Rosalia Fernandez Rial-en poesia

Aste honetan “Literatur Amuak” egitaraua antolatu dute Ondarroan. Gaur (urriaren 29an, 12:15ean) “Todos os mares o mar. Galizierazko poesia” emanaldia egingo da, galizieraz, euskarazko azpitituluekin. Galiziako lau idazlek hartuko dute parte bertan, haien artean amu honetan protagonista duzuen Rosalia Fernandez Rial. Iñigo Astizek euskaratu ditu jarraian irakurri ditzakezuen poemak.

ondarroa-errezitaldia-tx

Rosalia Fernandez Rial (Carballo, 1988). Filosogia lizentziatua eta Hizkuntza, Literatura eta Adierazpen Dramatikoan doktore. Akordeoia jotzen du, antzezlea da eta batez ere idazlea. Nagusiki, poeta. Bost liburu ditu kalean: En clave de sol (2009), Átonos (2011), Vinte en escena (2012), Un mar de sensacións (2012), Ningún amante sabe conducir (2014) eta Contra-acción (2016). Zuzeneko emanaldietara moldatu ohi ditu beti bere testuak, eta diskoak ere osatu ditu bere lanekin.

 

 

I ESZENA: (AHANZTURA)

 

Inoiz

inork

ez gaitu itxaroten.

Inoiz ez dute gutaz galdetu.

Absentziaren aberrian

jo dugu hondoa;

itsasontzirik gabe,

itsasorik gabe.

Bere harea ahaztu duen

basamortu baten goragaleetara

desterratu gaituzte.

Eta, inongo ez den bihotz honetatik,

txisturik gabeko haize bat sortzen dugu.

Nomada ikusezinok

bizitoki dugun haizea.

Ezerezaren aurpegiz

estali gaituzte.

Baina…

SOILIK ETXERIK GABEKOOK

IKUS DITZAKEGU IZARRAK.

 

  1. ESZENA: (KALE GUZTIAK)

 

Hotz handiegia

lo egiteko

-dio zure ezpainetako izotz-puskak-.

Hotz handiegia.

Eta hiriari ez zaizkio kabitzen

gure gorputzak

bere patriketan.

Kalea

da gure dei dezakegun leku bakarra.

Baina ez dardararik egin, maitea.

Eraikinak zuhaitzak dira

eta ume nekropoliak dituzte,

flotatzen ez duten ozeanoetan

itotako irlak.

“Haiek”

asfalto bertikaleko zulo bat daukate,

argirik gabeko leiho bat

gauaren barrunbeetan.

Eta guk?

Guk, kale guztiak.

 

 

VII. ESZENA: (KALE KANTOIA)

 

Gauez egiten ditudan

kale kantoiak

hiriaren proak dira.

Ni, maskaroirik ederrena.

Sirena ezpalekoa naiz;

nire kantak

haize-arrosak fumatzen ditu

papar-hegal ezezagunetan.

Jada desorientatuak.

Eta ezpainetan ditudan arrainek

ezagun dituzte

aldirietako zulo guztiak.

Zeren eta ilunabarrero,

iparrik gabeko itsasontzi gehiegi

atrakatzen baitzaizkit bizkarrean.

Ozeanozko dantzan

mugitzen naizela diote;

ipar-haizearen bertigoarekin muxukatzen dudala.

Ulertzen dute maitasuna

fabrikatzeagatik kobratzea.

Baino inork ez daki

zenbat piratarekin

oheratu behar dudan

lotara joan ahal aurretik.

 

 

 

HIRIGUNEAREN AMAIERA

 

Asfaltoaren azalean

idazten ditu kaleak

bereizten gaituzten zauriak.

Lerro artean;

Koka arrastoak

nire autotik

zure oheraino.

Azeleratzen naute,

zentzua harrapatzen didate,

faroak pizten dituzte nire baitan.

Eta ni motorrean zamalka,

trostan egiten ditut

gure hanka, hortz

ezpain, oihu,

ukimen!

urakanera iritsi arteraino

geratzen diren kilometroak.

Zauriak elkar larrutuz soilik

zarratu ahal bagenitu bezala.

 

 

ZUBI MUGIKORRA

 

Ibaiaren beste aldetik,

zure perfila

orban bat litzateke

ostertzean:

argi absentzia

minuskuloa

muga zerutiar artean.

Ni beste ertzean banengo,

nire erdiko hatza bestekoa zinateke.

Bihotza,

nire hatza bestekoa.

Orduan, izango nuke azazkalen ertzaz

zurekin jolasterik,

edo baita zu zapaltzea ere,

hatz mamia desbideratu,

eta nire hatz marken

itzal huts bilakatuz.

Baina…

alde berean gaude,

aldameneko

bihotz,

eta ez naiz gai

ibaia gurutzatzeko

zu gabe.

 

 

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.