(H)ilbeltza posible izan dadin

Diru bilketa azaroaren 1ean amaituko da

Urriaren hasieran abiatu zen (H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astearen aldeko diru bilketa kanpaina. 5.000 euro, hori da batu beharreko kopurua. “Bi asteko epean 42 ekarpen izan genituen, 3.000 euro. Falta diren egun hauetan 5.000 euroko mugara ailegatzea litzateke gure helburua”. Azaroaren 1ean amaituko da diru bilketa, beraz, oraindik bada ekarpenak egiteko aukerarik.

hilbeltza-tt

(H)ilbeltza-ren edizio berria antololatu ahal izateko, diru bilketa bat jarri duzue martxan. Zehazki, zertara bideratuko da jasotzen dena?

Aitzineko bi edizioetako partehartzaileek (sortzaileek) ez dute dirurik jaso gurean egoteagatik. Guk hurbiltasuna maite dugu, hortaz, eta ahal den neurrian, bertako produktuen saskiak eskaini ditugu, lo egiteko tokiak… Gure esku dagoena, baina sortzaileek egiten duten lana pagatzeko tenorea da. Atzineko urteetan ia muxu truk etorri izan dira eta estimatzekoa da, baina bakoitzari berea zor zaio.

Nola eta non egin daiteke diru-ekarpena?

Aski erraza da ekarpena egitea: Nafarroako Rural Kutxan irekia dugun kontuan egiten ahal da ekarpena: ES 87 3008 0043 12 3398382022 (Rural Kutxa).

Trukean ekarpena egin duen pertsona, elkarte… Dena delakoaren izena agertuko da 2017ko (H)ilbeltza afitxan.

Kontzeptuan paratutako izena agertuko da kartelean. Leku bera okupatuko du 5€ ematen dituenak nola 100€ ematen dituenak.  Berdin du zein den kopurua, ekarpena da interesatzen zaiguna, jende andanak (H)ilbelztarekin bat egiten duela ikustea eta erakustea.

Argibide gehiago topatuko dituzue blogean: http://ilbeltza.blogspot.com.es/


“Jendea arras ongi erantzuten ari da”

Bi astetan kopuruaren erdia gainditu duzue. Baina oraindik beste 3.000 euro batu behar dituzue. Itxaropentsu al zaudete?

Bai  doike, uste baino fiteago bildu dugu eta jendea arras ongi erantzuten ari da. Helburua lortzen ez badugu ere, gustura egoteko modukoa da,  hortaz, esker  mila  orain artio sosa eman diguzuen guztioi eta emateko asmoa duzuenoi.

Beste jardunaldi batzuk instituzioek diruz lagunduak izaten dira. (H)Ilbeltzaren kasuan ez al da posible izan?  

Bai, posible da, baina bidean zailtasunak erraztasunak baino gehiago dira. Hiru urte daramatzagu honetan, horren berriak izanik (orain dela bi urte sortu genuen idazleekin solasean kultur elkartea), hainbat dirulaguntza instituzionaletan parte hartzea ezinezkoa zaigu, deialdietan ageri diren baldintzak betetzea arras zaila delakoz.

Dena den, aipatu behar da Baztango Udalak lagunduko duela, eta Baztango zenbait herrik ere bai, baina ez da aski guztiei behar bezala ordaintzeko, hori dela eta  abiatu dugu aurten sos bilketa hau,  modu honetan (H)ilbeltza sendotzeko aukera ikusten dugu, eta heldu den urtetik goiti deialdi desberdinetan parte hartzeko aukera baliatu.


2017ko urtarrilaren 16tik 22ra

Hirugarren edizioko egitaraua prestatzen hasiak zarete. Egitarauari dagokionez, zerbait aurreratzerik ba al duzue?

Aitzineko bi edizioen haritik joko dugu aurten ere: iazko  zenbait  formatu errepikatuko ditugu, eta berriak ere izanen dira. Idazleak gonbidatuko ditugu, mahai ingurua izanen da, hitzaldiak, mendi itzuli dramatizatua… baita musika, zinema… ere. sorpresaren bat ere behar bada.

Errepikatzen ditugun formatu horietan hala ere, beti zerbait berri, eta beti nobela beltza iradokitzen duten gaiak izanen ditugu.

Oraindik goiz da aitzinatzeko, baina agendan beltzez markatu beharreko egunak izanen dira 2017ko ilbeltzaren 16tik 22rakoak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.