Iñigo Astiz, Eric Dicharry eta Ixiar Rozas Hitzen Uberanen eskutik

Hiru idazleek “Hau ez da poeta bat (edo bai)” izeneko emanaldian parte hartuko dute. Emanaldiaren titulua Hitzen Uberaneko kideok proposatu diegu probokazio modura, eta erronkari erantzunez bakoitzak errezitaldi moduko pieza labur bat sortu du. Ekitaldi hau Hitzen Uberanek martxan daramazkin sei urteetan bidelagun izandako bidelagunei, kolaboratzaileei eta irakurleei esker ona adierazteko baliatu nahi dugu. Emanaldiaren ostean zizka-mizka egongo da, solasaldien lagun. Urriaren 6an 19:30ean Donostiako Kaxilda liburu-dendan.

irudi

Zer da poeta bat? Idazlea besterik ez? Poesia idazten duen norbait? Poetika bat duen narratzailea poeta da? Fular bat daraman izaki egozentrikoa? Gorputza apenas erabiltzen duen performer mota bat? Haikuen eta aforismoen artean ezberdintzen ez dakien txiolari daltonikoa? …?

Hitzen Uberaneko kideok ez dugu argi erantzuna -ez dakigu batere inporta duen erantzun bat egoteak ere, segur aski ezezkoa da-, baina aitzakia ederra iruditu zaigu idazkeran ahots eta estetika propio baten eskutik plazaratu izan diren hiru egile hitzordu berean elkartzeko: Iñigo Astiz, Eric Dicharry eta Ixiar Rozas. “Hau ez da poeta bat (edo bai)” emanaldiko hiru protagonistek harreman estua izan dute poesiarekin, baina bakoitzak bere bide propioak jorratuz:

Iñigo Astizek Baita hondakinak ere poesia liburua plazaratu zuen 2012an Susa argitaletxearen eskutik, liburuan oinarritutako “Hondakindegia” performancea taularatu zuen Mikel Ayerberekin batera, eta berriki plazaz plaza ibili da Gari eta Oier Larrañagarekin “Gaizki moldatzen dira” izeneko errezitaldi-kontzertua eskaintzen.

Eric Dicharryk hiru poesia liburu plazaratu ditu Maiatz argitaletxearen eskutik (Hormatik hormaraino, After Bansky eta Errudun), besteak beste graffitia, politika, probokazioa, teknologia berriei loturiko estetika eta poesia bisuala uztartuz. Ikerlari gisa ahozkotasuna izan du sarri aztergai, eta hainbat performance egin izan du han-hemen.

Ixiar Rozasek Patio bat bi itsasoen artean poesia liburua plazaratu zuen 2001ean, eta ostera plazaratu izan dituen oholtzarako testu eta genero-arteko lanei ere atzeman ahal zaie poesiaren eraginik. Berriki Beltzuria lana plazaratu du, eta bertan poesiaz harago literatur-genero-mugari kantoi egiten dion sormenaren poetika bat agertu du, narrazioa, saiakera, arteari loturiko liburu-objektua gauzatuta. Azken urteetan Mursegorekin batera ikusi dugu zuzenean testuak errezitatzen eta interpretatzen, eta Beltzuria liburuari loturiko zuzeneko emanaldi sorta eskaini du, aldiro ezberdina.

Emanaldiko hiru protagonistek literaturarekin bezala badute harremanik eszenarekin. Elkarren segidan entzuteko aukera izango dugu urriaren 6an 19:30ean Donostiako Kaxilda liburu-dendan. Emanaldiaren ostean zizka-mizka izango da bertaratutako guztientzat.

hitzenuberan

Hitzen Uberanek sei urte

Euskal Idazleen Elkarteak 2010eko udazkenean abiatu zuen Hitzen Uberan proiektua, Testuketan irratsaioaren errautsetatik abiatuta (Herri Irratia desagertzearekin batera desagertu ziren euskarazko edukiak Loyola Mediatik). Irratsaioko esatari izandako Uxue Alberdi eta Oier Guillanek jarri zuten martxan hastapenean Hitzen Uberan, Testuketan irratsaioak agertutako filosofian sakonduz: literatura liburuetan dago batez ere, baina ez soilik. Literatura badago errezitaldietan ere, antzezlanetan, hitzaldietan, abestien letretan… liburuetatik haragoko materialen eta ekimenen isla izan nahian abiatu zen Uberan, aktualitateko albisteekin batera arreta berezia jarriz literaturako titular “handien” bazterrean eta periferian geratutako egileei eta edukiei. Egun Imanol Ubedak, Danele Sarriugartek eta Guillanek berak osatzen dute erredakzio taldea, beti ere Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlan estuan.

Uberanen ibilbidean hainbat ardatzek hartu izan dute pisua: hasieratik gaurkotasunari loturiko albiste laburrak eta idazleei eginiko elkarrizketa sakonak izan dira oinarri nagusia. Haiekin batera, lehen urteetan sormen lanek eduki zuten protagonismoa hainbat atalen bitartez: Poema musikatuak, jendeak bidalitako lanak Aingura hegodunak atalean, egunero irudigile baten lanean inspiratuta idazle baten aipuarekin egindako azalak… Egun Komunitatea atalaren bitartez plazaratzen ditugu irakurleen ekarenak. Denborarekin berriz Agenda atalean pisu nabarmena hartu du Irakurle Taldeen dinamikak, iaz mapa moduko atal propioa sortzeraino. Amuak atalean erreferentziak eta itzulpen laburren bilduma luzea osatu dugu apurka-apurka.

Aurten beste urrats bat eman du Hitzen Uberanek: lerro hauek idazteko orduan dagoeneko ezagutu duzun diseinu berria. Aurpegi berria du Uberanek, baina begirada bera: literaturatik haragoko literaturatik ikusi nahi duena.

Urriaren 6ko emanaldiarekin oparia egin nahi diogu urte hauetan bidelagun izan dugun orori, eta zuei, irakurleoi: literatura ez ezik, literaturari buruz irakurtzeagatik.

GONBIDATUAK ZAUDETE!!!

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.