2016ko elkarrizketei errepasoa

Astean behin berritzen dugu Gatzetan gordeak atala, elkarrizketa edo erreportaje batekin. Hamaika autorerekin mintzatu gara aurten; horren lekuko, hemen bildu dugun zerrenda. Elkarrizketaren bat oharkabean joan bazitzaizun, berriz irakurtzeko gogoz bazaude… Nahi izatera, egunotan digestioa egiteko aukera zabala. On egin!

goiburua_uberan

URTARRILA

Adur Larrea: Gabriel Arestik bere buruari galderak egiten zizkion etengabe, dena kuestionatzen zuela eta kontraesanetan erortzen zen batzuetan (horrek ez du esan nahi hori txarra denik), beste batzuetan tematu egiten zen bere ustez zuzen zeuden gauza batzuekin.

Karlos Gorrindo: Gozotasunik gabeko istorioa da. Gogorra eta krudela, estutasuna eta larritasuna eragiten duena.

Ibon Egaña: Literaturaren ikuspegi oso formalista izan dugu, eta uko egin diogu literatur testuen eduki ideologikoez arduratzeari, literaturaren autonomiaren izenean, ohartu gabe autonomia hori ez dela neutroa.

OTSAILA

Gotzon Barandiaran: Agian irudiari lotuegia den literatura bat egiten ari gara, noiz eta irudi gehien daukagunean. Paradoxikoa da baina iruditzen zait falta zaigula hitzari lotuagoa den literatura bat.

Agustin Arrieta: Nik benetan uste dut fikzioa saihestezina dela, eta edozein zirrikitutatik edo atzeko atetik agertuko dela berriro.

Goiatz Labandibar: Istorioak beste era batera kontatu nahi nituen, eta argazki batzuek aukera izugarria ematen zuten horretarako. Izan ere, oso argazki zehatzak dira, istant jakin bat islatzen dutenak, eta horri erreparatuta, esperimentazio hauek egin nituen.

MARTXOA

Julen Belamuno: Liburuaren muina pertsonaia da. Zaintzailea da liburuaren hasiera, ardatza… ia dena. Horregatik dira liburuan hain garrantzitsuak oroitzapenak, pentsamenduak, eta baita zaintzaileren irudipen hutsak direnak ere.

Anjel Lertxundi: Nire hizkuntzan planteatu behar ditut dauzkadan arazo narratiboak eta estilistikoak. Jakinaren gainean banago hemendik bi urtera lan hori gaztelaniara itzuliko dudala, dauzkadan arazo horiek aplazatu ditzaket.

APIRILA

Irati Goikoetxea: Betidanik gustatu izan zait paper gainekoaz harago, hitzarekin eta ahots gorako irakurketarekin jolas egitea.

Aritz Mutiozabal: Hutsarte isil bati aurre egiteko nahikoa da ausardia apurtxo bat, eta ausardia horrek bizitza goitik behera alda dezake.

Eric Dicharry: Gaur egun poesia ez bada ozena den ahozkotasunetik pasatzen, kantarien ahotatik pasatzen, liburuak diren hilkutxetan geratzen da.

Joxean Agirre: Badakit esplikazio merke samarra dela, baina gizonezkoen artean gizajotasunaren sentimendua zabaldu samarrik dagoela esango nuke.

MAIATZA

Anartz Izagirre: Lagungarri zaizkit lehiaketak eta gustatzen zaizkit, baina une batzuetan egia da sormena mugatu ere egiten dutela, zure lana lehiaketako oinarrietara moldatu behar denean, adibidez.

Garazi Ugalde: Gure gurasoek argi zeukaten zeren aurka egin behar zuten bizitzan; guk, aldiz, ez daukagu argi ez zeren aurka egin, ez zeren alde. Izaki indibidualistagoak bihurtu garela dirudi, nork bere borroka bizi duela, eta kolektiboki oldartzea gehiago kostatzen zaigula.

Mariasun Landa: Baladen adierazgarritasuna, primitibismo kutsua eta molde arinak oso interesgarriak dira edozein idazlerentzat.

Iñigo Aranbarri: Ilustrazioko antzerkiaren irakurketa ideologiko bat egin nahi nuen. Hizkuntza aldetik aztertu da, baina ez hainbeste ideologiaren aldetik: oso antzerki klasistak dira, behekoari egiten zaio barre.

EKAINA

Gaizka Sarasola: Dantza eta erritu desberdinetan komunitatearen alderik baikor eta argiena erakusten dugun bezala, antzerkiaren bidez komunitate berdinaren alde ilun eta ezkutuagoak erakusteko baliatzea inportantea dela uste dut.

Beñat Sarasola: Kontuan izanda euskal literaturaren esparrua zentzu askotan basamortu moduko bat zela, literatur aldizkariek ekarritako kanpoko erreferentziak oso garrantzitsuak izan ziren.

Joxe Iriarte “Bikila”: Traizioaren inguruan hausnarketa bat egin nahi izan dut traizioa desmitifikatzeko, heroia desmitifikatu behar den bezala.

UZTAILA

Iñaki Irasizabal: Niri batez ere mugako gaiak interesatzen zaizkit. Zalantza etikoak planteatzen ditut. Kasu honetan, esker onari buruz idatzi nahi nuen.

Ixone Ormaetxe: Artea, literatura eta zientzia –errealitatera hurbiltzean– gurutzatzen diren bideak direla sinesten dudanez, nire “Ez dut gogoratzen” proiektuak, liburu baten gorputza eta “arauak” betetzen dituen objektu artistikoa da. Hau da, ikerketa, esperientzia eta jolas baten gorpuzkera.

Leire Alonso Allue: Gizarteak eragin handia du nork bere gorputzarekin duen harremanean, emakumezkoen kasuan bereziki. Zailtasun hori islatu nahi izan dut.

Oihana Iguaran: Harremanak dena barnebiltzen du nire ustez. Gu jendearekin harremanetan jartzen gara: badauzkagu maitasun harremanak, gorroto harremanak, beharrak sortutakoak… baina baita bizi garen gizartearekiko harremanak ere, edo munduarekiko, eta munduan ordezkatzen dugun horrekiko harremanak.

Ekaitz Goikoetxea: Laburragoa edo luzeagoa izan, isilunea ezinbestekoa da nire sortze-prozesuan. Isiluneak esatekoak elikatzen dizkit.

Urt Zubiaurre: Liburu batek lortu behar du iradokitzailea izatea. Agian irakurleren bati gehiegizko ahalegina edo hutsunea irudituko zaio. Baina nahiago dut arrisku hori hartu kontrakoa baino.

 

 

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.