Pertsona oro animalia (o!men) da

Wajdi Mouawad idazlearen “Anima” dugu amu honetako ardatza.

anima

Wajdi Mouawad idazlea antzerkigintzari loturik egin da, batez ere, ezagun (Hitzen Uberanen aipagai izan dugu lehenago ere). Le sang des promesses izeneko tetralogiak egin du batez ere ezagun nazioartean. Forêts, Littoral, Incendies, Ciels lanek osatzen dute aipatutako tetralogia, Haietako hirugarrenarekin filma ezagun bat zuzendu zuen Denis Villeneuvek 2010ean. Antzerkiaz gain irratirako obrak eta hiru nobela idatzi ditu Mouawad-ek. 2012koa da oraingoz azkena duen nobela: Anima.

“Bere aurrean altzairuak eta objektuak, jasanezinak beren mututasunean, beren zorigaitzaren aurreko axolagabekerian”.

Pertsona-altzairuak, pertsona-animaliak… zerk egiten du pertsona-pertsona, zerk animalia-animali? Jendea, pertsona, gizakia. Zer dago haien oinarrian? Ehizakia den gizakia, gizona. Gizateriaren historia omen da gurea edo alimalekoa bortizkeriarena? Bortizkeria zibilizatuarena? Bortizkeria kontzientearena, lauhankadunena ez bezala?

“Erantzun zion? Gizakiek ohi duten moduan esan zioten elkarri agur, bostekoa libre luzatuz, misteriotsuki, bestearen eskuan ezerez aztoragarriena lagatzeko bezala?”

Emakume bat basatiki bortxatua eta eraila izan da. Nola ez ba, bortizkeriaren historia gizonezkotiar honetan eta hartan! Haren senarrak, une oro saminak zeharkaturik eta itaundurik, hiltzailearen bila abiatuko du bidaia luzea. Horraino ez dio ezer berririk sinopsiak, moduak dakar berrikuntza: liburuko atal bakoitza (luzeak batzuk, motz-motzak besteak) animalia ezberdin baten begiradatik dago kontatua lehen pertsonan, liburuaren parterik handienean behintzat. Otsoaren begietatik kontatuko da azkena.

anima-dos(Argazki hau hemendik hartu dugu).

Zerk egiten du pertsona pertsona? Ez al dabil izakia, ez al gabiltza, gure animaliatasuna ukatuz munduan? Gerra bakoitzak, eraso bortitz bakoitzak, ez al du ekartzen temati gogora animaliatasun basa, arrazoirik gabeko, poetikarik gabeko, justiziarik gabeko ana-basa-keria amaigabea? Animaliatasunetik animaliakeriarako bidaian, Mouawad-ek pertsonen izaera basa-iluna uzten du gordinki agerian liburu honetan, gupidagabe.

Animalia basa, krudela, bortitza iduri zaigu, baina ez ote basagoa krudelkeria kontzientea, samina sortzeak ematen duen gozamenak ekartzen duen basakeria sofistikatua? Ez al da hori animaliek berauek irudikatu ezin duten gozamen mota bat? Bestetik, nobelaren ildoan Mouawad-en tetralogian ere ohikoak izan diren zutabeen arrasto tematikoak: arbasoen bizipenek norberarengan uzten duten arrastoa, kontzientea izan ala ez. Eta gatazka betierekoak: Sabra eta Xatila orok belaunaldietan uzten duen arrastoa.

Zerk egiten du pertsona pertsona? Krudelkeriak? Elkartasunak? Sadismoa eta elkartasuna ez ote txanpon beraren bi aldeak…

“-Amnistia amnesian bilakatu da- esan zuen Jeanek.

-Eta amnesia ezjakintasunean. Hain da gauza hutsala. Eta orain dena dator bueltan. Isiltasun eztanda bat. Gero eta jasanezinagoa den isiltasun eztanda.”

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.