gero kulturari buruz idatzi nahi dutenei ere idekiko diegu. Ez dut uste emailez jasoko ditugun artikulu guztiak argitaratuko ditugunik. Argitaratu baino lehen irakurketa kolektiboa izanen da baina testuak geure filosofiarekin bat egiten badu poztasun handiz argitaratuko dugula.

Oraingoz arteak du pisu handia zure artikuluetan, zer nolako arte-espresiori erreparatuko diozu?

Musika, zinema, literatura, arte garaikidea… Baina beti sortzaileetatik abiatuz. SO bloga abiapuntu bezala ikusten dugu. Bigarren urratsa ekintza kulturalak sortzean dugu ametsa. Geroa gerorako…

Postak artikuluak (argazkiak + testuak) edota berri kulturalak igortzeko: soelkartea@gmail.com

Elkartekide izateko : soelkartea@gmail.com / Urterokoa 20 eurokoa /

Post Skriptuma : momentukotz artikuluak ordaintzeko ez dugu dirulaguntzarik baina nork daki egun batez agian SO elkarteak finanziamendu propioa lortzen badu…

Dicharry, idazle polifazetikoa

Lubaki anitzeko idazlea dugu Eric Dicharry: antropologoa, ikerlaria, bertsolaritza eta ahozkotasunaren erraiek aztertzen aditua, poesia idazlea, performance egilea… Harrigarria bezain asaldagarria suertatu ohi dira sarri Dicharry-ren berbak, bai behintzat poesia maskaraz datozenean. Honela adierazi zuen Igor Estankonak Deian egindako kritikan:

“Sarako aurtengo idazleen biltzarreko harribitxia, Maiatzek soilik argitara dezakeen mainstream-etik kanpoko liburua, poesia ia automatikoa dakarrena, dena iragarkia, dena hitz jokoa, dena ingelesa eta hiztegi onirikoa, Eric Dicharryk erakutsi digu maskarada ez dela kontrolatzen duen bakarra, badakiela, horratio, nola egin beat poesia beat izan barik.”

Geuk bere gogoetak jaso genituen apirilean egindako elkarrizketan (aurretik ere egina genuen Hormatik hormaraino eta After Bansky liburuekin):

“Ez dugu inoiz orrialde zuri batetik idazten. Idazlearen orrialde zuria mito bat da. Irakurtzen dituzun testuek idaztera bultzatzen zaituzte. Edo irakurtzen ez dituzunak. Literatura oihartzun bezala ulertu behar da. Bilatzen nituen testuak aurkitu ez nituelako hasi nintzen idazten. Inon inork nik idazten ditudan testuak argitaratu ez baitzuen idazteko bulkada piztu zitzaidan.”

Bere poemetan ez-ohiko estetikak eta jarrerak agertu ohi dituen egile honen arte-ikuskeran murgiltzeko aukera berri bat daukagu orain So blogarekin: “so egiten, entzuten, bizitzen ditugunen sortzean parte hartzen dugu. Euskara organismo biziduna baita elikatu behar da eta hortarako teknologi berriak oso garrantzitsuak dira. Hori dela eta blog berria euskaraz idekitzea deliberatu dugu.”

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.