Martxan da Parlantzua bloga

Parlantzua izeneko bloga jarri dute abian hainbat idazle eta euskaltzalek. Euskararen legebiltza honen helburua da “euskaldunok ahultzen gaituen edozein ekimenen bultzatzaile oro (talde, norbanako zein norbinako) neurri berean ahultzea”. Parlamentariak: Idurre Alonson, Iñigo Arteatx, Koldo Izagirre, Iratxe Retolaza eta Bea Zabalondo.

Captura de pantalla 2016-07-22 a la(s) 10.38.31

Atzo zabaldu zen berria, euskarazko blog berri bat zabaldu dute bost lagunek: Parlantzua, Euskararen Legebiltzarra. Aurkezpen eran, hauxe idatzi dute:

Agur, euskaldunok.

Alferrik ibiliko zarete Ereduzko Prosa Gaurren kontestu bila, Klasikoen Gordailuan hartuko diozue arrastoa, zaharra baita. Sei aldiz besterik ez da erabili izan –bizkaitarren luman beti–, eta hemeretzigarren mendeaz geroztik behin ere ez. Mogelek ipuin batean dioskunez, “kaiola burdinazkoan katamotz bat egoan sarturik, ikusten txakurra ondo askaturik katea baga, jolas eta parlantzuan”. Horra beraz arrazoi sendo bat Parlantzua pizteko: aske, kategabe… pozarren! Nekez aurkituko genuke izen egokiagorik Euskararen Legeganbera bilduko den aterpea izendatzeko: euskaldun kontzienteen legea diogu gure hizkuntzari.

Baita ere:

Inork hautatu gabea dugun presidenteak inork hautatu ez gaituenoi egin digun harrerako diskurtsoan esan duenez, gure legeak ez dira onartuko gehiengoz, gutxiengoan bizi garenok gainditua dugulako –garaia zen!– nor gehiagokaren tranpa. Parlantzua ez da, beraz, katramila politikoetan trabatuko, eta horretan saiatu nahi duenik agertzen bada, bertatiko baten egotziko dugu kale gorrira edo kaiola burdinazkora, aukera demokratikoan. Erradikaltasun berarekin, gure iritziak lege izendatuko ditugu proposatutako unean berean. Eztabaida lehorretan ibili gabe aitzina egiteko modu bat iruditu zaigu –aski originala, egia esan–, eta norberaren kontzientzia baino konprometitzen ez duena guztion adostasunarekin.

Horra azaldu gure asmo beroa, gure kontradikzio aberatsa: hizkuntzari, alegia, euskaraz (ahaleginean) bizi den euskaldungoari begi, belarri, aho eta esku ematea daukagu helburu, ondo askaturik nahi genukeen eta katerik ez duen batasun parlantzukoan.

Lehenengo erabaki gisa, Parlantzuak aho batez eta aho betez onartzen du bere egitea Newtonen hirugarren legea:

“Objektu batek indar egiten badu bigarren baten gainean, bigarrenak indar bera egingo du lehenengoaren gainean, kontrako noranzkoan”.

Horrela, bada, legeganbera honetatik lan egingo dugu euskaldunok ahultzen gaituen edozein ekimenen bultzatzaile oro (talde, norbanako zein norbinako) neurri berean ahultzeko, kontuan hartu gabe haren jatorria, kolorea, zaporea, erlijioa, generoa, numeroa edo Rh-a.

Blogari buruzko informazio eta akta guztiak, hemen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.