Aritz Gorrotxategi: “Oso ipuin sozialak dira”

Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria jaso berri du

Krisi ekonomikoa, langabezia, ustelkeria, kontzientzia arazoak, giza-harremanen krisia, denboraren herdoila edota belaunaldien arteko etena… Kutsu horretako ipuinekin irabazi du Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria. “Kontraesana dirudien arren, ipuinak ‘pesimismo irribarretsu’ halako batez blaituak daude”, Aritz Gorrotxategik aditzera eman digunez. Abenduan emango dituzte ipuinok argitara.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Zer egingo dugu orain opariekin lanari esker, Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria irabazi duzu. Lagin bat aurkeztu al zenuen ala dagoeneko amaituta al duzu idazketa-lana?

Saria ipuin-bilduma osatu bati ematen zaio, ez da beka formatuko sariketa. Lehen, ipuin bakarrari ematen zitzaion; orain, berriz, bilduma oso bati. Beraz, bilduma osatua dago, eta lehiaketara bidali bezala argitaratuko da.

Ipuin hauek noiz irakurri ahal izango ditugu?

Dakidanez, abenduaren erdialderako eskuragarri izango da, Durango osterako. Eta otsailean edo egingo da aurkezpena.

Edukiari dagokionez, zer islatu nahi izan duzu?

Oso ipuin sozialak dira, eta krisi ekonomikoa, langabezia, ustelkeria, kontzientzia arazoak, giza-harremanen krisia, denboraren herdoila edota belaunaldien arteko etena dituzte ardatz. Idazkerari dagokionez, estilo argi, minimalista, ironiko eta kritikoaren aldeko apustua egin dut. Kontraesana dirudien arren, ipuinak “pesimismo irribarretsu” halako batez blaituak daude.

Bi urtez behin antolatzen da sariketa hau. 2014an ordea, deialdia bertan behera utzi zuten. Aurten berreskuratu dute. Seinale ona, ezta?

Jakina. Krisiak gauza asko kendu eta ezabatu ditu, eta bazirudien galdutako hori ez zela berriz atzera etorriko. Kutxak berriro abian jarri dituen lehiaketak salbuespen bat dira zentzu horretan. Ea ez diren salbuespen bakarra.


Antzerki arloko saria, Luis Elizetxearentzat

Euskarazko antzerkiaren alorrari dagokion Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria Luis Elizetxeak irabazi du Argiaren hautsa lanarekin.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.