‘Zikoinaren hegaldia’ Hendaian pausatuko da

Patxi Zubizarretak eman dizkigu errezitaldiaren xehetasunak

Zikoinaren hegaldia errezitaldi musikatuak Laranja bat zaborretan (Elkar, 2015) liburua du abiapuntu. Larunbat honetan Hendaian arituko dira Patxi Zubizarreta idazlea eta Pello Ramirez txelojolea.

patxizubizarreta1

“Rilkek zioenez, pertsonok ez daukagu bizitzeko organo egokirik eta hegan egin nahi luketen arrainak baino ez gara. Hala ere, zergatik ez literaturaren bitartez hegan egin?”. Aipamen honen bidez, Patxi Zubizarretak Zikoinaren hegaldia ikuskizunaren muina azaldu nahi izan digu.

Bidaiak gogoeta poetiko bat dakar berarekin.  Hegaldia hauxe litzateke: Danimarkatik Afrikara, zerutik mugarik ikusten ez duen zikoinarena. Eta gogoeta, ondokoa: “errefuxiatuei, etorkinei, baztertuei ahotsa eman, eta aniztasunaren, abegitasunaren, espiritu mugagabearen aldarria egingo dugu”.

Hegaldia arinagoa egin dadin, hitza eta musika dira ikuskizun honen osagai nagusiak. “Europan bizi diren jatorri arabiarreko idazleen poemak eta testuak txeloaren tapiz hegalariarekin batera eskainiko ditugu, ausardiaz eta sentsualtasunaz, zakar eta lizun, leun eta emeki”.


Txeloaren erritmora

Pello Ramirez txelojolearekin batera arituko da larunbat honetan, Hendaian. 18:00etatik aurrera, Asporosttipi landetxean (Abadia gaztelu ondoan).

Baina hurrengo saioetan “Mintxo Cemillanen pintura eta Felipe Barandiaranen ahotsa izango ditugu bidelagun”.


Hegaldi gehiago begibistan

Amurrion, Jalgi jardunaldien baitan eskaini zuten lehen aldiz. Datozen asteetan Hego Euskal Herriko hiriburuetan izango dira:

Urriak 15 larunbata: Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean.

Urriak 18 asteartea: Bilbon, Bidebarrieta liburutegian.

Urriak 25 asteartea: Donostian, Victoria Eugenia Club aretoan.

Azaroak 19 larunbata: Arantzazun.

Abenduak 15 osteguna: Iruñean, Iturraman.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.