“33 ezkil” eleberria aurkeztu du Miren Gorrotxategik

Iaz, Agustin Zubikarai beka irabazi zuen Miren Gorrotxategik, eta aurten argitaratu du eleberria. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarlanean antolatzen dute sariketa hori. Hain zuzen, liburu horren aurkezpenarekin abiatuko da gaur Literatur Amuak jaialdia Ondarroan.

ef60364f224305d0b9f19741ec3fdf58_xl

Nobela beltza da Miren Gorrotxategiren 33 ezkil. Misterioa ez hondatzeko, ezer gutxi konta daiteke eleberriaz. Abiapuntua bai, behintzat: Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat aurkitzen du. Semeari eta haren neska-lagunari hots egiten dio, arkeologoa baita azken hori, eta hortxe abiatzen da istorioa. Gorrotxategiren familian halako zerbait gertatu zitzaion osabari, haren kasuan Erdi Aroko gizon baten burezurra zelarik, eta Gorrotxategirik iruditu zitzaion hark guztiak bazeukala nahikoa mami nobela beltz bat izateko. Denetik irakurtzen du autoreak eta ez zeukan lotura berezirik nobela beltzaren generoarekin, baina “irakurleak katigatzeko” sentipen hori sortu nahi zuen.

Horretarako, denboran aurrera eta atzera egiten du. Orainaldiko eta iraganeko kapituluak nahasten dira. Gorrotxategiren hitzetan, teknika bat da hori, irakurlea engantxatzeko eta informazioa dosifikatzeko baliatu ditu bi denbora-lerro horiek.

Hilotzez eta horien misterioaz beraz gainera, pertsonen arteko harremanak, eguneroko bizitzak eta baserriaren irudiak badute pisurik eleberrian. Anaien arteko gatazkak eta bikote-harremanak agertzen dira, adibidez. Bestalde, baserria ez da modu idiliko batean agertzen. Gurasoek nahi dute semeek jarrai dezaten baserriarekin, baina ez da benetan desio dutelako, baizik eta halaxe egin delako beti Pertsonaien harira, Gorrotxategik aitortu du hasiera batean halako esangurarik ez zeukaten zenbait pertsonaiek bere toki propioa hartu dutela, Karmenek adibidez, Ferminen andreak. Gorrotxategiren arabera, pertsonaia horren bidez argi geratzen da, nahiz eta itxura batean oso mundu maskulinoaz ari, hots, baserriaz, emakumeek badutela gaitasuna ezkutuan gauzak beren erara moldatzeko, gizonen mundu horretan.

Eleberria berriro aurkeztuko du gaur Ondarroako Literatura Amuak jaialdian, iluntzeko 19etan. Jaialdiaren egitarau osoa hemen.

9788490275917

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.