‘Museo bilduma’, perla zoragarriz osaturiko komikia

Ikastolen Elkarteak eta Xabiroi komiki aldizkariak bederatzigarren albuma aurkeztu dute: Museo bilduma. Jada klasiko bilakatu den bikote batek ondu du komikia: Harkaitz Canoren gidoia Iñaki Holgadok irudikatu du beste behin ere. Dani Fano Xabiroi aldizkariko zuzendariaren esanetan, albuma bidaia baten modukoa da. “Perla zoragarriz zipriztindutako bidaia”.

museobilduma2

Museo bilduma (Ikastolen Elkartea-Xabiroi) museoak bisitatzen dituen pertsona baten istorioa da. “Pertsona horrek espioi bat dirudi, han eta hemen museo bereziak bisitatzen dituelako”, iradokizun hori egiten du Harkaitz Canok. “Baina beharbada espioia desterraturik dagoen beste norbait da. Komikian aurrera egin ahala ikusiko da hori”.


“Gizakiaren berezko kontua da bildumatzea

“Metamuseo bat da Museo bilduma”. Canoren ustez, “denok bildumatzen dugu zerbait. Argazkiak, besterik ez bada. Gizakiaren berezko kontua da bildumatzea. Eta bildumaren instituzioa museoa da. Baina Valeriak (album honetako protagonistak) museoak bildumatzen ditu, hortik metamuseoaren ideia”.

“Liburuan agertzen diren museoak ustez gure irudimenaren fruitu dira”. Harkaitz Canok halaxe adierazi zuen lan honen aurkezpen ekitaldian. Museo xelebreak dira irudikatu dituztenak, “baina munduan barrena ibili denak badaki komiki honetan daudenak baino are museo xelebreagoak ere badaudela. Berriki Zagreb-en (Kroazia) izan naiz eta Harreman Apurtuen Museo bat bazela ikusi nuen. Jendeak harreman apurtu batekin lotzen dituen objektuak uzten ditu bertan”.


“Museoak otzandu egiten gaitu

“Museoak asko ugaldu dira gure inguruan”, hala uste du Canok. “Museoak hala ere, neurri batean otzandu egiten gaitu. Badauka ordutegi bat, badauka zeharkatu ezin den marra bat, museoan ezin da ukitu… Eta lan honetan badira horri buruzko hausnarketak”.

Iñaki Holgado marrazkilariaren esanetan, liburu honen irakurketa museo bat bisitatzearen parekoa da. “Normalean, museo bat bisitatzeak ez du helburu jakin bat. Paseo bat da, esperientzia bat. Horrek egiten du interesgarri komikia”. Irudiak ikusiz, testuak irakurriz, detaileetan erreparatuz, albumaren azala eta mamia deskubritzen joango gara.


museobilduma

Goi mailako komikigintza

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariarentzat, “bederatzigarren albuma aurkeztea ohore handia da. Duela hamaika urte Dani Fanoren ideia zoroari baietz emateaz harro gaude. Eta emaitzarekin ere oso harro gaude, euskararen munduari goi mailako komikigintza eskaintzeko aukera dugulako”.

Urriaren 13an aurkeztu zuten albuma, Donostiako Komikigunean. Prentsaurrekoak eman zuena jasota dago ondoko bideoan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.